Lorea Agirre.

Euskara, elkarbizitzarako giltza

2012ko urriaren 18a
00:00
Entzun
Paradoxikoa da. Espainiako konstituzioak gazteleraren ezagutza derrigorrezkoa dela dio. Ez du aukerarik uzten ez ezagutzeko. Legez inposatzen zaigu gaztelera jakitea. Euskara ez da derrigorrezkoa aldiz, berau ezagutzeko eskubidea aitortzen du soilik. Baina nola diren gauzak, euskara ezagutu eta erabiltzeko eskubide konstituzional hori serio egikaritzen ausartzen zaren aldiro «nazismoa praktikatzen», «faxismoa aplikatzen», «gazteleradunak judu gisan tratatzen», «legea urratzen», «enfrentamendua sortzen», «euskarari leihoak ixten» eta «euskara inposatzen» ari zara.

Inposizioa. Hitz horixe erabili du EAJko lehendakarigai Urkullu jaunak Gipuzkoako Foru Aldundiak hizkuntzaren normalizazioaren bidean hartu berri dituen oinarrizko eta legezko neurri sinple batzuk kritikatzeko: Aldundiak hizkuntza irizpideak bete araztea inposizioa da, prentsaurrekoetan gaztelera mantenduz euskara lehenestea inposizioa da. Inposizio hitza, nazi eta faxista baino mingarriago egiten da, euskaldun eta ustez euskararen normalizazioaren aldeko den buruzagi jeltzale baten ahotik etorrita. Baina halaxe esan du, non eta Andoaingo Kilometroen festan, ondoren ikastolen urte luzeetako lanaren arrakasta azpimarratzeko. Kontraesana begibistakoa da. Ikastolen arrakasta ez dator euskara lehenestetik, baizik eta euskara hutsezko gune hegemonikoa izatetik. Jeltzaleen gaurko logikan, Aldundiaren elebitasun politika inposizio bada, ikastolena faxistakeri ikaragarria behar du izan. Ikastolak, euskara hutsezko eskolak, gaur sortuko balira EAJk inposiziotzat joko lituzke. Nekez eskertzen da ikastolak euskara hutsez behar zutela izan erabakitzeko gure gurasoek izan zuten sena, buru-argitasuna eta kemena euskara lehenestea inposizioa dela esanda. Non egongo ote ginateke hizkuntzaren praktikan eta diskurtsoan ikastolarik izan ez balitz.

Baina non gaude? Urrats handiak eman dira, eta asko irabazi da, dudarik ez da. Baina galdu ere, ez ari ote garen galtzen etenik gabe. Urkulluren hitzetan ikusten da hizkuntzaren normalizazioan eta hizkuntzaren defentsaren diskurtsoan galdu dugun guztia, sinetsi dugun gezurra, eta praktikara eraman dugun hizkuntz politika sarritan desnormalizatzailearen kaltea. Urkullu jaunak bere euskaldun izatea zeinen gutxi maite duen ikustea ez da poztekoa, bere buruari harrika ari delako, eta horrekin euskara eta euskaraz bizi nahi dugun guztiak harrikatzen gaituelako.

Euskara herritarron arteko elkarbizitzaren muinean dago. Eta alderantziz, elkarbizitza dago euskararen muinean. Elkarbizitzaren korapiloan euskara ere badago, bai, baina euskara ere konponbidearen giltzetako bat da. Biak batera. Bestela esanda, korapilo hori askatuko bada euskaratik pasa beharko du. Alegia, euskararen erabilera normalizatuko da, edo ez da elkarbizitza osasuntsurik izango; euskaldun izatea eta euskaraz bizitzeko guztion eskubidea egikarituko da, edo ez da benetako elkarbizitza orekaturik izango. Bitartean, injustizia soziala baino ez dago, diglosia, hizkuntz asimetria ikaragarria, lehen eta bigarren mailako hiztun eta herritarrak eta hizkuntzaren eta hiztunen egoera subordinatua. Demokrazia menostua.

Euskara eta elkarbizitza lotuta daude. Arazoa sortzen da euskaldunari —beti euskaldunari— bietako bat aukeratzeko esaten zaionean, biak eskutik behar dutela joan ukatuz. Euskara ezin da baztertu, hainbestetan egiten den moduan, gaizki —eta gaizto— ulertutako elkarbizitza eredu erdaldun hegemonikoaren aurrean, inor molestatuko dugun beldurrez, oreka fiktizio baten izenean. Elkarbizitza orekatua euskara lehenestetik etorriko da, ez hizkuntza handien aukera berdinak ematetik, aukera gehiago eskaintzetik baizik, emakume eta gizonen arteko berdintasun politiketan edo pobreziaren aurkako politiketan nola. Indarrean dagoen elkarbizitza lehenesten duenak, inor molestatuko ez duen normalizazio politika bat praktikatzen duenak, egoera dagoen horretan gordetzea baino ez du lortzen: alegia gaztelera normalizatzen jarraitu, eta euskara eta euskalduna gutxiagotzen. Eta hori herritarron arteko elkarbizitzaren kontra egitea da.

Marcela Lagarde antropologo feministaren hitzak argigarriak izan daitezke: «emakumeok oraindik ze gutxiagotasun mailan geratuko garen ari gara adosten». Euskarari zuzenean aplikatuta, euskara ze gutxiagotasun mailan, bai praktikan eta bai diskurtsoan, geratuko den ari garela adosten gero eta gehiago esatea ez da gehiegikeri bat.

Eta egoera honetan doanekoa eta hutsala da «elkarbizitza orekatua» aipatzea, «herritarrek nahi duten hizkuntza erabil dezaten ahalik eta modurik errealenean eta eraginkorrenean» opatzea, eta ondoren «hegemonia ezarri nahi duten joerak» gaitzestea, EAJk hauteskunde programan dioen moduan. Izan ere, kontua horixe da, euskarak gune hegemonikoak behar dituela. Euskararen arnasguneak sortu eta babestu behar direla. Horixe dira ikastolak, arnasguneak, eta berdin euskarazko hedabideak, eta berdin Laboaren kantu bat, eta Arestiren poema bat, eta beste mila gune, ekimen, sormen eta leku. Hori hizkuntza txikiaren normalizazioa da. Ez da inposizioa, eta ez dakar erdararen inongo galbiderik. Aldiz, erdarak lehenestea hizkuntza handien normalizazioa dakar, eta hizkuntza txikien galbidea izan daiteke. Euskara lehentasunez eta hegemonikoki erabiltzea ez da faxismoa, ez da nazismoa, ez da leihoak ixtea, ez da enfrentamendua bilatzea, ez da inposatzea. Euskarari arnasa ematea da,eta hizkuntza guzti-guztien alde egitea.

Hizkuntzak nola hiltzen diren eta nola bizi berritzen, ez da ideologia kontua, jakintza kontua baizik. Soziolinguistikaren kontra ezin da normalizazio politikarik egin. Horregatik hizkuntza politika eraginkorra behar da, euskararen beharretatik pentsatua, berezkoa eta beregaina, euskaraz bizitzea ahalbidetuko duten baldintza politikoak, juridikoak, sozialak, ekonomikoak eta kulturalak sortuko dituena. Euskarari eta euskaldunari bizitzeko eta biziberritzeko ekosistema bat eraiki behar zaio. Inork ez du bere hizkuntza uzten, utzi arazi egiten zaio ez duela balio, ez dela beharrezko sinetsi arazita. Eta inork ez du hizkuntza txiki bat ikasten erabiltzerik ez badu eta ezertarako balio ez duela esaten bazaio. Hemen oinarri nagusi bat: euskalerritar guztien eskubidea da euskaldun izatea. Eskubide horren urraketa eta ignorantziaren apologia behingoz baztertu behar dira. Horretarako politika beregainak aplikatzeko borondatea behar da; eta pedagogia, nahi adina eta behar den toki guztietan; eta denborak, egoerak eta moduak zaintzea; eta adostasun zabalak bilatzea gizarte ekimen, eragile politiko eta erakundeen artean. Bai, baina aurrera egiteko, ez irainak jasotzeko, ezta geure buruari harrika segitzeko. Hizkuntz eta hiztun burujabe izateko bidea urratzea ezinbesteko da, pertsona eta herri burujabe izango bagara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.