Ez dezatela aukera hau alferrik gal

Rafa Izquierdo
2011ko uztailaren 3a
00:00
Entzun
Beren buruak «betiko demokratatzat» dauzkate eta demokrazia ordezkatuaren printzipioak aldarrikatzen dituzte, baina ez dituzte hauteskundeetako emaitzak jasaten, hauteskundeetatik eratorritako aritmetika aldekoa suertatzen ez zaienean. M-22ko galtzaile nagusiak izan dira. Alternantzia politikoa goraipatzen dute, baina beti ere, orden baten barruan, indarrean dagoen boterea alda ez dadin, egungo interesen banaketari kalte egin ez diezaion.

Jokoan dauden interesak ugariak eta anitzak dira. Horietako batzuk ideologia eta identitate proiektuen arteko gatazkari lotuak daude; beste batzuk, berriz, botere eta kudeaketa mailak handitu nahian, alderdiek dituzten interesekin egiten dute tupust. Baina ez ditzakeguahantz «estrategikotzat» hartzen diren proiektu batzuen atzean ezkutatzen diren ekonomia-interes mamitsuak ere, nahiz eta horien gizarte-erabilgarritasuna, ingurumenari loturiko sustengarritasuna eta ekonomia-bideragarritasuna zalantzan egon.

Horregatik, hauteskunde ondorengo itunak lotu behar diren honetan, lehen alarma mezuak entzuten hasiak gara, zuhurtzia eta ardura eskatuz, ekonomiaren egonkortasunari eutsi ahal izateko. Dena dela, ez dago oso argi zein ekonomia-egonkortasunez ari diren.

Ez dakigu, hamaikatxo urtez, desorekak, desberdintasunak eta justizarik eza pilatuz, azken hamarkadetako ekonomia krisialdirik handienean murgildu gaituen ekonomia-inguruaz ari diren ala enplegua suntsituz, soldatak beheratuz, gastu publikoa murriztuz —osasunean, hezkuntzan, gizarte-zerbitzuetan eta, oro har, gizarte-gastuetan—, pentsioak urrituz eta lan eskubideei erasotuz krisialditik ateratzeko aukeratu den hautuaz ari diren.

Zertarako eutsi «ekonomia egonkortasunari», horrek beren finantza-sistemaren biktima eta beren ekoizteko ereduaren menpe jartzen gaitunenean, beren enplegu/langabezia politikaren eta prekarietatearen, beren kontratatzeko ohituren, enpresaren interesen nahira diseinaturiko fiskalitatearen eta kapital errenten onuraren menpeko egiten gaituenean?

Nire iritziz, egokiagoa litzateke ekonomia-politikak aldatuko bagenitu: horiek langileriari eta herriko sektoreei sakrifizio latzak ezartzeaz gain, guztiz ez-eraginkorrak agertu dira krisialdia gainditzeko.

Baina, gizartean alarma sortzeaz gain, galtzaileez osatutako abesbatza horrek politikaren eta erakudeen egonkortasuna bermatzearen beharra ere argudiatu du, seguru aski, denak bere horretan iraun dezan. Litekeena da egun arte partidu legeak eta apartheid politikoak eman dien egonkortasun politiko eta instituzionalaz ari direla.

Aitzitik, gure herriaren gehiengo handia politikagintzan eta gizartean benetako aldaketak gerta daitezen eskatzen ari da. Halaxe erakusten dute gizarteko eta ezkerreko sentsibilitate handiagoz indar-metaketaren alde jardun direnen ahalegina saritu duten ehunka milaka botoek, Euskal Herrian bake giroa eta irtenbide demokratikoa sortzen beren kabuz laguntzen ari direnen lana eta ausardia saritu duten ehunka milaka botoek.

Egonkortasuna eta aldaketa hitzak antonimoak iruditzen zaizkit. Halaxe ulertu du ere jendartearen alderdi handi batek. Egungo egoeraren aurrean, gizarteak azaltzen duen asperraldiak, ez errepresio handiagoz ez eta epaiketatzarren bidez, geldiezina izango den benetako eraldaketa politikoa eta soziala eskatzen du. Hortaz, ez diezagutela itxaropena ebatsi, eta, batez ere, ez dezagula aukera hau alferrik gal dezaten utzi.

Balia gaitezen aro politiko berri honen hasierak eskaintzen dizkigun potentzialtasunez, eta geuregana dezagun arduraz aldaketa-prozesu baten partaide izateko zeregina, zeinak hiritarren eta gizarte eragile guztien partaidetzari zabalik egon beharko lukeen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.