Martxoaren 29an greba orokor zabal bat egingo da. Ahaleginak egin behar ditugu gizartearen alderdi garrantzitsu baten haserrearen adierazpen publiko eta garbia izan dadin, egunez egun hedatuago dagoen pobrezia eta egunez egun ozenkiago plazaratzen ari den sumindura antolaketa iraunkorra, koordinazio zabala eta etengabeko borroka bihur daitezen. Herritarrek protagonismoa kendu behar diete elite ekonomiko eta politikoen diskurtsoei.
Dugun egoera jasanezina delako. Azken (?) Lan Erreforma, oraingo honetan PPren eskutik etorri dena, bortitz-bortitza da; hamarkadetan hamaika izerdiren ostean enplegurik edo enplegurik gabe, besteen kontura lan egin edo bere konturakoak izan diren eta diren langileen eskubideen aurkako eraso hilgarria da lan erreforma hau. Urte hauetan gizartearen gehiengoaren aurka egindako eraso instituzionalen zerrenda luzeari gehitu behar zaio. Haien artean pentsio eta negoziazio kolektiboarenak azpimarratu behar. Lan erreforma honek, aurrekoek bezala, ez dute enplegurik sortuko (are gutxiago kalitatezkoa); aitzitik, haren ondorio kaltegarriak krisiaren ondorioei gehituko zaizkie.
Jasangaitza da Europako Banku Zentralak (EBZ) bankuei %1eko interesean bilioi erdi euro oparitu izana haiek muturreko egoeretan aurkitzen diren pertsonak etxeetatik botatzen eta etxebizitzarik gabe uzten dituzten bitartean eta maileguak benetan behar dituztenei —hau da, jendeari, negozio txikiei eta instituzio publikoei— interes altuagoko maileguetara heltzea zailtzea. Lotsagarria da bankari, transnazionalen kudeatzaile eta antzekoen ezpalekoen urteko soldatak milioika eurotan neurtzea eta Lanbide arteko Gutxieneko Soldata (LaGS), berriz, 600 euro hilean baino zerbait gehiago izatea, pentsioak, langabezia-sariak edo oinarrizko errentak murriztea eta enplegua izanik 600, 800 edo 1.000 euro hilean kobratzen dituztenak egotea; azken hauek zorionekoak lirateke.
Ez dira onargarriak osasungitzan eta hezkuntza publikoetan egiten diren murrizketak, edo babes sozialerako esparruetan izaten direnak (oinarrizko errenta edo gutxieneko diru-sarrerak, zainketa aringarrietako elkarteak...), euskara edo kulturan... eta hori gertatzen den bitartean, diru publikoak, gure diruak alegia, gizarte interes eskaseko azpiegituratzarretara bideratzen ari dira, edo boterean den kasta politikoaren estatus ekonomiko eta soziala mantentzera.
Banku handiek eta hauen akziodun eta zuzendari ahalguztidunek, nahiz eta guri asko kostatu, pertsonak baino askoz gutxiago balio dute (benetako balorean eta ez eurotan). Beraz, zergatik biztanleriaren ongizatearekiko lehentasuna eman lukurari eta zor publiko edo pribatu ez-legitimoaren itzultzerari?
Martxoaren 29an, sindikatuok, gizarte mugimenduek, murrizketek eragindako pertsonen erakundeek, gehiengo sozialak, kaleak hartuko ditugu.Ekoizpena, beharrezkoak ez diren zerbitzuak, garraioak eta abar gelditu behar ditugu… eta kalea aldarri bihurtu. Amorrua borroka izan dadila eta borroka tresna bat gizarte eraldaketarako.
Berdintasunezko gizarterako bidean, ingurumen-mugak errespetatuko duen ekoizpen-modu baten bidean, herri librekin senidetuak, ondasunaren banaketa lortu egin behar da (zerga-erreforma sakon bat, Tobin tasa finantza transakzio guztiei, zerga-paradisu guztien itxiera...) eta lanen banaketa (enplegua, pertsonen zaintza eta etxeko lana). Noizko 35 orduko lanaldia legez? Edo aparteko orduak ezabatzea? Edo benetako txanda-kontratuak berreskuratzea?... Lortu, eta ez eskatu bakarrik, ez baitigute emango ez baditugu behartzen.
Krisia dago, bai, krisi ekonomikoa, ingurumenekoa, politikoa eta sistemikoa. Bizitzeko beste era baten argi-aizkorria izan dadila, kolektiboagoa eta ez hain indibidualista; maitasun eta zaintzen kontsumitzaileagoa eta ez gauzena; berdintasunezkoa gizon eta emakumeen artean; solidarioa pertsona eta herrien artean... Bi hitzetan, Boterearen adar guztiek behin eta berirro irakatsi dizkiguten balio faltsuetatik libre (hainbeste duzu, horrenbeste balio duzu), eta aberatsa berreskuratutako balioetan, gure balioetan alegia.
Badira arrazoiak soberan. Jarraipena eta irmotasuna falta zaizkigu. Bidea korapilatsua ager daiteke, eta irtenbidea, ziurtasunik gabe. Baina ekimenak haien eskuetan jarraitzen badu, hondamena ziurra da. Alternatibarik hoberena borroka da. Egin dezagun martxoaren 29a egun historikoa izan dadila, lantegietan zein kaleetan, eta egun horren ostean ekin diezaiogun parte-hartze, antolaketa, batasunaren bideari.
Ez da garaia itxoiteko eta bere kabuz egoera eraldatzen den zain egoteko. Gizarte matxinadarako garaia da, hitzen zentzurik hoberenean: gizartearen gehiengo hori matxina dadila eta mundu hobe bat posible delako kontzientzia har dezala (dezagula), Euskal Herrian ere bai. Eta ikus dezala (dezagula) oraina eta etorkizuna gure eskuetan daudela honela nahi izanez gero eta hauek lortzeko borrokatuz gero.
Gizarte matxinada
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu