Ekonomiaz ari garenean, utzi demokraziak alde batera, arren

Ana Etxarte Asier Vega
2011ko azaroaren 5a
00:00
Entzun
Artikulu honen asmoa ez da inondik inora Greziako lehen ministroa defendatzea EBrekin hitzartutako erreskatea balioesteko erreferendumera deitu izanagatik. Aitzitik, gero eta hegemonikoagoa bihurtu den shock-aren doktrina, bere herrian bertan inongo gupidarik gabe ezarri duela uste dugu. Hala, erabat arbuiatzen dugu onartu den politika ortodoxoa; gizarteak errefusatu arren, murrizketa sozial drakoniarrak, pribatizazioak, desregulazioak eta protestak bortizki erreprimitzea babesten dituenak, hain zuzen. Milton Friedman, neoliberalismo basatiaren aitak disimulurik gabe esango lukeen bezala, «Lan bikaina, Yorgos», erredundantea izanik ere.

Asmoa ez da ere iragarpen hau momenturik egokienean heldu den ala ez baloratzea; ezta erreferenduma murrizketak heldu aurretik egitea eraginkorragoa izango zela esatea; ezta Greziako herriak bere politika ekonomikoari buruz eta horren ondorioz sortutako egoeraren ardura nori egokitu behar zaion erabakitzeko ahalmena beti —lehen, orain eta etorkizunean- izan behar duen ere. Jakina hala dela. Izan ere, herriek erabakitzeko ahalmena izan behar dute momentu oro, edo hala beharko litzateke edozein sistema demokratikoren baitan —egungo errealitatearekin zerikusirik ez duena—.

Dena den, une honetan erreferendum bat egitearen egokitasuna eta bideragarritasuna, aditzera eman den moduan, momenturik egokiena izatearen araberakoa al da? Norentzat da egokia? Ez al dute greziarrek—atzo, gaur eta bihar— presio talde batzuek merkatuekin bat eginda aurrez erabaki duten zerbait errefusatzeko edo balioesteko eskubidea? Gure erantzuna argia da; testuingurua eta egoera edozein direla ere, herri batek beti izan behar du erabakitzeko subiranotasuna. Lehenago egin izan balitz hobe, baina oraingoan ere, ondo da.

Eta hortxe dago koska. Lerro hauetan salatu nahi duguna, egun pairatzen dugun demokrazia gabezia handia da, statu quo-ak txalotzen duen hori, hain zuzen ere. Zoritxarrez, demokrazia liberalaren nora ezerako bidaian murgilduta gaude, non herritarrok gero eta ahalmen txikiagoa dugun geure egunerokotasunean eragina duten erabakietan parte hartzeko. Orokorrean hala jokatzen bada, ekonomiari dagokionez orduan, zuzenean diktaduraz ari gara. Badirudi kasta buruzagiek hala agintzen dietela herritarrei, umeak izango balira bezala: «Ekonomiaren alorrean hobe da nagusiek erabakitzea, geu baikara honetan adituak…».

Horregatik, erreferenduma egiteak poztu besterik ez gaitu egiten —haren justifikazioa alde batera utzita eta lehenago egitea eraginkorragoa izango zela uste badugu ere—, eta, era berean, instituzio zein alderdi politikoen izaera mehatxari, mafioso, iskanbilatsu eta diktatoriala salatu nahi dugu, bai sozial-liberalena zein eskuin-eskuinekoena ere. Ez da ezer berririk zerupean, Espainiako Erresuman gauza bera gertatu izan baitzen iraganeko udan, defizitaren mugaren erreforma konstituzionala itzalean onartu zenean (honetarako bada zilegi konstituzioa aldatzea). Laburbilduz, sistemaren mezua argia da: ekonomia, merkatuentzat; demokrazia, lau urtean behin merkatuek agintzen dutena balioesteko.

Erabakiak hartzeko logika bertikal eta pribatizatzaile honen aurka, demokrazia erradikalaren alde egin behar dugu, eta Grezian erreferendumera deitzearen alde agertzen gara, emaitza ezezkoa izateko nahiarekin, onartutako aurre-hitzarmenak errefusatuko dituena. Eta erreferendumari bai eta aurre-hitzarmenari ez esaten diogu honako arrazoi hauengatik:

Lehenik, pedagogia politikoagatik, ekonomia herrien subiranotasunaren menpean jartzeko beharrizanarengatik, eta ez alderantziz, orain gertatzen den lez.

Bestetik, Grezian erabili izan den logika —eta aurre-hitzarmen hau kate maila berri bat besterik ez izatearena— desegokia, inkoherentea eta herriaren aurkakoa dela ulertzen dugulako. Etengabeko erreskatearen eta murrizketa sozialen dinamikak Grezia kale itsu batera bultzatzen du, eta bankuen zein finantza-eragile handien interesak besterik ez du babesten; bestela, zorraren merkatuetan eta CDS-an izugarrizko galerak pairatzeko arriskuan egongo zirenak. Ez dira Greziaren interesak lehenesten, merkatuen irensteko nahia baizik.

Hirugarrenik, oraintxe bertan jarraitu daitekeen estrategia bideragarri bakarra Greziaren porrota dela uste dugulako. Horrek zorra bere osotasunean berriz negoziatzeko aukera eman dezake, —zilegitzat jotzen ezdenaren berrikustea eta ez ordaintzea sartuta—, eraldaketa sozialari bide berria irekitzeko aukera errealari heltzeko, finantza sistemaren zamaren menpekotasun iraunkorrik gabe.

Azkenik, egungo arazoak benetan konpondu nahi baditugu, eztabaidaren erroetara jo behar dela uste dugulako: finantza-merkatua erregulatu; espekulazioa eragotzi; Alemaniaren superabit estrukturalak, hobekuntza sozialik eta politika hedakorrik gabekoak, legez deuseztatzea; aurrekontu eta fiskalizazioan politika bateratuak jarraituko dituen Europa bat eraikitzea, eskubideetan oinarrituko dena eta ez interesetan.

Demokrazia ekonomian eta edonon; merkatuei aurre eginez, herriaren boterea!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.