Krisialdi ekonomikoaz edota finantza sistemaren eztandaz hitz egiteko ohitura hedatua dago, benetan bizi duguna zibilizazio krisia denean. Indarrean dagoen sistemaren oinarriei —sozial, ekologiko, klimatiko, elikadura, genero zein ekonomikoei— kalte egiten dieten krisia da, beraz. Gainera, ez zen 2007an jaio, urte hartan eztanda egin zuen baizik, askoz lehenago sortu bazen ere. Hala, zuhaitza, ematen duenaren itzalarekin nahastu egiten dugu. Finantzen aferek krisi anitz estaltzen dituzte, munduko biztanleen erdiak bizi duen etengabeko krisia bereziki, emakumeena.
Onartezina da krisiaren gaineko diagnosiek emakumeek pairatzen duten prekarietatea, zapalkuntza eta menpekotasunaren aurrean ageri duten itsukeria, eta nola diagnosi horien arabera hartzen diren neurriek ez duten emakumeen gaineko eragina aztertzen, ezta lehenesten ere. Horren guztiaren emaitza da gure krisia ez dela krisia, eta, horren ondorioz, menpekotasun logikak esponentzialki areagotzen dira.
Bereziki adierazgarria da ugalketa eta zaintza lanekiko mespretxua eta ikusezin bihurtzeko joera, ia oso-osorik emakumeek egindako lanak. Ez dezagun geure burua engainatu, ekonomia ospetsua — erreala zein finantzarioa— izozmendiaren punta da, ugalketa lanean oinarritzen dena eta, desagertzekotan, sistema osoa hondoratuko lukeena. Argi eta garbi esan behar dugu, emakumeok bizitza eta planeta daramagu gure sorbalden gainean; merkatua eta ekonomia ofiziala existitzen badira, ugalketa lanari esker besterik ez da; noski, lan ordaindu gabea edo prekarioa.
Baina horrela izan arren, lan horri balioa eman beharrean, baztertu egiten da krisi errealaren parte izango ez balitz bezala. Hala, logika honetan sakontzen duten erabakiak hartzen ari dira. Salatu behar dugu krisiaren aitzakiarekin eta eskubide murrizketen bitartez, etxean giltzapetu nahi gaituztela berriz, norberaren etxebizitzan zein hurkoarenean, baina gero eta baldintza prekarioagoetan.
Horren froga argiak dira Menpekotasun Legean ezarritako murrizketak, sorreratik guztiz eskasa zen legea, eta inondik inora zaintza zein ardura partekatuaren aitorpen soziala konpondu ez zuena —kasu askotan, emakumeak etxeko lanetan iraunarazi zituen eta ezkutuko enplegua sustatu, eskubiderik gabeko lanetarako emakume etorkinak kontratatuz—. Baina, gutxienez, argitara eman zuen lan horien errealitatea eta garrantzia, esan dugunez, emakumeek eginikoak.
Baina legea hobetu beharrean eta emakumeek historian pairatu duten zapalkuntzaren eta menpekotasunaren aitorpenean aurrera egin beharrean, eskumak krisiaren aitzakian proposatzen duen gauza bakarra eginiko urrats tipiak kolpe batez deuseztatzea da. Hala iragarri zigun PPk duela hilabete batzuk: «Menpekotasun Legea ez da bideragarria, eta ahal dena egingo da». Eta ahal dena, dirudienez, murrizketak dira, eskubideak murriztean eta lan baldintzak okertzean datza, gero eta kontserbadoreagoa eta emakumeekin zapaltzaileagoa den sistema patriarkala indartuz.
Modu honetan adierazi digu Raxoiren gobernuak; lehenengo eta behin, autonomia erkidegoek askatasuna dutela aurretik jasotzen zen laguntza ekonomikoa, gutxienez, %15 murrizteko, batez beste ematen zen 400 euroko kopurua gehiegikeria izango balitz bezala. Bigarrenik, pertsona zaintzaileak, emakumeak batik bat, ez diote Segurantza Sozialari kotizatuko, berriro ere bigarren mailako lana bihurtuta; hirugarrenik, emakume zaintzaileak menpekotasuna duten pertsonekin bizi beharko dute laguntzak jaso ahal izateko, emakumea etxean beste inon baino hobeto dago. Eta laugarrenik, azken lotsagabekeria, laguntza eskaerak izapidetzeko gehienezko tartea sei hilabetetik bi urtera luzatzea onartu dute. Bai, bi urte. Adar jotzea dirudi baina, tamalez, benetako neurria da. Bankuentzat guztia, ekonomikoa produktiboarentzat gutxi, eta zaintza lanentzat ezertxo ere ez. Emakumeentzat, aldiz, logika patriarkal higuingarrienak.
Gobernuak lotsagabekeriaz dio mota honetako neurriek lanpostuak sortuko dituztela, familiek, emakumeek hobe esanda, zerbitzu horiek kontratatuko dituztelakoan. Lumpen enplegua noski.
Ez al dira erakunde publikoak menpekotasun kasuetan eskubideak bermatu behar dituztenak? Errudunentzat erreskate eskuzabalak daude, baina pertsona errugabeon eskubideak urratzen direla argi eta garbi erakusten dute. Ardura publikoak pribatizatzen dituzte, eta emakumeok gaur egun daramagun zama are astunagoa egiten dute.
Nahikoa da. Horregatik mobilizaziorako deia egiten dugu, sindikatuek, alderdi politikoek eta eragile sozialek aurre egin behar dietelako murrizketei. Lotsagarria da ikustea nola kapitalismoaren eta patriarkatuaren betiereko aliantza areagotzen den, emakumeak etengabeko krisialdira zigortuz, bazterkeria eta indarkeria gure gorputzen, erabakien, beharren, nahien eta, oro har, gure bizitzen gaineko kontrolari eusteko.
Gure bizitzak beste ezeren gainetik, murrizketarik ez menpekotasunean, kapitalismoari eta patriarkatuari ez.
Emakumeak etengabeko krisian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu