Ekonomiaren gorabeherak direla eta, arduratsu dabil ingurua. Ez du inork asmatzen, eta, gauzek okerrera egingo dutelakoan oraindik, zalantza eta beldurraren pean gaude guztiok. Nahinon entzuten da gauza bera. Egoera latza eta irtenbide eskasa. Gainditzeko, arazoen oinarrietara joatea dagokigu. Eta hantxe, geure balioetan aurkitu behar erantzuna. Ez dugu prebisio onik izan, eta akatsak zuzentzea erraza ez bada izango ere, geure irudimena areagotuz lanari ekitea dugu irtenbiderik egokiena. Lanari diot, ahal duenak eta gai denak. Baina bada holakoetarako esaldi esanguratsu bat Arratian, «ekine baragarrie dok!».
Eta halaxe da, bizitza bera ere ez ote ba baragarria, edo barregarria? «Gosea eta gaixoa baragarriek dozak», dino esaerak; beraz, bereari ekiten dionak etorkizun sendoa du, ekiten duen gizakiak eta ekiten duen herriak etorkizuna bere gain du. Ekiten-ekiten ibili izan gara, eta gaur, gurean, arlo askotan eta ikuspegi askotatik, atzo baino hobetoxeago gaude, zertan esanik ez. Herri esamoldeari kasu eginez, argi dago edozein akatsi aurre egiteko sinestean eta ekitean dagoela gakoa.
Begi bistakoa da ekonomiaren gaietan ez dela haize freskorik arnasten aspaldion bazterretan. Argi da guztiok pairatzen ari garen une ekonomiko gogor honek bere zamak dakarzkigula. Baina, gogoan dut arratiar ezagun batek behin esan zidana: «Beitiok, hemen bereari gogor ekiten dautsanak burutzen jauk! Hau halaxe izan dok, eta halaxe izango dok». Beraz, egonak balio ez duenez, ekinak ezina du burutuko.
Herri esaerak izatasuna eta egonkortasuna du, eta garai zailetan ekonomialari adituek krisi honen irtenbide argirik ikusten ez dutenean, atzera begiratzea derrigorrezkoa dugu. Zeren, Krisi hau, ekonomikoaz gain balio krisia dugu. Eta guztioi tokatuko zaigu bertatik ikastea. Holakoetan, esperientzia duen jendearengan gehiago sinistu behar, lorepontzitik erreskan atera berri diren guru berriekin baino. Betiere, herri senetik datozkigun iritziak baliagarriagoak ditugu. Eta, errezetak izatekotan, gehiago ditu esperientzia duen gizakiak letradun gizaki juppi berriak baino. Erremediorik hartzekotan, labe gorian eta lapiko barruan lanean ari direnengandik hobe, lapiko gainean bor-bor dabiltzanengandik baino.
Atzerantz bagoaz, eta historiara begiratuz, garai guztiak dira antzerakoak, goraldiak eta beheraldiak ditugu tarteka. Baikor guneak eta ezkor guneak. Eta bizitzaren joanean, dena dugu ikasgai, dena dugu berri, eta dena baliagarri. Garai honetan, zinez, egoera hausnartuz, gogoeta egitea dagokigu. Eta bakoitzaren joanean norekin joan gaitezen eta norekin ez, kontuan hartu beharko dugu! Horixe, baliorik ederrena geure ikasbidean. Ez dira denak berdinak, ez gara denok berdinak. Bidean, bultzatzen zaituztenak daude, eta beheratzen edota oztopatzen gaituztenak.
Egoera latzetan, norberarengan sinistu beharko dugu, eta bilatzekotan, bidean lagun izan dakigukeen hori bilatzea derrigorrezkoa dugu. Badira bidaide onak; badira, era berean, ezbeharrekoak ere. Baina gauden garai honetan, baikor den jendea behar dugu inguruan. Bizitza laburregia dugu erneguz eta penetan bizi izateko, eta esperantzari lotu behar gatzaizkio nahi eta nahi ez. Izan dira garai okerragoak; izan dira baita urte eta sasoi latzak ere, gure aurrekoek ondotxo dakite hori. Eta bestalde, gure herrian, aspaldiko partez itxaroten genuen argi berri bat agertu zaigu.
Agertu zaigu, edo guztion artean ekarri dugu. Eta ilusio berri honek bide erakargarrietara eraman behar gaitu. Badugu pozik egoteko motiborik. Badugu zeri ekin.
Eta joan goazen honetan, bizitza, Bittor Kapanagak ziozkun legez, ibilbidea dugu: IZ(Izan) /IN(egin) eta IL, horixe dugu guztiok. Hasieratik amaierarako tartean, geure izatea eta geure egitea dugu, eta inguruarekiko elkarkidetza. Ez beti ona, ez beti gustukoa. Baina betiere, merezi duena. Batzutan geuk aukeratzen duguna da; besteetan, bizitzak berak, aukerak —onak zein txarrak—,ematen dizkiguna.
Bizitza ilusioz eta desilusioz beterikoa dugu, garaipenez eta itomenez hornitutakoa, une pozgarriak zein mingarriak dituena. Gizakia eta herri baten ibilbidea guztiz dugu antzerakoa. Herriak bitzitzaren joanean joanengo gizakiok egiten ditugu, eta izan ere, gizaki borrokalariak eta tentelak daude, herri tematiak eta nagiak. Jaio egiten gara, baina egin ere geuk egiten dugu, geure aburuz eta inguruaren eta egoeraren zirkunstantziaz. Helburu argia duten gizaki eta herriak daude, eta helburu argi bakoak, ergelak. Ekiten dutenak daude, eta ekimena bertan behera uzten dutenak. «Ekilarie dok hori, eta burutuko jauk, hori alperrik ez dok galduko!». Halako esamoldeak barra-barra daude gurean.
Beraz, joan goaz, eta, Juantxo Astondoa Gorbeiako artzain xelebreak esango ligukeen legez, «nora joazak ba horreik?, horreik, doazen lekutik etorri be egingo dozak!». Bazen, neure herrian, oraintsu joandako beste gizaki xelebre bat ere. «Ai onak zauzie zuok, ze uste duzue ba, sopa bobajaten, Estaduen konture bizitea beti ala! Bai, majo jauk!».
Ba horixe, hemen argi jagok. «Sopa boba» jan edo ez jan, «egurginaren lapikotxetik abadearen lapikotera» pasatu izan garela. Eta orain, gauzak urritzen-urritzen hasi diren honetan, bakoitzak bereari ekin behar. Arratiarron arabera, «orain arte be ekin jeutsaguk, eta hemendik aurrera be ekin beharko jeutsaguk! Badakik, ekine baragarrie dok, eta burua argi dabilenak eta gogoa daukanak burutuko jauk! Ingoetxoaguk ba! Horixe baietz!».
Ekine baragarrie dok!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu