Euskal kultura, europar kultura

2011ko uztailaren 12a
00:00
Entzun
Donostia Europako kultur hiriburua izendatu berri duten honetan, ezinbestekoa da zenbait galdera egitea. Zer da europar izatea? Zer ote da europar kultura delako hori? Zertaz ari gara euskal kulturaz ari garenean?

Ez dago mundu bat besterik. Baina era askotara esaten da. Era horietako bat —garai batean harrokeriaz betea, gaur egunean apala eta hantusterik gabea— Europa da. Europarra izateko modu asko dago, euskalduna izatea da horietako bat. Euskaldun izatea europar izateko era bat besterik ez da.

Euskaldunok Europan ditugu geure sustrai guztiak. Europa Mendebaldekoak gara, kontinente zaharreko mutur batekoak. Hala ere, huts egiteko beldurrik gabe esan daiteke Euskal Herria betidanik egon dela europar kulturan murgilduta. Beste edozein gizarte europarrek bezala, euskal gizarteak ere antzina-antzinatik jasan du Europaren eragina, ekonomikoa zein politiko eta morala. Euskaldunak ez gara salbuespena zentzu horretan. Gu euskaldunok europar zuhaitzaren adar txiki bat baino ez gara.

Europar herri bat gara. Europa da gu guztion etxea. «Gure bereztasuna ez da europartasunaren hezur-mamiei usai eta kolore berexi-antzekoa ematen dien larmintz mehea baizik», idatzi zuen Koldo Mitxelenak Europa eta gu izeneko lantxo aipagarrian. Eta gogoratzen zigun aurre askoan ibili zela behin Euskal herria gai honetan, Azkoitiko Zalduntxoekin.

Europa da gure erreferentzia nagusia. Euskal historia, ekonomia eta kultura ezin dira ulertu europar inguruarekin dituzten harremanak kontuan izan gabe. Ezinezkoa da norberarena ezagutzea besterena ezagutu gabe. Ez dago historia lokala jakiterik historia globala jakin gabe. Esate baterako, Erreforma protestantea ezagutzen ez badugu, nola azalduko genuke Leizarragak Biblia euskaratu izana? Nola esplikatu Bizkaiko industrializazioa Ingalaterran gauzatu zen iraultza industriala gogoan hartu gabe?

«Europako kultur korronte handien eraginetatik libre egon denaren mitoa zabalduta egon arren, euskaldunek era bizian hartu dute parte Europako eta munduko draman, protagonista handiak eskainiz», idatzi du Carlos M. Gorriaran irakasleak. Historia aurrean nahiz oraintsuagoko garaietan, bakardadean eta aldaketa guztietatik urrun bizi izan garen ustea erabat faltsua da.

Funtsean giza historia bakarra dago: humanitatearena. Balore kultural guztiak, teknologia motak, ideiak oro, komunikazio unibertsaleko prozesu beraren barruan daude. Aldrebeskeria da, adibidez, frantses zientziaz edota aleman demokraziaz hitz egitea. Ez du zentzurik fisika «nazionala» aipatzeak. Giza hizkuntza ere bat bera da «muinean eta ondoan», Koldo Mitxelenak esango zukeen bezala. Ideia egitura berdinak ditugu guztiok, euskaraz zein alemanez mintzatu. «Ez da existitzen arte aberkoirik ez zientzia aberkoirik», zioen Goethek. Kulturak egin du Europaren egiazko batasuna.

Jon Mirande zuberotar idazlearentzat ere, euskalduna izatea europarra izateko modu bat besterik ez da. Gure kultura funtsean da europarra, tokiko kolorea duena: «Egiaz ez da zuzen, nire ustez, euskaldun kulturaz mintzatzea, kultura hitzari bere adierazpen osoa ematen baldin bazaio bederen. Europar kultura bat badago, gurean, beste herrietan bezala tokiko ikurra eta usaina duena, edo, nahi bada, europar «kultura ziklo» bat badago, eta herri bezala haren barnean gaude. Euskaldun kulturaren alde lan egitea, hortaz, europar kulturaz jabetzea da.

Europar gizartea guztiz ñabarra da. Zorrotz hitz eginez, ez dago «europar kultura» zehatzik. Kultura desberdinak hartzen dituen «europar kultur gunea» dago. Kolore askotako aniztasuna, «kulturen mosaikoa», hori da Europaren bereizgarria.

Elkarren kontra dauden bi euskal eredu edo jarrera izan ditugu gure artean: X. Munibe, J. Mirande edo K. Mitxelena bezalako europazaleak alde batetik, eta Unanumo eta Orixe moduko eurofobo eta euro-eszeptikoak, bestetik. Europaren aldeko aldarria egin dute haiek; euskal berezitasuna (?) goraipatu dute hauek. Europa ederretsi dute batzuek; besteek, aldiz, txarretsi.

Europar Batasunean gaude. Zer esan nahi du, ordea, Europako kide izateak? Zein dira Euskal Herritik egin diezazkiogun ekarpenak? Gizatalde baten etorkizunerako ez dira bere industria, barazkiak eta arrantzontziak bakarrik inportanteak, gaur egungo krisi ekonomikoari eta langabeziari lehentasun osoa eskaini behar bazaio ere. Gizakien arteko harremanak, bizikidetza eta balore etikoak are erabakigarriagoak dira.

Europari begira daukagun erronka nagusia indarkeria gainditzea da. Edozein aukerak etikaren gutxieneko printzipioa den prozedura dialogikoa errespetatu behar du: inork ez du bere ikuspuntua inori ezartzeko eskubiderik, eta are gutxiago bortxa erabiliz. Helburuak, denik eta zuzenenak ere, ez du bortizkeriazko bideen erabilera zuritzen. Ezerk ere —inolako ideiak, inolako kausak— ez du inoren bizitzaren sakrifizioa zuzenesten.

Europar izateak, geure «bordatxotik» irtetea eskatzen digu. Gure arazoak, gure mugak baino harago ezarriz, ikuspegi zabalagotik ikustea, begirada kosmopolitatik. Beharbada, europar kulturari egiten diogun ekarpena hizkuntza zahar eta berezi bat eskaintzea baino zerbait gehiago izan daitekeela konturatuko gara.

Norbere naziotasunaren ezaugarriak aintzat hartu eta maitatzea guztiz bidezkoa da. Baina ez dugu ahaztu behar tokikoa globalaren parte dela, hemengotasuna mundutasunean txertatua dagoela eta berezitasuna unibertsaltasunaren ñabardura besterik ez dela. Koldo Mitxelenaren hitzetan, muinez eta funtsez europarrak gara, keraz eta itxuraz euskaldunak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.