Duela aste gutxi batzuk, hedabide batean hitz egin zuen Jose Maria Ruiz Soroa abokatu bilbotarrak, eta Euskal Herriaren sezesioaren aldeko erreferendum bat proposatu. Proposamenak harrigarria zirudien, hain zuzen ere, artikulu horretan berean, Ruiz Soroa legelariak nazionalista espainol konbentzitutzat aurkeztu baitzuen bere burua, eta, beraz, asmo nazionalista euskaldunen aurkari deliberatutzat. Harrigarria, itxuraz bakarrik. Proposamena ez da Ruiz Soroa bat-batean euskal nazionalismora bihurtu izanaren adierazgarri, baizik eta amarrubat —ustez azkarra—, hain zuzen ere, zeharo kontrakoa lortzeko: omena kentzea, zilegitasuna kentzea eta geldiaraztea nazionalista euskaldunen diskurtsoa eta eskabideak. Trikimailuak honela funtzionatzen du. Nazionalista euskaldunek demokratikoak ez izateaz akusatzen dituzte, oro har, nazionalista espainolak eta, bereziki, haien Estatua, euskaldunei eragotzi egiten dietelako Espainiatik bereizi edo ez erabaki ahal izatea. Bere burua demokratatzat izaki, Ruiz Soroa haserrearazi egiten du demokraziaren kontrako izateaz akusa dezaten; batez ere, nazionalista euskaldunek akusatzen baldin badute, zeintzuk grina benetakoaz gutxiesten baititu. Baina, bestalde, ezin ditu muturreraino eraman bere gurari demokratikoak, eta euskaldunei bereizi edo ez erabakitzen utzi. Espainiaren batasuna dago ororen gainetik. Nola konpondu halako dilema (Ruiz Soroaren dilema)? Ezarrita erreferendum bat, gehiengo oso kualifikatuak (3/5) eskatuko dituena bereizketaren alde, eta, gainera, probintzia guztietan. Nazionalista euskaldunek, jakina, Soroaren ustez ondotxo baitakite ezinezkoa dela halako emaitzak lortzea, baztertu egingo dute erreferenduma. Horrexek dakar emaitza perfektua. Aurrerantzean, nazionalista euskaldunek ezingo diete demokraziaren kontrako izatea leporatu espainolei (nazionalista euskaldunak berak daude erreferendumaren kontra!). Eta, bestalde, osorik geratzen da Espainiaren batasuna. Batasuna eta irizpide demokratikoak. Hara!
Trikimailua ezaguna da, eta sinpleegia. Gogora ekartzen du Stalinen teoria eta praktika, Sobietar Batasunari «erantsitako» nazioen autodeterminazioari buruzkoa. Jakina —zioen Stalinek—, badute autodeterminaziorako eta batasunetik bereizteko eskubidea. Bai horixe. Baina nik (Stalinek) erabakitzen dut zer baldintza orokor bete behar diren eskubide hori baliatzeko, eta nik (Stalinek) erabakitzen dut baldintza horiek betetzen diren praktikan, autodeterminazioa nahi duen nazio jakin horretan. Emaitza: ez zen ematen autodeterminazio eskubidea baliatzeko ahalmenik, Sobietar Gobernuak (alegia, Stalinek) erabakitzen zuelako —hori da zoritxarra!— ez zirela betetzen galdegindako baldintzak. [...] Estalinismoaren adibideak urrutitik —oso-oso urrutik— ikusarazten digu Ruiz Soroaren argudioaren tranpa. Nik (edo, tira, nire Espainiako Estatuak) hainbat baldintza ezartzen ditut, Zuk (euskal herriak) eskubide bat balia dezazun. Baina ezartzen ditut halako moldez, halako betebeharrekin, non ezinezkoa edo ez desiratzeko modukoa gertatuko baitzaio halakorik baliatu nahi duen edonori. Agerikoegia da demokraziaren kontrako amarrua. Are gehiago. Ruiz Soroak asmaturiko jukutria horrek guztiak, aldi bereanespainol eta demokratiko sentiaraztekoak, ez du inolako zerikusirik demokraziarekin.
Autodeterminazio kontuari dagokionez, honela funtzionatzen dute eskakizun demokratikoek. Demokrazia dago baldin eta nazio batek ahalmena badu bere autogobernuaz erabakitzeko. Alegia, erabakitzeko autonomiari erreferentzia egiten dio demokraziak. Ez erabakiaren emaitzei. Banakoen eskubideei dagokienez, demokrazia dago baldin eta herritar bakoitzak libreki hautatu ahal badu hainbat hautetsiren artean. Bata edo bestea hautatzen duen, horrek ez dio axola demokrazia balioesteko. Autodeterminazioari dagokionez, egoera bera da. Demokrazia dago baldin eta komunitate bat, kasu honetan nazio komunitate bat, osatzen duten banako guztiek ahalmen mugagabea badute taldean erabakitzeko nolako autogobernua nahi duten. Ahalmen mugagabeak esan nahi du komunitate horretatik kanpoko inolako botere politikok —ezta bestelakok ere— ezin erabaki dezakeela komunitateak ba ote duen erabakitzeko ahalmen hori, ez eta nola eta noraino baliatu behar duen ere. Gero, ahalmen hori baliatuta, taldean erabakitzeko eskubidea baliatuta, komunitateak zehazki zer erabakitzen duen, hori ez dagokio demokraziari, baldin eta guztien oinarrizko eskubideak begiratzen badira.
Botoa emateko eskubide demokratikoa baliatzeari dagokionez, berriz, gure herritar batek botoa Basagoitiri ematea, esaterako, hori baliteke Lopezi ematea baino erabaki egokiagoa eta burutsuagoa izatea. Baina erabaki horrek ez du zerikusirik demokraziarekin. (...).
Autodeterminazio prozesuaren hasieran dago gatazka demokratikoa. Bai agintari espainolak eta bai Ruiz Soroa demokratak izango dira, eta irizpide demokratikoak ezarriko dituzte, baldin eta beren burua nazio gisa berresten uzten badiete Euskal Herriko autonomia erkidegoan bizi diren gehienei eta, ondorioz, adierazten baldin badute ahalmen osoa dutela beren autogobernuari buruz egokien deritzotena erabakitzeko. Eta demokratak izango dira baldin eta hitzematen badute errespetatu egingo dituztela hala euskal nazioak horri dagokionez hartutako erabakia nola nazio horrek berak erabaki hori hartzeko egindako arauak. Gero zer gertatuko den, gero zehazki zer erabakiko den, hori balitekedesegokia, tamalgarria edo zoragarria izatea, baina emaitzek ez dute inolako zerikusirik izango eskakizun demokratikoekin. Demokrazia dago subjektu bati, banaka nahiz taldean, ez baldin badiote eragozten modu autonomoan erabakitzen bere autogobernua, banakakoa nahiz taldekoa. Eta kito.
Esandakoak esanda ere, ez da ezer gertatzen. Halako gai demokratikoengatik kezkatzeak ohorarazi egiten du Ruiz Soroa. Baina ez du zertan gehiegi estutu ere, hainbeste gorrotatzen dituen nazionalista euskaldun horiek demokratatzat ez daukatela-eta. Ez du zertan asmatu inolako argudio amarruzkorik bere araztasun demokratikoa ezin hautsizkoa dela frogatzeko. Autodeterminazioari dagokionez, demokraziak baditu betekizun jakin batzuk —eta ez besterik—. Eta ez baldin badira betetzen —eta, egiaz, ez dira betetzen—, bada, zera. Gai horri dagokionez, ez da baliatzen demokraziarik. Baina ez dago zertan larritu. Bada kontu okerragorik.
Erreferendum sezesionista bat!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu