Espainia markaren aktibo toxikoa

2012ko ekainaren 3a
00:00
Entzun
Espekulaziozko eredu zuzendua bultzatuz, eta, batez ere, bidegabekeria sozialean sakonduz, Bankia aferak beste behin joarazi du adagio zahar hura: «galerak sozializatu, etekinak pribatizatu». Azken helburua garbia da, bankari boteretsuenak krisialditik indartsuago eta pribilegioz josita ateratzea eta, bide batez, ahalik eta kutxa gehien fagozitatzea. Baina, nola ailegatzen da egoera batera non Osasungintzan eta Hezkuntzan izandako mozketa zorrotzek soilik finantza dezaketen banketxe bakar bateko %43ko erreskatea, gero, diru publikoarekin onbideratua, enkantean salduko dena?

Galdera horri eta beste batzuei erantzun nahian, derrigor hamabost urte atzera jo behar dugu, ohartarazpen gainean, Estatu espainiarrak beste behin adreilu eta espekulazioan oinarritutako eredua hautatu zueneko garaira. Datu bakar batek dena adierazten du: 1997tik 2005era bitarte etxebizitzen salneurria %177 igo zen, hots, soldatak baino zazpi aldiz gehiago. Gero eta kolektibo handigoek etxebizitza erosteko arazoak zituzten bitartean, bankuek, inolako zuhurtziarik gabe, eraikuntzan inbertitzeko (espekulatzeko) asmoa azaltzen zuen edonori nahi adina kreditu eman zioten. Itsasontzia jitoan zihoala jakinda ere, ildo horretatik jarraitu zuten.

Horri era txarrean politizatutako aurrezki kutxak ezbaiko proiektuetan eta obra faraonikoetan sartzen behartu zituztela gehitzen badiogu, ahuspez aurkitzen dugu «aktibo toxiko» deritzaion kontzeptua, hau da, zalantza handiko kobrantza duten maileguak, higiezinekin bermatutakoak, bai, baina balantzean puztuta dagoen balore batekin, orain duen egiazko prezioarekin zerikusirik ez duena. Horren ondorioz, kutxa asko ukituta geratu dira. Bankuek promozio eta eraikuntza sektoreetan euren gain duten %60ko diru-zorroa (guztira 308.000 milioi euro) kutsatuta dagoela diote adituek.

Horien guztien paradigma Bankia izan da, batez ere Levanten zuen posizioagatik.

Arrisku egoera larriena duen entitatea litzateke, 41.785 milioi euroren aktibo toxikoekin. Espainiako Bankuak bultzatutako aurrezki kutxen suntsipen prozesuaren ondorioz, 2010. urtean estatuko laugarren finantza entitatea sortu zuten Caja Madrid, Bancaja, La Caja de Canarias, Caixa Laietana, Caja Rioja, Caja Ávila eta Caja Segoviak; aipagarria da gehienak PPren agindupeko erkidegoetakoak izatea.

Bidaiaririk gabeko aireportuak inauguratzeko paradak, sarrailaz itxitako auditorium erraldoiak eraikitzeko aukerak eta ehunka eta ehunka alderdikideentzat nahierarako postuak eman zituen Bankia hori orain hezur eta larru dago. Gutxirako balio izan du kutxen gizarte-ekintza hutsaren hurrengoraino murriztu izanak. Ez da aski izan Europako Banku Zentralak entitate pribatuei %1eko tasa finkoarekin milioi askoko maileguak luzatzea eta, egiazko ekonomiari finantzatu beharrean —hori zen behintzat helburu ofiziala—, automatikoki zor publikoan inbertitzea, %4ko interesarekin. Negozio borobil horren azpian, finantza-eredu sostengaezina dago.

Orain, espekulazioa eskotean ordaindu behar dugu. Nora begira zeuden erakunde arautzaileak (Espainiako Bankua eta CNMV) Bankiari zenbaki gorritan ez zegoela esaten utzi ziotenean? Erantzule politiko eta finantzarioak epailearen aurrean ikusiko al ditugu noizbait? Ukatuko al diete pentsio eta kalte-ordain lotsakorrak kobratzen jarraitzea? Ezta hurrik ere!

Gero pribatizatu ahal izateko —BBVA edo BSCH erosle baietz—, Espainiako Gobernuak ziztada publikoa hautatu du behin-behineko nazionalizaziorako. Bere miopian, Mariano Raxoik bi irtenbide besterik ez du ikusi: hartutakoa edo Bankiaren porrota, eta, ondorioz, domino-efektuarekin, sistema osoaren erorketa askea. Egia esanda, gauden egoeran, plantea daitezkeen proposamen guztiak bezain zitalak dira.

Bideragarriak ez diren bankuak ixteko eta geratzen direnak birkapitalizatzeko apustua egiten duten ahotsak badira (OECD barne). Hori izango liteke bideetako bat, baina gertatzen dena hauxe da: Gordailuak Bermatzeko Funtsean 5.723 milioi euro besterik ez dagoela eta, beraz, ezer gutxi egin daiteke bezero bakoitzari legez bermatzen den 100.000 euroko kalte-ordainari aurre egiteko. Ideia bat egitearren: bakarrik Bankiak 150.000 milioi euro ditu gordailuetan.

Islandiak hartu duen bidea ikus daiteke: sistema osoa hondoratzen utzi, erantzukizunak xahutu eta hutsetik abiatu. Baina, kontuz, ez dugu ahaztu behar biztanle askok beraien bizitza osoko aurrezkiak arriskurik gabeko produktuetan zeuzkatenak galdu egin zutela. Finean, zientzia-fikzioa. Europako Batasunak lagako ez zuenez gain (gutxienez eurotik at egotea ekarriko luke), ziur PP edozein lorpen sozial murriztera ausartuko litzatekeela sistema neoliberalaren funtsezko oinarri garrantzizkoena txikitzen utzi baino lehen.

Zalantzarik gabe, desiragarri litzateke Bankia, estatuaren kontrolpean dauden gainontzeko entitateekin batera, banku publiko bihurtzea. Baina, zoritxarrez, ez dut uste nahikoa izango litzatekeenik. Nire aburuz, ezinbestekoa da finantzaketa protokoloa ezartzea. Eta ez nazionalizatutako bankuei soilik, baizik eta sistema orori derrigortu behar zaio enpresa eta familiei kreditu-isurketa bermatzea. Gauza bera Euskal Herrian ere. Adibidez, luze mintza gaitezke Kutxabanken inguruan osatutako fusio-prozesuaz.

Dena den, argi dagoen gauza bakarra hauxe da: euskaldunok ere, kupoaren bitartez, Bankiaren hutsak ordainduko ditugula. Hemengo banku eta enpresen egoera saneatuagoa bada ere, merkatu gehienek ez gaituzte bereizten. Horrela jarraituz gero, beraiekin batera joango gara abernura. Erreskatea ate-joka ari da. Izan ere, dagoeneko mundu osorako Espainiamarka aktibo toxikoaren sinonimoa da. Beraz —diskurtso subiranoa albo batera utzita ere— , huts-hutsik gure biziraupenagatik, hurbil dagoen kutsaduraren aurrean, botika hartzekotenorea heldu da. Antidotoa aurkitzea lortuko al dugu? Edo, are gehiago, ez da garaia itsasontzitik alde egiteko?

Nik bigarren aukera nahiago…
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.