Etika ta Askatasuna

2011ko abuztuaren 18a
00:00
Entzun
Barkamena behar ote dugu euskal matxinook? Noren barkamena? Errudunak ote gara? Mendeetako eztabaida da, kristauek errua ekarri zigutenez geroztik. Haien jainko autoritarioak —botere tirano baten mozorroak— arau estuak eman zituen gainean zibilizazio hau eraikitzeko. Abade kristauek hautamen askea («libre albedrío») asmatu zuten, hots, erabakitzeko askatasuna, herritarrok errudun bihurtuta errazago kontrolatzeko: askatasunak bihurtzen zaitu bekatari. Baina moralismoak funtsezko kontraesan bat du oinarrian: morala —ohituretan dauden balioak— eta etika —superniaren aginduak— gizarteak ezarriak dira, interesatuak, inola ere ez askeak. Amarru zaharra: askatasuna aldarrikatu egurra emateko. Xedea? Gure askatasuna murriztea haiena handitzeko. Etikaren aldarrikapena eta barkamen-eskaera ez dira boterearen eskaera besterik; Euskal Herriaren politikan, berriz, mendekotasuna biribildu nahirik, Euskal Herri intsumisoa suntsitzeko operazioaren azken pausoa.

Egun, mugimendu politiko handi samarren artean, espainolismo mota guztiak aldarrikatzen ari dira euskal arazoak alde etiko bat duela eta erruak garbitu behar direla. Euskal liburugile saridunen baten laguntasuna dute, jakina, erakundeek ez baitituzte sariak txiripaz banatzen. Diskurtso etikoa, inoiz baino argiago, arma politiko bat besterik ez da, baina erlijio-kutsua duenez, erraz erortzen gara segada horretan. Politika eta erlijioa nahasten direnean inkisizioa nagusitzen da. Lehenengo damutu, gero otzan izan eta azkenean agintariak maite. Eta denok konforme; zerua lurrean ez izanik, hil eta gero emango zaigu, heriotza politiko-ideologikoaren ondoren. Totalitarismoaren ohiko jukutria da: etsai politikoa heroi matxino bihur ez dadin, urkatu aurretik damua agertu behar du, jende aurrean egin ere, kausarik gabe amaitzeko. Horregatik, Euskal Herria hizpide, zilegi bekit diskurtso mota hori alboratzea. Ez dut errua etsaiarena dela aldarrikatuko, ez eta berak historian barna eragindako zapalkuntza azpimarratuko ere. Ahaztu egingo zaizkit hala isuri duen odol-erreka nola harrapaketan egindako milaka hildakoak. Aitzitik, uste dudanez gure garaiari pentsamendua sakonki eraberritzea dagokiola, abaguneaz baliatuta, diskurtso moralista errotik ukatuko dut, oinarrizko kontzeptuetatik egin ere: hautamen askea, borondate librea, eta dagokion askatasuna.

Ahalik eta errazen esanda, funtsean, arazoa honetan datza: gizakiok naturalak garen ala ez, unibertsoko edozein izaki bezalakoak, fisikoak, materialak. Horrelakoak bagara, naturaren arauen menpe gaude, zuhaitza, galaxia eta Pintxo gure txakurra bezala. Naturak ez du errua ezagutzen. Zientziaren ikuspegitik, arau naturalak kausa-ondoriozkoak izanik, gizakiaren garuna eta haren produktuak, borondatea kasu, kausaltasun naturalaren esku daude, eta beraz, erabakiak baldintzatzen dizkigute gure menekoak izan gabe. Gure kontroletik kanpoko baldintzek hertsatzen gaituzte, mundua gure borondatetik landa dago eta (Wittgenstein). Hala, hautamen askea, erabakitzeko askatasuna, entelekia hutsa da, Pintxorena eta gurea. Hona hemen hautamen askea ezdeus egiten duenaren zerrenda ireki bat: DNA, nortasuna, adimena, adina, sexua, biografia, kultura, hezkuntza, ezagutzak, sinismenak, desirak, itxaropenak, lege fisikoak, klima, baldintza politiko, ekonomiko, sozialak… NI hori guztia naiz, guztia naiz, eta beraz, ez naiz ezer. Ez dago subjekturik. Pentsatzen dut, beraz, banaiz? Inork ez du pentsatzen, pentsatu egiten da (F. Nietzsche).

Erlijio monoteistek, ordea, eta haren ondorengo arrazionalista askok, funtsean, ez dute onartzen abere hutsa garela (J. Azurmendi), ez eta Naturaren errugabetasuna ere. Haientzat jainkozko zerbait dugu, zerbait satanikoa, zerbait espirituala, naturaz gaindikoa, deitu nahi eran: arima, gogoa, gogamen, adimena… Jainkoa ez omen du ezerk baldintzatzen, eta haren antzera, baldintza materialen guztiz mendean ez gaudelarik, autonomia dugu erabakitzeko. Errudunak izan gaitezke eta gara, deabru txikiak. Geure buruaz sorrarazten diguten irudi txarra oso tresna ona da inor menderatzeko, zeure buruaz konfiantzarik ez baduzu zureak egiten baitu. Alderantziz, ikuspegi naturalista batek eramaten gaitu gure balioak gu bezain iragankorrak eta partikularrak direla ondorioztatzera, etika gorputzetik sortzen baita. Oinarrian enpatia du ondoko pertsonekiko, animalia nahiz basoekiko, euskaldunekiko. Moralistek, ostera, modu interesatu batean nahi dute haragiaren pasioak pasio abstraktuez ordezkatzea. Bortxatzen gaituzte «on» eta «txar» bihurtzeko, jainkotasuna eskatzen digute, Jehovaren umeak garenez.

Egun, arrazionalismo idealistak aterpea aurkitu uste du Zientziak mundua ikusteko eskaintzen dituen zirrikituan, ikuspegi determinista hutsaren ondoan (Erlatibitatearen teoria) irekiago bat sortu denez. Horrela, dena ez litzateke determinatuta egongo (Stephen Hawking ¿Juega Dios a los dados?), joko kosmikoan parte hartzen baitute zoriak (Fisika kuantikoa), faktore aleatorioek (kaosaren teoria) eta konplexutasunak (sistema konplexuen teoria). Hortaz, erabakiak hartzerakoan, konplexutasun horrek aukera desberdinak jartzen ditu gure garunaren aurrean. Haatik, ihesbide horiek ez diete benetako irtenbiderik ematen inkisidore idealistei. Ustezko borondate autonomoak kinka larrian jarraitzen du zoriaren edo eragile aleatorioen mendekoa izanik ere. Kontua ez da garunak aukera bat baino gehiago daukan, baizik eta askatasunez edo sistema batzuek hertsatuta aukeratzen dugun. Spinozak esan zuenez, gizakiek uste dute aske direla, ez dakitelako bere ekintzen kausak zein diren. Pintxok ere aukera desberdinen artean dihardu. Gatibu edo aske?

Gainera, egungo neurologiak zartada ederra eman dio hautamen askeari (F.J.Rubia, El fantasma de la libertad). Ikerketek erakutsi dutenez, gogamenaren eragiketa gehien-gehienak kontzientziatik landa daude. Erabakiak gehienbat inkontzientean hartzen ei dira, eta euskarri dituzten eragiketak ez ditugu kontrolatzen; alta, gure pentsamenduak erabaki kontziente baten kausatzat ditugu. Eboluzioak sortu digu kontrol kontzientearen sinesmena, Niaren fantasmagoria, gogoaren horror vacui. Guztiarekin ere, askatasuna balio handiko kontzeptua da guretzat, baina, Grezia klasikoaren eredura, esangura politiko edo zibikoa eman nahi diogu, ez moralista ez erlijiotsua. Askatasuna, mendekotasun politikorik eza. Horregatik aldarrikatzen dugu Euskal Herri askea, ez menekoa ez zilizioduna, zilizioa progre eta humanista bada ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.