Gora errepublika (espainola?)

2012ko apirilaren 21a
00:00
Entzun
Errepublika eguna omen apirilaren 14a. Harro atera ditugu errepublikaren sinbolo diren banderak.Baina ez da errepublika guztien eguna, espainiar errepublikaren eguna baizik. Eta atera dugun bandera (la tricolor deritzogu maitasunez), ez da errepublika guztien sinboloa, espainiar errepublikarena baizik. Piper potoa ez dugu nahi. Ados. Baina zergatik? Espainiako Estatu zanpatzailearen sinboloa delako? Edo errepublikanoa ez delako? Espainiako Gerra Zibila Errepublikaren aldekoek irabazi izan balute, pozik jarriko genuke Espainiako bandera (la tricolor) gure udaletxe eta bazter guztietan?

Bide ertzean hil zituzten euskaldun asko errepublika espainola defendatuz. Baina euskaldunok, subiranotasuna indarrez kendu zigutenetikhainbatetan bezala, gureak ez diren gatazketan parte hartzera behartuak izan ginen orduan ere, bi aldeetako baten alde eginez. Gatazka hauetan galtzaile seguru bakarrak gu ginelarik.

Francorekin ondo dakigu zer gertatu zen. Errepublikaren aldekoek irabazi izan balute, subiranotasuna berreskuratuko genukeen? Frantzia errepublika bat da. Frantses Iraultzaz geroztik erakutsi al du gure nazio sentimendu, hizkuntza edo kulturarekiko sentsibilitate edo errespeturik? Zer sentitzen dugu Baionako udaletxean Frantziako Errepublikaren bandera ikusten dugunean?

Errepublikanoekin, edo ezkertiarrekin, gure Herriaren ibilbidea errazagoa izango zatekeen irudipena dugu. Historikoki guztiz kontrakoa gertatu da baina: Gure Herriak subiranotasuna absolutismo garaian galdu bazuen ere, Frantzian liberalek beraien iraultza lortu zutenean, desastre monumentalaizan zen gure Herriarentzat. Eta berdin gertatu zen Cadiz-eko Konstituzioarekin eta ondoren etorri ziren Karlistadekin. Hor ere, gurea ez zen gatazka armatu batean parte hartzera behartuak izan ginen. Carlosen hautua egin genuen (absolutistak) gure foruak defendatu nahian. Baina hain justu liberalek, ezkertiarrek, irabazi zuten. Eta horiek, urte batzuk lehenago Frantzian bezala, homogeneizatze baten apustua egin zuten (ez dago espainola ez den beste herririk Espainiako Estatuaren lurraldeetan), beraien Nazio-estatua indarrez inposatuz. Ezkertiarrak eskuindarrak baino askoz ere erradikalagoak izan dira gure herriarekiko.

Espainiar eskuindar eta ezkertiarrak, errepublikanoak, frankistak nahiz monarkikoak ados daude «España, Una, Grande y Libre» delakoan. Errepublikaren aldeko buruzagi baten hitzetan: «Ez naiz inoiz espainolista izan. Baina sumindu egiten naiz gauza hauen aurrean. Eta jende honek Espainia apurtu behar badu, nahiago dut Franco. Felipe V.aren garaia gogorra izan zen, baina egonkorra eta erosoa. Bi mendeetan baliagarria izan da. Espainiako historiaren konstante bat da 50 urtean behin Bartzelona bonbardatzea. Bartzelonaren autonomia bertan behera uzteko Francok atera zuen dekretuak jarraitzaile sutsuak zituen errepublikanoen artean. Euskal frontea bertan behera geratuta, bihar arazo izan zitekeen afera bat gainetik kendu dugu. Francori eskertu egin behar diogu euskal auzia konpondu digulako; ia iraganeko kontua da. Nazioa bakarra da: Espainia! Espainia apurtuko luketen kanpaina nazionalistak onartu baino lehen Francori egingo nioke lekua, baldintza bakarrarekin: alemaniarrak eta italiarrak gainetik kentzea. Erregionalismoen gaietan hobeto ulertzen gara falangistekin separatistekin baino».

Errepublikaren aldekoak gara, baina Euskal Errepublikaren aldekoak. Eta Euskal Herriko Errepublikaren sinboloak nahi ditugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.