Gure olerkari estimatuenetarikoa genuen Bitoriano Gandiagak idatzi zituen honako hitz hauek:«Nahi handi hau / zezen bat dut /egarri baten /moskorrez / Euskal Herriren enzierroa/ luzatzen doa /kale luzez».
Eta halaxe da, euskal entzierroak Espainiaren entzierroarekiko desberdintasun ugari ditu, bere egintzetan eta izanean. Gure enzierroa erronka berrietan da, eta Espainiako Gobernu berriko presidenteak kontuan hartu beharko du gure berezitasun hau. Azken hauteskundeetan gertatutakoa esanguratsua, Espainian gertatutakoarekin guztiz kontrakoa.
Abertzaletasun trumoia hemen alderdi popularrak Espainian izandakoen antzerakoa izan da. Bestetik, gurean popularrek ez dute hango indarrik sumatu. Honek lekuz kanpo jarri ditu analista eta politikari askotxo. Nola da posible? Ba, halaxe da, posible da, hemen herri sentimendu argi bat dagoelako.
Rajoyk pisuzko zezenak ditu aurrean, eta hareara etorriz jakin izan beharko du zein eratan toreatu aurrean duen euskal entzierro honetan. Ekonomia arloan garai gogorrak datozela argi da, baina halatsu politikaren garai interesgarriak datozkigu. Bietan neurriak hartzea derrigorrezko dauka eta, jakina, barruan izan ahal ditu okerrik eta aurkakorik gogorrenak.
Lehenik eta behin, ekonomi arloa zuzentzen arituko zaigula iragarri digu. Kapitalari erantzunez eta hari onik eginik, edo enbarazu egin barik eta zorrak gutxiagotuz, lanari nondik ekingo dion jakin behar. Betikoen lepoetan jarriko ote dituen bere politikak, eta enplegu berriak sortzearen ahaleginetan babes sozialak gutxituko ote dituen, horixe susmoa eta hor guztion zalantzak. Oraintsu esana du Peter Handke austriar idazleak: «Egungo demokraziak giza diktadurak ditugu, hipokrisiarik maltzurrenak».
Politika alorrean beste garai batean gaudela zer esanik ez, erantzun berriak eskatzen dizkigun garaietan. Politika zuzenak hartzea derrigortuta dago. Lege aldaketaren nahia erakutsi duten espainiar nazionalismoaren defentsa sutsuan dira batzuk. UPNk Espainiako Konstituzioaren aldaketaren proposamena egin dio Rajoyri, helburu argi baten abiapuntuz, Nafarroak Euskal Herri hipotetikoaren aukera baten legedian inoiz sartzeko ahalbiderik izan ez dezan.
Hori hala egiteak ez dio onik ekarriko, baina, hala balitz, ausartuko balira, Euskal Herrian zabaldu eta egokitu beharko da behingoz biztanleon eskubide erabakia hartzearena, hau da, Estatu barruan izan nahi duen ala ez jakitea. Demokrazia hau inperfektua dela diote UPyDkoek, hain da inperfektua, ze eskubide asko eta asko mugatzen dituela beronek, baina kasura etorririk, Estatu mailan aritzeak eta Estatuko lurralde baten aritzeak bere desberdintasunak eta berezitasunak dakartza.D´Hont legea aldatzeak gure erabakitzeko eskubidea arindu eta areagotuko luke ezbairik gabe. «Guztiontzako kafeak» antzina galdu zuen zentzua, aspaldi gelditu zen ezelako zaporerik gabe; ez du onik ekarri, errealitate soziologikotik erabat kanpo dago berau, eta bistan da tenore honetan ekonomiaren galera izugarriak dakarzkiela.
Rajoyren helburuetan argi egon beharko luke ekonomiaz gain politikak ere aldaketa behar duela. Nolanahi ere, zezena adarretatik hartu eta erabakiak hartu beharko ditu, ekonomian, politikan zein kultura arloan. Zeren, denboraren joanean, gauzak, betikoak bailiran, nahi eta nahi ez, behin eta berriz, agertu egiten dira. Beraz, Euskal Herriaren eta Kataluniaren kasua ezin izango du bertan behera utzi, ezer gertatu izan ez balitz bezala. Goian esandakoa, lurralde honetan beste era batean pentsatzen du biztanleria gehienak, eta itsuarena egiteak ez dio arazoari bidea erraztuko, bidean truputz gehiago agertuko zaizkio eta gobernua ere, joan ahala, kikilagoa izango du. Arazoari aurrea hartzeak bere bentajak ditu, bestela ikusi ekonomiari beranduegi eskua sartzeak ze oztopo ekarri digun eta nola larritu duen dena.
Beraz, Espainiako Gobernuberriak eta egungo Euskal Gobernuak garai honi erantzun beharko diote nahi eta nahi ez. Jarlekuari eusteak ipurdiko mina eta gorputzaren egonezina handiagotu lieke, beraiek hala uste ez badute ere. Lopezen gobernua kolokan eta kinka larrian da, indar gabe eta legimitate estuarekin, demokraziaren funtsik okerrena agerraraziz. Jakina ez duela herri honen soziologia erreala ordezkatzen eta sentsibilitate ororik agertzen. Lau hankako mahaia herren dago, beraz.
Ez dira ezer ostantzeko garaiak, arazoei eta dagoenari aurre egitekoak baizik, politikan, ekonomian eta kultura arlo guztietan zezenari adarretatik hartzeko garaietan gaude. Rajoyk beregan izan beharko ditu edukien eta zorren karpeta eta beste bi karpeta erabili beharko ditu aldean, konpondutako arazoena eta konpondu gabekoena.
Zezen kementsua du aurrean, munduaren begi bistan den entzierro berria hastera doa kale luzez. Aurre egiteko gai izango da? Politika batik bat harremanen artegintza da. Amaiur hastapeneko harremanetatik alboratzeak ez du itxura ez seinale onik. Groucho Marxek argitu zigun: «Politika, arazoak bilatzeko artegintza da, aurkitzea, diagnostiko desegokiak egin eta okerreko sendabideak ezartzea».
Euskal entzierroa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu