Erresistentzia orokorra eta antisistemikoa

2012ko martxoaren 17a
00:00
Entzun
Aurreko iritzi artikuluan Europa osoko erresistentzia globalizatzearen aldeko aldarria egin nuen. Egun, Greba Orokorraren bezperan, gure helburu propioaz hitz egitea ezinbestekotzat jotzen dut.

Alde batetik, bistan da globalizazio kapitalistak mugak jarri eta higatu dizkiela estatuen ahalmen eta gaitasunei (Greziari gertatu zaiona da adibiderik garbiena). Baina ez hori soilik; estatu modernoaren oinarriak ere ezbaian jarri dira: demokrazia, hiritartasuna, burujabetza.

Aldaketa horrek ez du, haatik, esan nahi funts estatala duen inperialismoaren desagertzea (AEB), ezta nazioarte mailako erakundeen oinarri estatala ere (NBE), edo kontinente mailan eratutakoak (EB); are gutxiago, estatu-nazioarena.

Horregatik, gure borroka ezin da izan abertzalea (ezta kosmopolita ere) soilik; herri eta langileriaren borroka solidarioan oinarrituriko borroka internazionalista baizik. Bestalde, Estatu-nazioak burujabetzari dagokionez jasan duen higadura nabarmena bada ere, bere lurraldeko herritarren bizitza baldintzetako alde garrantzitsuak determinatzen ditu, oraindik bederen. Klase borrokaren eta konfrontazio guztien borroka politiko-sozialaren funtsezko espazioa da. Horregatik, edozein prozesu eraldatzaileren muinean egon behar du auziak.

Hortik burujabetasun nazionalaren aldarria Europa sozialista eta solidario batean, Espainiako eta Frantziako langileriarekin solidarioak izanik ere. Izan ere, abiapuntu antikapitalista betetik ere, egungo egoera baino askoz egokiagoa iruditzen zaigu zazpi herrialdeko Euskal Herria zuzen eta bitartekaritzarik gabe (nazio burujabe gisa) libreki elkarturiko nazio eta herriz osaturiko Europa eko-sozialista eta federal baten parte izatea.

Helburu horiek, jakina, talka egiten dute gaur egungo Estatu Espainiar eta Frantsesarekin; baita Europa kapitalista eta eraikuntza ereduarekin ere.

Bestetik, burujabetza sozialistaren bidean, zenbait helburu ertain edo txiki lortzea oso garrantzizkoa deritzot. Hots: Kanpo zorraren ezabapena exijitu behar da. Legez kontrako zorra ordaintzeari uko egin eta kapitalaren zirkulazioari gain tasa bat jarri. Zorraren auzia ez da soilik Hirugarren Munduarekiko elkartasuna, Europa osoko garrantzi handiko gaia baizik. Finlandia da kontuan hartu beharreko adibidea.

Bere interesen kontrako edozein esku-sartze politikorekiko etsai, liberalismoak mapatik ezabatu zituen nazionalizazioak (ekoizpen, energia eta finantza sektoreak) eta, batez ere, sozializazioak. Hala ere, ez du zalantzarik eduki krisiak jotako bankuak salbatzerakoan estatuei esku hartzea exijitzeko orduan. Bada garaia bankaren sozializazioa planteatzeko eta, bide batez, finantza polo bat zerbitzu publikora zuzendua eta kontrol sozialaren pekoa eraikitzeko.

Gaur egungo fiskalitatea guztiz bidegabea da: askoz ere handiagoa da gehiengoak ordaintzen dituen zergen pisua (BEZa, zerga bereziak...), zerga zuzenena baino (errenta, sozietateen zerga eta abar...). Gainera, kapitalaren errentak duen karga (%21 gehienez) lanaren errentak duenarekin (%45era irits daiteke) alderatuz, nabarmen baxuagoa da.

Fiskalitate berria bultzatu behar da, batez ere kapitalaren errentan eta ondasunean, ekimen publikoak finantzatzeko gai izan dadin. Fiskalitate ekologikoa ere erantsi behar da, eredu energetikoaren aldaketa sustatzeko modukoa eta ingurumenaren aurkako jarduerak eta gas-igorpenak zigortuz.

Gastu militarrak edo poliziarenak gastu sozialetarako bideratu behar dira. Krisiak gerrak sor ditzan eta baztertuenen aurkako bortxakeria heda dadin ekidin behar da.

Erabiltzen ez diren etxebizitzei erabilpen soziala eman behar zaie, alokairuzko bihurtu behar dira. Horrela, ingurumenaren suntsiketa ekidin eta etxebizitza izateko eskubidea berma daiteke. Prekarietatean dauden familien kasuetan, hipoteka zorra etxebizitza galtzearekin batera ezabatu behar da.

Soldatek bizi-maila duin eta sostengarrira egokituak behar dute izan, eta lanpostuek, sozialki beharrezkoak. Eta lanorduak gutxitu behar dira: lan gutxiago egin, guztiok lan egiteko.

Oinarrizko errenta hiritarra (edo erresidentziazkoa, etorkinentzat ere) ezarri behar da, berdintasunezko hiritartasuna lortzeko bidean.

Populazio osoarentzat babes sozial duinak proposatu behar dira. Oinarrizko giza eskubideak bermatu, eta, horrela, patronalak erreserbako langabeen armada erabiltzea galarazi.

Garrantzi handia eman behar zaio ingurumenaren defentsari. Luxua ez izateaz gain, datozen belaunaldientzako bizi-baldintza egokien alde.

Kapitalismoak lurruntzen duaurrezkia, eta etorkizunaren baliabideak xahutzen ditu.

Atzerri legearen abolizioa eskatu behar da, arrazakeria eta xenofobia politiko eta sozialaren hedapenari aurre eginez.

Politika berriak ezarri behar dira benetako berdintasunera ailegatzeko, errealitate guztiak ikuskatzeko (pobrezia, biolentzia, zaintzak, soldata gabeko lanak…); horrekin batera, bai programak baita aurrekontuak ere beharrezkoak izango dira egiazko behartsuenei laguntzeko. Premiazkoa da genero rolak kanporatzea, pertsona libreen jendarte bat lortzeko.

Agendan sartu beharreko beste eztabaida bat dugu: zer ekoiztu, nola ekoiztu eta zertarako. Eta, noski, banka eta produkzio baliabide nagusien jabetzaren gaineko gogoeta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.