Inoiz baino gaurkoagoa dirudi John Locke filosofoaren harako esaera hark: «Mundu honetako gauzak etengabeko jarioan aurkitzen dira eta ezerk ez du luzaro irauten egoera berean».
Bizitzaren eremu guztietan gero eta aldaketa lasterragoak bizi ditugu gizon-emakumeok. Komunikazio eta informazio aukera susmaezinak eskaintzen dituzte teknologia berriek. Ekonomiaren arloan etengabeko aldakuntzak ari dira gertatzen azken aldian. Nazio batuen Erakundeari buruzko eztabaidek nazioz gaindiko instituzio politikoen garrantzia erakusten dute.
Globalizazio hitza da gaur egungo egoera hobekien adierazten duena (krisi ekonomiko globala, eine Globalethik, l´ecran global, global english...). Dudarik gabe, mundializazioa da garai postnazional honen ezaugarri nagusia. Gure Zeitgeist-a dela esango luke Hegelek. Garaiko espiritua, alegia.
Auzune globalean bizi gara dagoeneko. Gero eta estuagoak dira gizakien eta herrialdeen arteko harremanak. Munduko bazter batean gertatzen denak ondorioak ditu munduko beste izkinan. Munduko hiritar «bihurtu» gara ezinbestean. Interdependentzia, elkarrekiko menpekotasuna, harremanen konplexutasuna. Horixe da globalizazioa.
Mundializazioaren fenomenoa ez da gauza berria, 1450 eta 1500 urteen artean hasi zen. 1871-1914 bitartean izan zen mundializazioaren urrezko lehen aroa. «Garai hartan bizitza ekonomikoaren nazioartekotasuna ia osaturik zegoen», idatzi zuen Keynes ekonomialari handiak. Gero, XX. mendeko azken urteetan, areagotu baino ez da egin lehendik zetorren joera.
Karl Marxek ondo agerian utzi zuen bere Manifestu komunista famatuan kapitalismoaren eta globalizazio ekonomikoaren arteko erlazioa. «Mundu merkatuaren esplotazioren bitartez, burgesiak herrialde guztietako ekoizpenari eta kontsumoari izaera kosmopolita ematen die. Erreakzionarioen desesperorako, industriari oinarri nazionala kendu dio». Mundu ekonomian sartu gara, honenbestez.
Jürgen Habermasek dioenez, Estatu eta nazio eremura mugatutako ekonomiek osatu dute gaur arteko «konstelazio historikoa». Orain globalizazioak lehertu egin du konstelazio hori. Mundu ekonomiaren fluktuazioek, aldaketa teknologikoek eta arrisku ekologikoek ez dute muga nazionalik ezagutzen. Kontraesan batean sartu da, hortaz, demokrazia: politika nazionalak egiten dira, baina arazoak ez dira nazionalak. Problema globalek soluzio globalak behar dituzte.
Gaur egun gero eta gehiago dira Estatu-nazioaren kontrolpetik ihesten diren jarduerak: ideien, zientzien eta teknologiaren zibilizazioan bizi gara. Ekonomiak eta ekologiak berak ere ez dute nazio mugarik. Mugarik gabeko komunikazio komunitate bat osatzen dugu dagoeneko (Internet, Google, Facebook, Twitter... ).
Jarduera ekonomikoa globalizatu da batez ere. Erabat nazioarteko bihurtu da ekonomia. Kontsumo ondasunak, komunikabideak nahiz finantza fluxuak izan, ia-ia alde guztietara heldu da mundializazioa. Baina globalizazio prozesua ez da soilik ekonomikoa. Politikaren eta zuzenbidearen mailan ere bada unibertsaltasunerako joerarik. Globalizazioak, beraz, hiru alderdi ditu: ekonomikoa, politikoa eta etikoa.
Gertaera honen aurrean bi jarrera ageri dira: kaltegarria da batzuen ustez, mesedegarria besteen iritziz. Batzuentzat, fenomeno guztiz positiboa da: ekonomia mundialak gizaki guztien ongizateari lagunduko diolakoan daude. Globalizazioaren ikuspegi ezkorra dutenek haren ondorio ekonomikoak gaitzesten dituzte bereziki: desberdintasunak handitu eta pobrezia areagotu duela diote (goseteak kontinente afrikarrean, ingurumenaren suntsiketa, gatazken handiagotzea…).
Ez postura batek ez besteak konbentzitzen dute Michael Reder Globalizazioa eta filosofia (Herder, Bartzelona, 2012) izeneko liburuaren egile alemaniarra. Etsenplu zehatzez baliatuta, gauzak bere lekuan jartzen ahalegintzen da Municheko irakaslea. Globalizazioa anbibalentea da, izan: arriskua eta aukera da aldi berean. Muturreko ikuspegiak ez dira egokiak, hortaz: globalizazioa ez da deabrutu behar, ezta jainkotu behar ere. Globalizazioak badu alde onik ere: guztiok munduko hiritarrak garen sentimendua bultzatu du. Kontzientzia kosmopolita hedatzen lagundu du interdependentziazko egoera berriak. Ezin da esan globalizazio guztiak txarrak direnik.
Garai global hauek erantzun globalak eskatzen dituzte arlo guztietan. Globalizazioan sakondu egin behar da, ez atzera egin. Giza eskubideak, justizia eta ongizatea alde guztietara iritsi daitezen, nahitaezkoa da globalizazioa. Zoritxarrez, gaur gaurkoz ez dago globalizazio ekonomikoa arautuko duen tresna juridiko eta politikorik. Mundu ekonomia kontrolik gabe dabil, eta mekanismo politikoek ezin dute geldiarazi.
Merkatu ekonomiak ez dauka ordezkorik. Globalizazioren «alde» edo «kontra» egon gaitezke, baina prozesuak ez du honezkero atzera bueltarik. Diruaren globalizazioari etikaren eta solidaritatearen mundializazioa kontrajartzea da gelditzen zaigun irtenbide bakarra. Justizia globalak egin behar die aurre kapitalismo globalaren erronkei.
Hor daude nazioak, etniak eta kulturak euren ibilbide bereziekin. Eta gero badago guztiok—norbanako zein gizatalde—nahasita gauden gizateria globala. Zibilizazio desberdinak (mendebaldarra, islamdarra, txinatarra…), alde batetik; giza zibilizazio bat bakarra, bestetik, askotarikotasun amaigabean loratzen dena.
Eta elkarrekin bizitzen ikasi beharko dugu. Mendebaldeak Islamarekin, bereziki, euren arteko haustura gaizkitu egin baita azken urteotan. Bizi garen mundu ez-seguru eta arriskutsu honetan, guztiok gara berdinak, eta diferentea da bakoitza.
Globalizazioaren filosofia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu