Eskuin muturrak, eta pixkanaka-pixkanaka bere postulatuak onartzen dituztenek esaten dutenaren kontra, pertsona migratzaile eta errefuxiatuen presentzia ez da inondik inora segurtasun faltaren igoeraren kausa, ezta langabezia eta lan prekarietatearena, osasun eta hezkuntza zerbitzu publikoen hondatzearena, edota matxismoarena ere. Erruduna bilatzeko gorantz begiratu behar da, azken hamarkadetan politika ekonomikoak ezarri dutenenganantz. Hauek orain, immigrazioa erruduntzat jotzea nahi dute, eta bide batez, lan-esku immigratzailea erabiltzea bazterketa eta legaltasun gabeko baldintzetan, lan eskubide eta eskubide politikorik gabe; XXI mendeko lan-esku esklaboa izatea, alegia.
Miloika pertsonak gerra eta miseriatik ihes egin dute eta ihes egiten jarraitzen dute; besteak beste, Europan egindako armek elikatzen dituzten gerretatik; enpresa transnazionalen politika komertzial kolonialistek sortu duten miseriatik; politika horiek eragindako gizarte desegituraketatik, meatze eta energia baliabideen lapurretatik, lur pilatzeak eragindako milaka pertsonen leku aldatzetik, ingurumenaren suntsipenetik eta indarkeria matxistatik. Horiek dira exodoaren kausak. Ondorioak berriz, Europarako bide luzean jasatzen duten heriotzak, gartzela eta tratu gizagabea. Indarkeria are gogorragoa izaten da adingabe eta emakumeen kontra, beti egoten direlako pertsonen salerosketa sareen jopuntuan eta behin helmugara iritsita, herrialde horietan dauden emakume migratzaileen gaineko estereotipoei eta diskriminazioari aurre egin behar izaten dietelako.
Europan, kolore guztietako gobernuak, errefuxiatu eta migratzeileekiko elkartasuna kriminalizatzen ari dira. Bizitzak salbatzea, laguntzea, pertsona horiei elkartasuna adieraztea, etxean hartu eta beste herrialde batean bizimodu berri bat bilatzen laguntzea delitu bihurtu da. Riace! Europako hainbat herrialdetan, solidaritatea zigortzen duten legeak onartzen ari dira.
Europako migrazio politika elementu zentrala da, duintasun balio eta prakitikekin, errespetuarekin, solidaritatearekin, inklusioa eta demokraziarekin amaitu nahi duen estrategia politikoan. Irabaziz gero, Europak galduko lituzke oraindik dauzkan libertateak eta Europako herriak erregimen autoritario itogarriak bihurtuko lirateke. Eskubide politikoak galtzean, klase herritarrak euren lan eta bizi baldintzak defendatzeko egoera txarragoan egongo lirateke. Izan ere, migratzaileen bazterketa eta jazarpena biderik azkarrena da Europan –eta munduan- bizimodu kolektibo inhumanoa ezartzeko.
Exijitu egin behar da armen salerosketa, eta Afrikan, Latinoamerikan… egiten dan baliabide naturalean indarrezko lapurretekin amaitzea. Hau da, Hegoaldeko herrialdeekin politika egoki eta zuzenak behar dira. Migrazio politiketan ere erabateko aldaketa exijitu behar da eta beren herrialdeetatik migratu nahi dutenentzako pasabide seguruak ezarri behar dira.
Gobernuek Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalean jasotzen dena bete behar dute zorrotz: pertsona migratzaile guztiak ibili ahal izango dira libre Europan zehar eta bertan bizi garenok ditugun eskubide berberak izango dituzte.
Gorroto eta diskriminazio politikak salatu eta atzera bota behar dira, eta solidaritate eta gizatasun balioak defendatu behar dira elkarbizitzarako eta Europako bizimodua horretan oinarritzeko.
Kezka hauek izango dituzte asteburu honetan Artea-Bizkaian batuko diren gizarte kolektiboek. Topaketa, hurrengo hilabeetarako jarduera-lerroak definitzeko izango da, datozen hauteskundeetan aurkeztuko direnek kontuan izatea beste erremediorik ez izateko. Gizarte libreago eta justuago defendatzeko modurik onena, aurrez aurre eta kontzesiorik gabe migratzaileen eskubide besterenezinak defendatzea da. Euren eskubideak dira eta guztionak.