Euskararendako lege geriza

Sebas Irazoki
2012ko martxoaren 30a
00:00
Entzun
Azkenaldian sarritan entzuten ari gara Lapurdi, Baxenabarre eta Xiberoan euskararendako lege gerizaren beharra azpimarratzen duten erranak. Asko eta askotarikoak dira egun hauetan euskararendako lege babesaz ari diren ahotsak. Hala ere, berdinaz ari ote gara guztiok hitz horiek erabiltzean?

Gipuzkoa eta Nafarroaren ekialdeko mugen bertzalde honetan askotan aipatu izan zaigu, adibide gisan, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako eredua. Bertan euskara ofiziala da, omen. Bertan bada lege geriza. Nafarroan ere hala omen da, okerragoa bada ere. Baina Madrilen egindako legeak euskaraz bizitzeko eskubiderik ez du bermatzen ez han eta ez hemen. Inposatzen diguten mu- ga pasatzean ere, euskaldunok bigarren mailako herritarrak gara.

Inolako lege babesik ez dagoen guneetako euskal herritarrok segidan sinatuko genuke orain gauden egoeratik horrelako batera pasatzeko. Hala ere, zatiketaren ondorioz pairatzen ditugun lege guztien oinarrian gaztelaniaren eta frantsesaren nagusitasuna mantentzea dago; euskararen eta euskaldunon menpekotasuna betikotzea; asimilazioa iraunkortzea, bi erdarak lehenetsiz. Horren aitzinean, euskaldunon bazterketa bukatzeko, lege geriza, lege babesa, ofizialtasuna behar dugu. Hori aldarrikatzea dagokigu gutienez, eta horixe egingo du martxoaren 31n. Ez dakigu Deiadarraren manifestaziora joango diren Frantxua Maitia eta estatu frantseseko bertze ordezkariek holakorik aldarrikatu dutenez. Ez dugu uste.

Estatu frantsesak eta bere ordezkariek euskarari eta estatu frantsesean existitzen diren hizkuntzei dien mespretxua aski ezaguna dugu denok. Frantsesek erraten duten gisara, «eskualdeko hizkuntzendako» egin behar zuten legea eta Konstituzioaren 75-1. artikulua mespretxu horren adibide onenak dira. Hau daeuskararen onarpenari buruzlortutakoa: «Eskualdeetakohizkuntzak Frantziako ondare dira».

Euskara, gaztelaniareneranskin gisa erabiltzen da, konstituzio espainolaren 3. artikuluak dioen bezala: «1: Gaztelania da Espainiako Estatuaren hizkuntza ofiziala. Espainol guztiek jakin behar dute eta berau erabiltzeko eskubidea dute. 2: Espainiako beste hizkuntzak ere ofizialak izango dira haiei dagozkien Erkidego Autonomoetan haien Estatutuei dagozkien eran».

Herri euskaldunaren bidean, beraz, konstituzio frantses eta espainolak dira sasi nagusiak. Eta ezinbesteko jauzia da inposizio horiek bukatuko lituzkeen ofizialtasuna lortzea. Ofizialtasun horrek Euskal Herriko berezko hizkuntza euskara dela jasoko luke. Euskara lehentasunezko hizkuntza, berezkoa eta ezagutu beharrekoa dela ezarriko luke. Egun, estatu frantses eta espainolaren menpe gareino, gure hizkuntza menpeko hizkuntza da, euskararen «aldeko» legeak menpeko legeak dira eta euskarari estatus egokirik ez diogu bermatzen ahal.

Horren aurrean, guk, euskaldunok, gure geroaz erabakitzeko eskubidea dugun heinean, gure hizkuntzaren geroaz, erabileraz eta egituraketaz bertatik bertara erabakitzeko eta plantan emateko eskubidea dugula aldarrikatu behar dugu. Frantsesek Frantzian eta espainolek Espainian egiten duten gisa berean.

Aldaketa hauek egin bitartean, ordea, euskaldunok badakigu ezin garela mugitu gabe gelditu. Urte luzeetan egin dugun bezala, auzolanean tinko segitu behar dugu euskararentzat leku berriak irabazten, inguru euskaldunak sortzen eta mantentzen, euskarari esparru guztietan lehentasuna emanez, erdarekin dugun sumisio jokabidea aldatzen, herri euskalduna gaurdanik eraikiz.

Euskarak, Euskal Herriak eta euskaldunok ofizialtasuna behar dugu. Garaiak aitzina doaz, gure aldarrikapenak ere bai. Euskaraz bizi nahi dugulako, hizkuntza politika burujabea behar dugu.

Dei egin nahi diegu hemendik euskaltzale guztiei heldu den larunbateko Deiadar mobilizazioan parte har dezaten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.