G asteizko parlamentuan, kultura (?) sailburuak, EITBko zuzendari nagusiak lagunduta, bi datu oso esanguratsu plazaratu zituen, biak EITBren apustu estrategikoarekin lotura zutenak. Lehenak Jaurlaritzari EITBk dion axolaren neurria zehaztu egin zuen: iaz baino %8,4 gutxiago. Bigarrena, berriz, programa kontratu berririk ez duela egingo; hain zuzen ere, komunikabide publikoari eta sektoreari hiruzpalau urterako egonkortasuna bermatu zezakeena. Beste atal batean ere, langile taldearen murrizketarako asmoa berretsi zuen, 140 inguru erretiro aurreratuen bitartez.
Aspalditxo genuen kezka izugarri puztu du albisteak, eta tamainako erantzuna eta jarrera eskatuko digu (bertan) urte mordoa lanean dihardugun langileoi, euskal komunikabide publikoa defendatzen jarraitzeko. Halere, eta gai hau eta errotzen ari diren beste asko behar diren foroetan aztertu aurretik (sail sindikalak, batzarrak, langile batzordeak...), dagoeneko hiru gogoeta plazaratu nahi ditu EITBko LABek.
Mugimendu horiek inprobisazioa edota ezintasunaren ondorio dira? Beste era batera galdetuta, programa kontratua edukita ere, zuzendaritza hau gai izango ote zen aurrera eramateko, diru kontuak aparte utzita?
Bestela, aurretik diseinatutako estrategia bati erantzuten al diote? Hau da, azken helburua ez ote da EITB minimoetan utzi, bakarrik kudeatzailez osaturik, gainontzeko lan guztiak azpikontratatuz?
Mugimendu inprobisatuak zein estrategikoak izanda ere, EITBren egoerari erantzuten al diote soilik, ala zerbitzu publiko guztiei egiten zaien eraso baten barruan ere kokatzen al dira? Hau da, krisialdiaren aitzakia erabiltzen da administrazio publiko guztiak husteko eta kudeaketa pribatua bultzatzeko?
Galderak ez dira inuzenteak, eta, akaso, ez dute erantzun bakarra izango. Izan ere, ez dakigu nork duen lema, ez EITBn, ez Jaurlaritzan, ez eta Estatuko gobernuan ere, inprobisazioaz edo estrategiaz hitz egiten ari garen jakiteko. (Horietako edozein eszenatoki, halere, ukatzeko modukoa).
Amaitzeko, beste galdera bat bota genezake, hau da, hainbeste kostatu zaigun langile talde estrukturala zehaztea eta defendatzea, besterik gabe husten utzi behar al diegu? Zuzendaritzak proposamena «kontsentsuatu» nahi duela esan omen du, eta, hain zuzen ere, joan den astean, aspaldi adostuta zegoen ETBko lan poltsa ez sinatzeko aitzakia nahiko kontsentsurik ez zegoen aitzakia jarri zuen (sindikatuen %93 «soilik»). Hala bada, langile taldea husteko ere ez du kontsentsurik edukiko, LABek ez baitu onartuko.
Artikulu hau honako hauek sinatzen dute: Jon Otegi, Jabi Estebanez, Arritxu Iribar, Edu Lorza, Andoni Basabe, Rafa Ramos, Joxe Mari Apaolaza, Segis Gonzalez, Juantxo Arozena, Joxe Mari Isasti, Jasone Agirre, Urko Artano, Rafa Noya, Txema Ibarburu, Luis Mari Alonso, Iñaki Otegi.
EITB, ezintasuna eta utzikeria, estrategia... ala denak nahastuta?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu