Kataluniako erreferenduma

Gaurko ogia, biharko porrota

Botoemaileak Bartzelonako Cervantes ikastetxearen kanpoaldean, Poliziaren eta Guardia Zibilaren zain. ALBERT ESTEVEZ, EFE
martxelo otamendi
2017ko urriaren 1a
08:33
Entzun

Gertatu ote da aspaldi honetan mendebaldeko Europan, gaur Katalunian ikusi dugun errepresio maila? Horren bortitza bakean zegoen jendearekin, horren hedatua geografian eta adin guztietako herritarren aurka? Noraino joan beharko genuke historian gaurkoaren parekoa ikusteko?

Argitu da duda, irudika genezakeen erarik kupidagabenean saiatu da Espainiako Gobernua gaurko erreferenduma zapuzten, baina ez du lortu. Europan inoiz ikusi gabeko irudiak, leku askotan batera eta oso gogorrak, eskaini dizkigute Rajoyren poliziek, batere errukirik gabe, aurrean topatzen zuten guztia ostikatuz. 

Komunikabideak termometro ona dira jakiteko gai batek eduki lezakeen ibilbidea, eta atzo Europako komunikabide nagusietako webguneek Kataluniako errepresioa zeukaten albiste nagusi.

Aurreko asteetako dinamika errepikatu da gaur Katalunian. Espainiako Gobernua iragarri zuen bezain gogor aritu da, PsCkoak eta PSOEkoak gertatutakoa balkoitik ikusten eta bien erdian dauden itxura egiten, eta Colau, Iglesias eta konpainia betiko “bai baina ez” horretatik atera gabe eta arriskurik hartu gabe, salbuespen sendo batzuk kenduta. PSOEko buru Sanchezek Kataluniako Gobernuari leporatu dio gaur gertatu denaren “ardura nagusia”. Auskalo non egongo diren bi urte barru Madrilgo Kongresuko diputatu katalan indepedentziazaleak, baina han segitzen badute, ez dute erraz ahaztuko gaur esan duena. Harrigaria da, Kataluniako auzian, sozialistek beti berandu eta gaizki iristeko erakusten duten trebetasuna.

Epe motzerako estrategia aukeratu dute Rajoyk eta estatu egiturek, itsuegia luzean ondo ateratzeko. Katalan askok azken urteotan Espainiatik urruntzeko ariketa egin badute, bakoitzak bere arrazoiagatik; atzokoak beste jende andana eramango du jarrera bera hartzera. Kataluniakoa suflea izan zitekeela esan dugu askotan, hala izan zitekeen aukera bazegoen, baina gaurtik aurrera askoz sendoagoa izango da katalan askoren jarrera. 

Europak halako batean esku hartu beharko duen esperantza elikatu dute azken urteotan katalan independentziazale askok, nahi hori eduki dute. Gaurtik aurrera zailago dauka Europako diplomaziak eskua harte hori atzeratzea, kontuan izanda gaurko irudiek argudioz bete dituztela Kataluniako diplomazia zerbitzuen karpetak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.