Jürgen Habermas, Frankfurtekofilosofo ezaguna, Europar Batasunaren aldeko jarrera irmoagatik nabarmendu da beti. Bera izan da batasunaren aldeko mugimenduaren teorialari saiatuenetakoa. Hiritarren Europari ematen dio lehentasuna. Zuzenbide Estatuaren eta demokraziaren printzipioetan hezurmamitutako Europari, alegia. Ospetsua da, baita ere,«Konstituzioaren abertzaletasuna» defenditzeagatik.
2001ean Zergatik behar du Europak Konstituzioa? artikulu sonatua idatzi zuenean gaur baino optimistagoa zen. Izan ere, kolpe latza izan zen berarentzat (eta europazale guztiontzat) Europako Konstituzioak jasotako porrota. Ustekabean, Frantzian eta Herbehereetan ezezkoak irabazi zuen europar Konstituzioa berresteko egin ziren erreferendumetan.
Europar eraikuntzaren prozesua erabat demokratikoa izan dadin, ezinbestekoa da Konstituzio bat izatea. Txanpon bera dugu dagoeneko europarrok. Batasun ekonomikoak batasun politikoa lagundu duen bezala, espazio juridiko komun batek erraztu egingo luke identitate berri baten sorrera. Europako hiritar sentiaraziko gaituen Konstituzioa behar da horretarako. Europak Konstituzio baten beharra du, nortasuna emango dion tresna juridikoa baita.
Horregatik, Europar Konstituzioaz hitz egiten digu berriro Habermasek bere azken liburuan (ik. La constitución de Europa, Trotta, 2012, Madril). Oso kezkatuta ageri zaigu pentsalari alemaniarra, alde handia baitago errealitatearen eta idealaren artean. Horregatik, Europari buruzko azken albiste txarrek min ematen diote. Angela Merkel eta Nicolas Sarkozy estatuburuen autokraziaren kontrako kritika zorrotza egiten du. Ez du, halere, Europar Batasunaren geroan esperantzarik galdu.
Habermas Europar Batasunaren eta bere instituzioen aldeko sutsua da, baina horrek ez dio erreforma zehatzak proposatzea eragotzi, bai arlo ekonomikoan bai esparru juridiko-politikoan. Arazo eta hutsune larriak ditu gaurko Europak. Konstituziorik eza da horietako bat. Proiektu europarra, orain arte, elite politiko eta intelektualen kontua izan da, gehienbat. Hiritarrek ezin izan dute euren ahotsa entzunarazi, ez baitago benetako esfera europarrik.
Europar Batasuna kolokadago (arrisku bizian, omen). Ekonomi desberdintasun nabariak ageri dira, eta solidaritate mekanismoak ez dira aski haiei aurre egiteko. Europar eredu sozialak huts egiten bide du alde guztietatik, eta moneta batasuna gaizki ezkontzen da integrazio politiko eskasarekin. Azken boladako finantza zurrunbiloak —euroaren krisia, tartean— eta elite politikoen kemenik ezak zapuztu egin dezakete Europar Batasunaren proiektu ezin ederragoa. Grezia, Europaren sehaska, eurogunetik ateratzea hondamendi handia izango litzateke Batasunarentzat.
Nolanahi ere, burugabea litzateke Europa politikoki batuan amestea, aldez aurreko ekonomi batasunik gabe. Batere amesgilea ez zen Leibnizek dagoeneko adierazi zuenbeharrezkoa zela, Konstituzio komunaz gain (edo aurretik), gobernu ekonomiko bat —Europako Banku bat, zioen berak—, gerrateekin bukatu ahal izateko. Alemaniar filosofoak arrazoi osoa zuela frogatzen du azkenaldiko finantza krisiak (euroa da europar eraikuntzaren giltza).
Merkatu komuna baino askoz gehiago da Europa. Gaurko munduan abian dagoen nazioarteko proiektu demokratiko handi bakarra da. Herrialde banaka batzuen ikatz eta altzairuaren merkatu komun gisa hasi zena, 27 Estaturen elkartea da orain. Europar Batasuna sendotuz joatea ez da soilik europarrentzat garrantzitsua. Mundua seguruagoa izango da europar komunitate indartsu batek kontrapisua egiten badie herrialde boteretsuenei (AEB, Errusia, Txina…).
Europar Batasunaren izaera politikoa ulertzeko, XVIII. mendera atzerantz joan beharra dago, Kanten Betirako bakea testura, zehazki.«Egoera kosmopolitaren» egitasmo kantianoa dagoela jokoan uste du Habermasek. Erlazio internazionalen juridifikazio osoaren alde zegoen Kant. Nazioarteko gatazkei irtenbide aproposa emateko bitartekotzat zeukan zuzenbide kosmopolita. Iragarle ona izan zela aitortu beharra dago. Gerra Handiaren ondoren hasi zen Königsbergeko filosofoaren asmoa mamitzen, Nazio Batuen Erakundearen bidez. Geroztik, aurrera egin du nazioarteko zuzenbidearen juridifikazioak.
Europa unibertsalistaeta mundura irekia nahi du Habermasek: Estatu nazionaletik harago, «abertzaletasun konstituzionalean» oinarritutako komunitate politiko bakar bat (ordena juridiko global baten baitan). Nazioarteko Zuzenbidean funtsatutako ordena kosmopolita sustatzea da Europaren eginbidea eta erronka. Nazioz gaindiko terminotan definituriko kultura konstituzional europarra proposatzen du Habermasek. Ideia berri batean konkretatzen da hori: kultura politiko komuna da hiritarrak batzen dituena, eta Konstituzioan islatzen da (ez etnian edo nazioan).
Europa erantzukizun politiko berriak hartu beharrean dago. Europa ez da amets bat, eginbehar moral bat baizik. Estatu-nazioaz harago, politika berri bat gorpuzten ari den lekua da Europa. Habermasek uste du Europaren eraikuntza bitarteko urrats bat dela egiazko Nazio Komunitatearen sorrerarako.
Europa, bere parlamentua eta legeak baditu ere, ez da Estatu bat. Baina Estatuen arteko akordio bat baino askoz gehiago da. Estatu-nazio bat baino haragoko sistema bat da gaur egun: nazioz gaindiko lehen komunitate demokratikoki legeztatua. Nazioarteko zuzenbidean oinarrituriko ordena kosmopolita bultzatzea da Europak duen erronka.
Tamalez, Frankfurteko pentsalariak darabilen hizkera trinkoa da oso, eta askotan korapilatuegia gertatzen da irakurle arruntak garenontzat.
Europako Konstituzioa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu