Diotenez, behin bazen politikari bat, bere herrikideak adoretu nahian, honakoa esan omen ziena: «Herrikideok, atzo amildegiaren ertzean geunden; gaur, pauso bat aurrera emango dugu!». Herrikide gehienek txalozjaso zituzten hitzok; baina, bakan batzuek buru hotzez aditu zituzten, atzera bueltarik ez zuen pauso hori eman baino lehen.
Antzeko sentipena eragin digu azken egunotan prentsan irakurri dugunak. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Osasun, Kultura, Barne, Justizia eta Herri Administrazio Sailek DBHko nahiz Batxilergoko ikasketen erdia baino gehiago euskaraz egin duten ikasleei B1 eta B2 maila aitortuko dizkiete, hurrenez hurren. Unibertsitateko ikasleei C1 eta C2 mailak aitortuko dizkiete.[Txaloak]
Dena zehatz-mehatz adierazi dute, gauza bat izan ezik… zertan oinarritzen dira? Zein irizpide erabili dute? Hizkuntzak Irakasteko eta Ebaluatzeko Europako Erreferentzia Marko Bateratuak ezartzen dituen erreferentziak? PISA txostenaren emaitzetan oinarritu al dira? ISEI-IVEIk egiten dituen (zituen) ebaluazio diagnostikoetan oinarritu al dira? DBHko eta Batxilergoko ikasle guztien euskarazko hizkuntza gaitasuna neurtu eta ebaluatu al dute? Azken finean, non jarri dute oina pauso hori aurrera egiteko?
B1, B2, C1… herrikide gehienentzat horiek bitamina baten hizkiak izan daitezke. Baina, hizkuntza batean komunikatzeko gaitasunari bagagozkio, ondo definitutako gaitasunak dira, ezagutza, estrategia eta konpetentzia komunikatiboak beren baitan hartzen dituztenak.
Hori guztia egin omen dutejaurlaritzakoek, eta, ondorioz, deliberatu dute B ereduan ikasi duen edozein ikaslek, berdin Aramaiokoak zein Gasteizko edota Biasterikoak, baduela gaitasun hori, eta pauso bat aurrera eman nahi dute, eta guztioi emanarazi. Finean, Euskarak pauso bat aurrera emango omen du. Amildegira…?
Euskara, pauso bat aurrera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu