Euskal Herria, utopia?

Aurelia Arkotxa.
2011ko irailaren 14a
00:00
Entzun
Mapak, kartak nehoiz ez dira izan inozenteak. Geografia lokalizazioak errazten dituzten itxura grafiko hauk politikari estuki lotuak direla nork du ukatuko? «Mapa politikoa» erratea bera ez ote da pleonasmo hutsaren erabiltzea?

XXI. mendeko mundu mapa globalak, Google Mapen garaian izan arren, beti bezain aldakorrak eta mugikorrak dira. Haatik, mapa utopikoen indarra ez da aldatzen, Tomas Morok asmatu Utopia irla eta Tommaso Campanellaren Eguzkiaren Ziutatea kartografia imaginarioak ezin ezabatuzkoak dira.

Baskonia eta Nafarroa

Baina ez dugu uste izan behar pentsalari-poeten izpirituetan direla bakarrik mapa utopikoak hozitzen. Denborak berak, «denborari denbora» uzten bazaio bederen, mapen utopizatzeko ahala badu. Geopolitikaren gora-beheren arabera zaharkitzen direlarik mapa batzuk eta berriak sortzen. Gogoan dut duela zenbait urte hego eta iparraldeko euskaldunen artean zabaldu zen Nafarroako Erreinu zabala erakusten zuen 1500 urteko Europako erreprodukzio kartografikoa. Nafarroa Garaia eta Nafarroa Behera bilduak ziren, gaurko frontera politikoa ezabatua. Nafarroako Erreinu zaharraren bitartez Euskal Herria duela gaurko euskaldun jendeak ikusten, ebidentzia bat da. Eta seinalea, gaur Nafarroako errepresentazio hori Utopiako kosmografietan kokatzen dela.

XVII. mendean, Oihenart Nafarroa Garaiaren galtzeaz ez da kontsolatzen. Eta hark Nafarroa Garaiarenazpian Nafarroako errege zaharren eremu historiko zabala du gogoan. Bi Baskonietako Notizia, Iberikoarena eta Akitaniakoarena (Notitia Vtriusque Vasconiae Tum Ibericae, Tum Aquitanicae) liburuan idazten duelarik dio :«Baskonia lehen, orain Nafarroa dagoen lekuan zegoen baina fronterak gaurko Nafarroarenak baino zabalagoak zituen».

Bi Baskonia agertzen dira Oihenarten kosmografian eta argi da Akitaniako Baskonia Aturri ibaia baino haratago doala, Garuna ibaiaren ezkerreko bazterretaraino.Oihenarten lana Parisen inprimatua izan zen latinez 1638an, eta berriz moldatu ondoan 1656an. XVII. mendeko Parisen, Oihenarten lagunak eta letratu finak ziren Dupuy anaiek eta De Thouk haren Notitia latinez irakur zezaketen. Baina gaurko Frantzian, sekulan frantsesera itzulia izan ez den Oihenarten lana existitzen ez balitz bezala da...

«Baxe Nafarroa» ala«Nafarroa Behera»?

Garai hauetan, «iparraldeko» lurralde antolaketa berriak direla eta, politikariak «Baxe Nafarroa»-ren identitate historikoaz ari zaizkigu aho beteka. Baina arrangurak sortzen dira. Zergatik Bastida, Donamartiri eta Bidaxune Nafarroa Behereko frontera historikoetan zirenak, ez dira «Baxe Nafarroa» horretan sartzen? Zergatik «Baxe Nafarroa» horretan aurkitzen ote dira sei herri historikoki Zuberoan kokatzen direnak? Zergatik «Baxe Nafarroa» terminologia da hautatu eta ez 17. mendean Axularrek —eta gure aspaldiko xaharrek— aipatzen zuten «Nafarroa Behera»? Izendatze honek aditzera ematen duelarik berdenboran Nafarroa «Behera» geografikoki Nafarroa «Garaia»-ren orientazioari lotua dela!

Axular entzun dezagun:«Badakit halaber ezin heda naitekeela euskarako mintzatze molde guztietara. Zeren anhitz moldez eta diferentki mintzatzen baitira euskal herrian. Nafarroa garaian, Nafarroa beherean, Zuberoan, Laphurdin, Bizkaian, Gipuzkoan, Alaba-herria, eta bertze anhitz lekutan. (Axular, GeroIrakurtzailleari», 1643).

«Pays Basque» lurralde berria

Iparraldean geldi gaitezen eta sar gaitezen Interneten «Pays Basque» entitatearen « administrazio zatiketak eta lurraldeaksailean (Découpages administratifs et territoires). Hor kausitzen diren mapen konfigurazioek salatzen dute «Pays Basque» labelaren inguruan semantikazko «korropiloak» badirela Frantziako lurralde zatikatze berriaren izendatze moldeetan.

2010eko martxoaren lehenean, adibidez, astelehen batez, 16:03an, « Administrator » izenpetzeaz baliatzen den teknokrata zibernetikoak Akitanian konpetentzia administratiboen ukaiteko gai denlurraldeetan sartzen du « Pays Basque ». Jarraikitzen du erranez kapitulu bakoitzari lotua izan zaiola mapa bat [Interneteko web lekuan] eta mapa horiei esker «Pays Basque» lurraldeak mozte administrazio ezberdinak badituela ikus daitekeela (Chaque chapitre dispose d'une carte qui permet d'identifier comment un territoire comme le Pays Basque fait l'objet de «découpages administratifs » très différents).

Ordea, obserbatzea aski da Administrator-ekaipatzen duen «Pays Basque» horren mugak franko nahasiak eta perbertituakdirela ikusteko.

« Pays Basque » izendatze berriaren gibelean den manipulazioa « Euro Eskualde »ko kartografia aipatzen delarik hobekiago agertzen da.

Euro Eskualdeko «Pays Basque» ez da «Euskal Herria»

Administrator-en topografia Frantziako teknokratek XXI. menderako pragmatikoki planifikatua duten lurraldean da eta kartografia horretatik jalgia zaigu Euro Eskualdeko « Pays Basque ». Euro Eskualdeko kartografia orokorra ikusi nahi duena joan bedi http://www.lurraldea.net/uploads/media/EuroRegion.pdfzuzenbide elektronikora. Ohartuko da horrela Euro Eskualdean Axularren Euskal Herria ez dela existitzen.

Hiru dira Euro Eskualdeko mapa orokorrean definituak diren Euskal entitate geopolitikoak: Espainiako Estatuan: Euskadi Gipuzkoa, Araba eta Bizkaiarekineta Nafarroa Nafarroa Garaiarekin. Frantziako Estatuan: Pyrenees Atlantiques Departamendua eta honek bere baitan duen «Pays Basque» lurralde-zatia eta azken lurraldi-zati honek bere baitan gordetzen dituen Zuberoa, Nafarroa Behera eta Lapurdi eskualde historikoak...

Euro Eskualdeko mapan «Pays Basque» lurralde berriak ez du ez nortasun juridikorik eta ez nortasun kartografikorik: Pyrénées Atlantiques departamenduaren puska bat baizik ez da. « Pays Basque»-tik kanpo dira Gipuzkoa, Bizkaia, Araba eta Nafarroa Garaiko lurralde historikoak… «Iparralderik» ere ez da gehiago, «hegoaldea» desagertua baita…

Last but not least, manipulazioaren azken perbertsio semantikoa maparen leienda elebidunean dator : «Le Pays Basque au coeur d'une euro-région - Euskal Herria euro — eskualdearen erdian». Maparen leiendaren itzulpenak ebidentzia guzien kontra azpimarratu nahi du «Pays Basque» berri hori «Euskal Herria» dela.

Iparraldean, gaur, Axularren Euskal Herriaren maparen aurkitzeko kartografia utopikoetara joan behar da. Mapa imaginarioan memorioa oraindik gure hizkuntzaren bitartez zain daitekeela, sinetsi nahi nuke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.