Eragin aurrera egiteko

Arantza Sarasola Asier Imaz Garbiñe Aranburu Xabier Ugartemendia
2012ko otsailaren 4a
00:00
Entzun
Krisialdi honek zerbait erakutsi badigu, eskubideak egun bakar batean gal daitezkeela erakutsi digu, horiek hamaika ahalegin eta borrokarekin lortutakoak izan arren. Euskal langileria inposizioari eta eskubide lapurretari erantzuten ari zaio; dena dela, garaia da erresistentzia aldia gainditzen lagunduko diguten baliabideez hornitzeko eta bestelako bide bati ekiteko; geure bidea, ezarpenarekin zerikusirik ez duena, euskal jendartea, eta bereziki, Euskal Herriko langileria babestuko duena.

Aberastasuna banatzeko baliabidea izan behar da negoziazio kolektiboa. Esparru horretan alderdi sozialak eta enpresarialak dihardute norgehiagokan, baina alde bakoitzak duen indarra ez da bera Estatu mailan edo Euskal Herrian. Hemen bada eredu sindikal bat borroka egitea erabaki duena, apustu horren bidez negoziazio kolektiboan aurrerapenak lortzeko. Horri esker ditugu gurean hitzarmen eta soldata hobeagoak eta lanaldi txikiagoak, alegia, eskubide gehiago, espainiar Estatuan, bere burua itunak egitera mugatua duen eta agortua dagoen sindikalismo eredu horrek lortutakoak baino. Beraz, gure eremuan negoziazio kolektiboarekin lortutakoak ez dira «pribilegioak», patronalak dioen moduan. Pribilegioa al da euskal langileen produktibitatea batez bestekoa Europako batez bestekoaren gainetik izatea, soldaten parte hartzea BPGean 7 puntu jaitsi denean?

Hego Euskal Herrian negoziazio kolektiboaren eredua sektoreko probintzia-hitzarmenean oinarritzen da; hori da erreferentzia langileen gehiengoarentzat, gutxieneko oinarria finkatzen duelako. Abiapuntua hori izanik, enpresa-esparruan, probintzia mailako hitzarmenarekiko hobekuntzak jaso izan dira gaurdaino.

Burututako azken erreformak eta abian denak eredu honi zuzen-zuzenean erasotzen diote, bi noranzkotan: alde batetik, goitik beherako erasoa da, estatu mailako esparruaren mesedetan sektoreko probintzia-hitzarmenak edukiz husten direlako (Estatuko esparruari eskumena ematen zaio sektoreko probintzia esparruaren negoziazioari dagozkion gaiak erabakitzeko) eta, bestetik, behetik goranzko erasoa ere egiten da, enpresa esparruan egiten den negoziazioari ahalmena ematen zaiolako sektoreko probintzia-mailakoak ezarriko lukeenaren azpitik negoziatzeko (gutxieneko oinarririk gabe uzten gaitu).

Erreformak, nagusiki, bi helburu nagusi ditu:

· Euskal langileriak borrokatzeko duen gaitasuna ezabatzea, estatukoan urtuz, non bestelako eredu sindikala den nagusi, borrokatzeari bizkar eman diona.

· Sektoreko probintzia-hitzarmenak bermatzen dituen gutxienekoak indargabetzea eta enpresa esparruan gutxieneko horien azpitik negoziatzeari bide ematea.

Ondorioak galdutako eskubideetan, soldata txikiagoetan, malgutasunean eta kaleratzeetan nozituko ditugu. Gure esku dago hau guztia ekiditea. Gaur eta hemen, lor dezakegu.

Bertako esparruaren defentsa, probintzia mailako hitzarmenen defentsa egiteko beharra lan esparru osoarena da. Bateko eta besteko eskubideen alderaketa hain da agerikoa, ezen baliabide horrek (bertako esparrua) duen balioak, berez, ideologia eta sindikatuen estrategia ezberdinak gainditzen baititu. Eta, noski, garrantzia oraindik eta handiagoa izan behar du bere burua subiranistatzat daukanarentzat, negoziazio kolektiboa lan harremanen berezko esparruaren oinarrietako bat izan behar dela kontuan hartuta.

Enpresaburuak ere sartu behar dira horretan. Ulertu behar dute euskal langileei lan eta bizi baldintza gero eta kaskarragoak ezartzea ez dela konponbidea krisialditik ateratzeko, Madrildik agindutako neurri neoliberalak hemen ezartzea ez dela konponbidea. Euskal Herriko lan baldintzak hemen adostu behar ditugu. Aurkakoak hondamendira garamatza.

Ostrukarena eginez enpresa mailan egingo diren erreformen ondorioen zain egon gintezke, baina, une honetan, enpresa mailako borrokaren bidez erreformen ondorioak arin ditzakegula esatea eskubideei uko egitea da. Jadanik esparru honetan lotu diren negoziazioak horren adierazle dira. Patronalak egin dituen kaleratze mehatxuak eta erreformez egin duen erabilpenak enpresa-esparruko hitzarmenei benetako ondorioak dakarzkio.

LAB, negoziazio-esparru guztietan, esparrua blindatzearen alde ari da lanean. Negoziazio esparru propioaren babesa sektoreko probintzia-hitzarmenaren esparruan eta enpresan garatzen da (sektoreko gutxieneko oinarria bermatuz eta lan baldintzak nabarmenki hobetuz), eta Hego Euskal Herriko langile guztiak babesten ditu.

Estrategia honek baliabideak behar ditu aurrera egiteko. Horietako bat, EAEn, Lanbide arteko Akordioa lotzea izan daiteke, eta, lortzekotan, probintzia mailako sektore esparrua negoziazio-esparru osoaz eta autonomoaz gaituko litzateke, baina trukean sindikatuentzat onartezinak diren gaiak sartu gabe. LABekin negoziatu nahi duenak argi izan dezala hori. Dena dela, badira beste bide batzuk ere, LABek, prestatzen ari den proposamenarekin, langile guztiei borrokarako aukera eskaini nahi baitie. Nafarroan ere —han lanbide arteko akordiorako aukerarik ez dagoenez— esparru propioaren aldeko defentsari alternatiba eskaini behar zaio.

Inposizioaren aurkako eta gizarte eta lan eskubideen lapurreta masiboaren kontrako borroka ezinbestekoa da, gure herriak bere bidean aurrera egingo badu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.