Emakume akademikoei aitormena

Jone Miren Hernandez Garcia.
2011ko azaroaren 12a
00:00
Entzun
Urriak 21. Udazkeneko egun argitsua da. Goizeko hamaikak izan arren, Gipuzkoako kanpusa lasai dago. Ostirala da eta biharamuna nabaria da. Halere, Carlos Santamaria zentro berrira hurbiltzen ari den jendeak pozik dirudi. Bezperan jasotako berriaren arrastoak nonahi topatzen dira, egunkarietako azaletan nahiz jendearen aurpegietan. Datorkigun aro berriaren ilusioak, beraz, Marilyn Sthrathern antropologo britainiarra Euskal Herriko Unibertsitateak Honoris Causa doktorea izendatzearekin bat egin du. Ekitaldiak ez du lortuko oihartzun berezirik euskal gizartean, baina gutxienean bertako gizarte antropologiarentzako mugarri bat izan da. Kontuan badugu antropologiak azken hamarkadetan euskal kulturaren azterketetan izan duen eragina, egokia dirudi lerro batzuk eskaintzea Honoris Causaren ospakizunean agerian geratu ziren hainbat alderdiri.

Berez horrelako ekitaldiek aitortza bat adierazten dute. Formala, zurruna, protokoloduna. Gehienetan modu norbanakoan ulertzen da aitortza mota hau. Titulua jasotzen duenarentzat dira ohoreak eta laudorioak. Oraingo honetan, Marilyn Sthrathernen kasuan, argi dago merezimendurik ez zaiola falta. Halere, ospakizuna bera, zeremonia eta horra iristeko izandako prozesu luzea barrutik bizi ondoren, beste era bateko interpretazio bat posible dela pentsatzen dut.

Hasteko, ekitaldiak antropologiaren gaurkotasunaz ohartarazteko balio izan zuen. Strathernek egindako diskurtsoan horren adibidea jarri zuen. Aurtengo urrian bertan Nuffield Council on Bioethics batzordeak txosten bat argitaratu du, Erresuma Batuan gorputzeko hainbat atal emateari buruzkoa (transplanteak egiteko organoei buruz, odola, hezurrak, gametoak, eta abar eta abar). Gai hori lantzeko, hainbat diziplinatako kidekin ikerketa talde bat osatu zen, eta bertan ikuspegi oso ezberdinak bildu: transplanteak eta bihotz kirurgia, zuzenbidea, bioetika, psikologia, historia, ugalkortasun zerbitzuak, biobankuak, zientzien filosofia eta horiekin batera Strathern bera eta beste antropologo bat. Horrelako gai baten aurrean antropologiaren zeregina zein izan daitekeen ikustea zaila dirudi, baina hara non, Strathernek berak esanda, euren ekarpen antropologikoa lantaldean bereziki estimatua izan omen zen. Zergatik? Gizarte antropologiak berezkoak dituen hainbat ezaugarri mantentzen jakin izan duelako. Esate baterako, konplexutasunari aurre egiteko ohitura eta batez ere antropologiak jendearen «egunerokotasunean» txertatzeko duen abilezia. Antropologoa, han eta hemen, Euskal Herrian, Britainia Handian edo Papua Ginea Berrian beti jende artean dago. Hori da haren zeregina eta haren formula bakarra aipatutako konplexutasunari aurre egiteko. Jendartean bakarrik, denbora luzez ikusten, entzuten eta hitz egiten aritu ondoren eskuratu ahal dira konplexutasuna deszifratzen hasteko beharrezkoak diren gakoak. Birtualitatearen garaian ere antropologia beharrezkoa dugu.

Strathernen izendapena antropologia feministak azken hamarkadetan egindako ibilbidearen aitortza ere izan dela uste dut. Ez bakarrik omendua antropologiaren korronte honetako aitzindari eta erreferente delako, baizik ekitaldian parte hartu zuten hainbat akademikok teoria feminista horren oinordetza jaso dutelako eta egun gure unibertsitate publikoan ezagupen hori zabaltzen eta hedatzen ari direlako. Strathernek berak eta Teresa del Vallek —ekitaldi horretan amabitxi funtzioak bete zituen— belaunaldi bat ordezkatzen dute, eszeptizismo eta kritika gogor askori aurre eginez genero ikerketak eta teoria feminista ezartzen eta bultzatzen saiatu ziren horiek osatutakoa. Strathernek berak gogorarazi zigun bezala, laurogeita hamargarren hamarkadatik aurrera bakarrik esan dezakegu serioski onartzen hasten dela genero kontzeptua. Aurretik egindako ahaleginei esker ondoren etorri garenok horren fruituak jaso ahal izan ditugu eta, orain, gure ardura da kateari jarraitzea: erronka intelektualei segida emanez, emaitzak gizarteratzen eta gizarte bidezkoago baten alde eginez. Bitartean, hor ditugu Strathern bezalako ereduak. Haiei esker esan daiteke azken hamarkadetan genero ikerketak gizarte antropologiak garatu duen lan ildo berritzaileen artean daudela. Marjinetatik sortutako ezagupenari eta esperientziari ere aitorpena.

Azkenik, aipatzen ari garen ekitaldi honek beste alderdi bat ere ekarri zidan gogora. Iaz ehun urte bete ziren Estatuko emakumeak unibertsitateetan sartzeko eskubidea lortu zutela. Mende bat asko edo gutxi izan daiteke, nondik begiratzen zaion. Egun hirurogeita hamar urte inguruan dabiltzan hainbat emakume akademiko eta ikerlari, Strathern bera, aitortzak jasotzen ari dira, baina inpresioa dut haren lana oraindik bigarren edo hirugarren maila batean ote dagoen. Unibertsitatean, eta orokorrean zientziaren munduan, emakumeek duten presentzia ikusita, iruditzen zait haien balioa ez dela behar bezala aintzat hartzen. Zergatik? Ziur asko egun, oraindik, ardura eta botereei loturiko postuak gizonezkoen eskuetan daudelako. Eta, noski, (botere) eremu horiek dira azken finean nori noiz zer aitortu behar zaion erabakitzen dutenak. Botere eta ardura sare horiek gizonezkoek kudeatzen dituzte nagusiki, eta arrazoi kontziente edo inkontzienteak izanda, inertziari jarraitzeko ohitura dute. Eta inertziak, gehienetan, ez du emakumeen alde egiten. Horregatik iruditzen zait pozgarria oraingo honetan unibertsitate publikoa prest agertu izana, ohikoak diren inertziak alde batera uzteko. Marilyn Stranthernen izendapenak hori ere utzi digu. Aitorpena, beharrezkoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.