Emakumeok zelai debekatura jauzi!

Joana Aurrekoetxea Maite Kortes Ana Txurruka
2012ko ekainaren 20a
00:00
Entzun
Ekainaren 23a egun garrantzitsua dugu Euskal Herrian: Euskal Selekzioaren ofizialtasunaren eta euskaraz bizitzeko gogo eta beharraren aldeko egun osoko ospakizuna eta futbol partida izango baititugu Donostiako Amara Berri auzoan. Egun osoko jaia eta aldarria izango dugu bertan, kirolaren alorrean ere herri bat garela irudikatuz eta munduaren aurrean sentitzen garen bezala azalduz.

Baina aldarri horietatik harago, ekitaldi horrek badu bereziago egiten duen ezaugarritzea: urteetan eta egun ere emakumeok galarazia izan dugun kirola egiteko eskubidearen eta orokorrean kirolaren munduaren hormaren erauzketaren beharra agerian utziko dugulako, bai futbolean arituko diren Euskal Selekzioko eta Eslovakiako neskek zein lanean eta festan arituko garen herritarrok ere.

Izan ere, nor ez du txunditu emakumeek zelaira jauzi egingo duten berriak, tradizioz gizonena eta funtsean gizonentzat den jardueran?

Eta tradizioez hitz egiten dugu, mendebaldeko jendarte patriarkaletan arrazoi kulturaletan oinarrituta bereizkeria egoera ugari transmititu baitira urteetan genero-rol eta estereotipoen bidez. Kirola oso adibide argia dugu horren gaineko kontzientzia hartzeko: zientzia eta medikuntza ofizialak emakumeak eta gizonak fisikoki zein psikologikoki ezberdinak garela sinetsarazirik ideia eta egia hori naturalizatu eta birproduzitu dugun arren, argi asko ikusi eta frogatu ahal izan baitugu sexuak eta gorputzak askotarikoak direla eta, hein handi-handi batean, kulturalki eraikitzen ditugula.

Ezberdintasunen arrazoia dela medio —arau sozial eta kulturala—, kasik jaio baino lehenagotik ere, kirolean aritzeko zaletasunak, desioak, aukerak, denbora, espezialitateak eta abar egokitzen zaizkigu, neska ala mutil, sortu eta eraikiko gaituzten moduaren arabera. Horrela, eskolan kirol bat ala bestea aukeratuko dugu, jolas-garaian espazio zabalean ala izkina batean jolastu eta mugituko gara, komunikabide eta jendarteratze eragile ezberdinek salduriko emakume eta gizon eredu estereotipatuak errepikatuko ditugu, kirol eredu nagusi gisa gizonezkoen eliteko futbola barneratuko dugu, eta, ikasketetan estu ibiliz gero, kirola sakrifikatu ala ez erabakiko dugu gure exijentziaren arabera —neska ala mutil izan ez baititugu berdin bizi exijentziak—.

Ukaezina da, beraz, kirola egiten hasteko aukerak eta baldintzak ezberdinak direla, eta bide horretan zailtasun ugarirekin topatuko garela gerora ere: neskek, batez bestez, 14 urterekin uzten diote kirola egiteari. Eskolako egiturak kirolerako prestatuak ez izanik, modu bakarra klub federatuetan aritzea izango da, baina baliabide urritasunagatik edota borondate faltagatik, gaitasun onenak dituzten neska-mutilak hartu eta errendimendu kirolera bideratuko dira; lehentasuna, nola ez, mutilek izanik. Eliteko kirolaz hitz egiten badugu, zer esanik ez, emakumeok jokoz kanpo kokatzen gaituen joko-zelaian lehiatu beharko baitugu kirolari eta jokalari gisa onartzen ez gaituen egituraren kontra.

Egun handi honetan, bada, zabal dezagun kirolaren kontzeptua, zabal diezaiogun kirolaren esparruko irudimena gorputz, profil, adin, zaletasun eta estilo guztiei. Irudika dezagun kulturalki garatuz doan herria; tradizioa bereizkeria edota zapalkuntza klabeetan onartu ez, eta aldaketarako bidean baldintzak eta konpromisoak hartuz joango dena.

Kirolaren kultura androzentriko eta kapitalista gaindituz, emakumeok kirolaz gozatu! Zorionak!

Testu honekin honako taldeek egin dute bat: AMB-BEA, MDMA, Medeak, Potxuak Martxan, EHBF, Ondarroako Andra Banda Feminista, Ondarroako Emakumeen Udal Berdintasun Kontseilua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.