Gudari Eguna eta Txillardegi

2018ko irailaren 25a
17:24
Entzun

Irailaren 27an Euskal Herriaren defentsan hildakoak omendu ohi dira, Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi jaio zen egun berean, alegia.

Berez, 1975eko irailaren 27an azken frankismoak fusilatutako Jon Paredes Manot Txiki eta Angel Otaegi Etxebarria gogoratzeko hasi zen erabiltzen «Gudari Eguna» —haiekin batera, FRAP deituriko talde marxistako José Luis Sánchez Bravo, Ramón García Sanz eta Humberto Baena ere hil zituzten— eta, bere sorreran, salaketa antifrankista sorburu izan bazuen ere, orain arte iraun du. Halere, gaur egun, epaileek ETAko ekintzaileen omenaldi publikoa delakoan, debekatu ohi dute ospakizuna eta terrorismoa goresteko antolaketa dela diote ETA bera, dagoeneko, existitu ez arren.

Hori dena gertatu aurretik euskara batuaren aita izan den Jose Luis Alvarez Enparantza jaio zen Donostiako Antigua auzoan 1929ko halako egun batean.
Txillardegi euskara batuaren aita izan dela ez dut nik esaten, zenbait euskaltzainek baizik, Ibon Sarasolak edo Jean Louis Davantek kasu, nahiz eta Euskaltzaindiak berak orain arte aitortu ez.

Txillardegik, 1968an Arantzazun hizkuntza estandarizatzeko aurkeztu zen txostenaren ardatzak prestatzeaz gain, 1956tik Euskaltzaindiari igorritako Karta Idigia-n hura aldarrikatu zuen eta, bitartean, euskara literario berria erabili zuen, Arestik edo Mirandek egin gisan.

Txillardegi, Harribizketa bere auzoan, Larresoro Iparraldean, Usako familiaren jatorriko Oñati aldean, 2012ko urtarrilaren 14an zendu zen behar bezalako aintzatesmendurik gabe, bada.

Hori zela eta, honakoak bota zituen orduan Andres Urrutia euskaltzainburuak (Txillardegi, euskal «intelligentsia»-ren haritik. Gara 16/01/2012).
«Belaunaldiei dagokienez, Txillardegik ekarri zigun guri, joan den mendeko 50-60 hamarkadetan jaiotakoei, halako haize berria, desberdina, nobela zein saiakera arloetan eta, oro har, gizartearen eta kulturgintzaren esparru anitzetan. Osterantzeko tenore horrek zekarren, ekarri ere, euskararentzat etorkizuna eta biziraupena.

Ingurukoa aintzat hartuta, Txillardegi, beste askoren antzera, oro egilea izan da euskalgintzan, teorikoa nahiz eragilea. Letraz letra irentsi genituen gutariko askok, gose eta ezin ase ari ginenok euskararen munduan, haren lanak eta tituluak, euskara batuaren eraikitze prozesuan.

Euskara batua, euskararen eraberritzea, euskararen normalizazioa... orduko kezkak eta ardurak ziren, egun ere euskaldunoi ezinegona ekartzen digutenak. Txillardegi, bistan da, horiek askatu, erraztu eta aurreratzen ahalegindu da».

Dena den, arestian aipatu moduan, Euskaltzaindiak berak ez du orain arte ofizialki Txillardegik egindako ekarpenaren munta onartu, ez eta, tamalez, bera jaio zen Donostiako udaletxeak ere.

Aldiz, Enparantza sendiaren jatorrian, Oñatin, zoritxarreko molde gaizto hura apurtzera dator, izan ere, Oñatiko Udalak, irailaren 27an, Arantzazun Txillardegiren lana aitortzeko plaka bat ipintzea erabaki baitu, Iñigo Arregi eskultoreak diseinaturik eta Milikua ostatuko aurrealdean ezarriko dena. Milikua-koei esker, esan gabe doa, gauzatuko da, azkenean, hasieran ideia besterik ez zena.

Txillardegik ezin izan zuen Arantzazun egon 1968an euskara batuaren oinarriak eztabaidatu zirenean baina sarri joan ohi zen Milikua-ra, eta bertan ikertu, idatzi eta atseden hartzen zuen.

Txillardegi Liburutegia herri-ekimenak proposatuta hartu zuen Oñatiko Udalak Txillardegiren lana aitortzeko erabakia. Zinegotzi guztiek, EH Bildukoek zein EAJkoek, aho batez eman zuten aldeko botoa, txalo artean bukatu zen udal bilera hunkigarri batean.

Horrela, Oñatiko Udala bihurtuko da Txillardegiri aintzatesmendua merezi bezala egingo dion lehenengo herri-erakunde. Txillardegi Liburutegia herri-ekimenak, aitortza ofizialaren bidean, urrats garrantzitsutzat jo du ekimena, jakina.

Honekin batera urrats berriak etorriko diren konbentzimendua ere badugu, baita Txillardegiren jaioterrian bertan ere, Donostian, alegia.

Ez dugu ahaztu behar, halere, aurten (urriaren hasieran) euskara batuaren sorreraren 50. urteurrena izango dela. Euskara batuaren oinarriak Arantzazun jarri ziren eta oinarri horien gurasoetako bat Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi izan zen neurrian, Euskaltzaindiak berak urteetan urgazle izan zuenaren emaria ofizialki bezain publiko bere egingo duen itxaropena ere ez dugu galdu nahi.

Edozein modutara ere, haren oroigarri plaka inaugurazio ekitaldira gonbidatuta zaudete, Gudari Egunean, arratsaldeko zazpietan eta, bide batez, musika eta hainbat hitzaldi labur txirikordaturik, Mikel Biain Oñatiko alkatearen honi buruzko hitzak entzungo dituzue.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.