Gizatasuna

2012ko urriaren 31
00:00
Entzun
Argi dago sistema honen balioen hutsuneek sartu gaituztela oraingo krisi honetan. Bizitzaren noragabea, larrialdia eta frustrazioa dugu bazterretan. Eta horretan guztian, gizartean bizi izan dugun eta bizi izaten ari garen korrupzioa jatorrian. Krisiak gizakion psikean eta sistemaren testuinguru osoan du eragina, gutxi duenarentzat larrialdia, eta asko duenarentzat ezer gutxi laguntzeko aitzakia.

Eta gizakiaren jarrera hobe ulertzeko, herri batean bizi izandako bi adibide praktiko jartzera noakizue. Herri horretako biztanleek depresioa pairatzen zuten bere bizitzan, eta zer eta, mugarriak ziren depresio haren jatorri. Inor gutxizegoen «beretzat» zeukana emateko prest. Inor gutxik ulertuko zuen bestearen zelanbaiteko premia eta arrazoia. Egun, erabilpenik ez duen zuzenbide forala dela eta, herentzia gisa, baserritar bati lur arlo ederrak tokatu zitzaizkion. Asko bazen ere, ez zuen nahiko, eta bere aseezinean eta gehiago edukitzearen nahian mugarriak lekuz aldatzen zebilen epez epe.

Lukurreria horrek ez zuen bestearen beharrizana ulertzen, ez zuen besteak eduki lezakeen lur txatalen eskubiderik onartzen. Beraz, auzoa, adiskidea edo hurbileko sendia ere areriotzat hartuko zuen. Horretantxe, berarentzat ongarri izan zitekeen bide zidor bat egitera zihoazenean, auzokidearentzat ere on izango zelakoan ez zen biderik egiterik izan. «Niretzat ona litekeena beste horrentzat ere bada, doazela bera eta egitera doazen bidea popatik hartzera, biderik ez da egingo eta kito!». Halako portaera duen gizakientzat arrazonamenduak ez du lekurik bere bizitzan. Halakoa denak elkartasun eta eskuzabaltasunaren esanahia ez du sekulan ulertu gura izango. Urrutiegi geratzen zaizkion hitzak dira. Besteen egoera zer inportako zaio ba!

Eta gaurko gure egun honetara etorririk, zer inportako zaio ba pobrearen ezbeharra merkatu finantzetan dabilenari. Adibide horiek sarrian sarri agertzen zaizkigu, eta, batez ere, krisi garai latz hauetan. Merkatuaren gorabeherak ez du inprobisazio txintik ere, dena dago programatua. Eta makroekonomiaz hainbeste hitz egiten den honetan, bere helburuetan onura gordina besterik ikusten ez duenarentzat zer ote da ba biztanleria arruntaren larrialdia.

Horrelakoxea da sortu dugun gizakiaren galbideratzea. Halakoxe ustelkeria ezarri da sisteman. Makroekonomiak irentsi egin du mikroekonomia. Eta ezinean ari den biztanleria subjektua barik objektu legez hartzen da. Gizakiak zenbakiak besterik ez dira.

Oinarrian, gizakiarengan eta beronen ontasunean sinistu beharra dugula diote, baina gizakiok izatez geurekoiak gara. Baliteke hezkuntzak ontzea gure gizatasuna, baina izaera aldaezina delakoan nago. Hauskorrak gara oso. Horretan, haurraren portaera ere argia da, geurekoiak gara. Sistemak gizakiak sortzen ditu, eta ezbairik gabe, gizakiok egiten dugu huts. Hori gure ahultasuna. Badira eskuzabalekoak direnak, noski, badira zintzo eta zuzen jokatzen dutenak. Eskerrak, zeren, hala ez balitz, akabo gizatasuna!

Igela eta eskorpioia-ren fabula oso deskriptiboa eta adierazgarria dugu.

Gizatasunik ezaren horretan eta esandakoaren alderatze gisa, «oilolurrak» edota «lur komunalak» ziren ezaugarri. Denentzako mesedegarri ziren, eta bertan lantzen zenaz eta etekinaz, guztiak ziren onuradun. Harreman estuko ohiturak egunerokotasunaren elkarkidetza zuen oinarri. Halaxekoak ziren baita «auzolanak» deiturikoak ere, ezbeharrean aurkitzen zuenak auzokideen laguntza izango baitzuen. Krisialdi eta gizatasun galbidetasun horretatik atera ahal izateko ez dira adibide txarrak.

Geroa sustatzeko, ezinbestean, gogoeta egitea dagokigu; historia errepasatzea, aurrekoengandik ikastea eta atzokoen irakaskuntzak aintzat hartzea behar-beharrezko dugu. Gauzak joan-etorrian dabiltza. Hor ditugu greziarrak, euren historiaz, iraganaz maisu handi haien ikasbideez ahaztu egin zirenak eta ondorio latzetan sartuak direnak.

Oteizak zioenak ziurren balioko digu guri ere: «Zerbait berri sortzen aurrerantz doanak arraunlariaren antzera jokatzen du, aurrerantz joanik, baina atzera begira arraun egiten duelarik, iraganera begira, dagoenera, baina betiere kode berriak sortuz».

Guk yuppie berrien konfiantza izatearen okerra izan genuen, unibertso guztiko masterrekin zetozkigun gerente zuhur, lotsagabe eta bankari abilekin egin genuen topo. Beraiengan sinistu genuen, beraien esamesak onartu eta ontzat hartu genituen, eta gauden hontara ekarri gaituzte. Orain, eurak gabe, geuri dagokigu hemendik ateratzea. Kemenez eta ahaleginez zaigu etorkizuneranzko bidea egitea. Eta egin beharko!

Gakoa da, bakoitza berean, nondik irten nahian gabiltzala. Arduratan eta estualdian harrapaturik. Noragabearen ahaleginean. Okerrena, motibazio galtze honetan elkartasunik eza agertzen dela nahinon. Okerrena, kapitalaren oinperatzean gaudela eta men egiten diogula honi guztiari. Juan Luis Ibarra euskal erkidegoko auzitegi goreneko epaileen presidenteak esan du oraintsu: «Bankuak erreskatatzen badira, are gehiago etxea galtzen dutenak». Baina eguneroko ebidentziak ez digu hori erakusten, eta gure isiltasunaz balizatzen dira legearen arauak.

Egoera honetan, konfiantza eta motibazioa jartzea ez da erraza; hala ere, betiko izango ez delakoan, Andres Malraux idazleak bere Giza baldintza izeneko liburuaren orrialdeetan, honako hau dio: «Luzarorako izango ote da? Ez dakit, baina arrazoi gutxien dagoen une hauetan konfiantza handiago izan behar dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.