ezker abertzaleko militantea

Gure eginbeharra...

Itziar Aizpurua Egaña.
2018ko urriaren 17a
18:28
Entzun

Gure lana, zintzotasunez esanda, ez da instituzioetako eztabaida eta hitz trukaketak aztertzea, hau edo beste esan nahi ote zuten edo nori zuzendua ote den garbi ulertzen ez denean...

Instituzioak CAVekoak, Nafarrokoak edota Iparraldekoak izan, denak Euskal Herriaren Askatasunaren aldeko lana egin behar lukete. Askatasuna zentzu zabalenean harturik, inor bertatik kanpo sentitu gabe eta bai bertako partaide. Hor dago hain zuzen gakoa, nire iritziz.

Lan horretan, instituzio guztiak, politiko, zein sozial maila zabalenean, eta sindikal, izugarrizko ardura dute une honetan, garrantzizko unean bizi garela etengabe entzuten ari garen honetan. Neuk ere, hala deritzot, baina ez dut aldeko jarrera ikusten bakoitzak bere askatasun propioa, bere ahalduntze propioa defendatzen duenean. Alegia, ez dago herria egiten gaituen orerik, ezta kritika zorrotzik bidexka honi argi egingo dionik ere.

Nire azken urteotako kinkea pizturik jarraitzen du gau luzean izarrak aurkitu nahian eztabaida antzuetan murgildu nahiezta. Ondo dakit arituz aurkitzen direla izarrak, etengabeko jardunean, itxaropena buruan eta ilusioa bihotzean. Baina, horretarako bidaide egokiak eta gidari zintzoak behar dira, argitasuna emango digutenak eta diren guztia Herriaren alde egingo dutenak ere. Gehiegitxo ote? Baiezkoan nago begi bistan dugun  orea ikusita!

Badakit ere, kamarada deituta ez garela ezkertiarrago izango, beraz, hobe deiturarik gabe ezkerreko bidea jorratu posibilismoan eror ez gaitezen, zeren hortik hasita maldaz behera abiadura ikaragarria har genezake, eta zulo horretatik irteteko ez dut pentsatu ere egin nahi nolako zailtasunak aurki ditzaketen hurrengo belaunaldiek!

Lizarra-Garaziko garaian ez omen genuen izan estrategia berrirako heldutasunik ezta barne kohesiorik ere, baina gizarteak beste era batera bizi omen zuen garai hori zuzendaritza politikoa gaindituz. Neuk ez nuen bere osotasunean bizi, albozka soilik kartzelan nengoen eta, baina, bat nator gauza batean: politikoki lidergotza taldea edo kolektiboaren eza edo falta nabari zela. Garai hartan aukera politikoa galdu egin zela edo genuela esaten da.

Oraingo honetan, mugimendu sozialen bihotz taupadak entzuteko ez bagara gai, ezingo dugu herria bere senez osatu, eta ezkerretik eraiki estatu propioa lortzeko bidean. Porrota nagusituko da!

Are gehiago, kartzeletan eta atzerrian ditugun kide, etxeko, lagunak, gaur, eta orain, samin ikaragarriaz diot, ez garela gai izan ez kartzelatik ateratzeko, ezta etxetik hurbileko kartzeleetara ekartzeko ere, eta, zer esanik ez, erbestetik Euskal Herrira! Lidergotza eza? Nik bederen, ez dut ez Espainiatik ezta Frantziatik irtenbide zintzorik espero. Azkenengo "mugimendua" lekuko: Peio Irigoien eta Karlos Apeztegiarekin Frantzia eta Espainiaren jokabidea.

Larunbatean dugu beste aukera txikia Donostian gure oihuak sentipenez beterikoak ezinbesteko eskakizunei bide emateko: gure maiteak bere etxean izan daitezen azkar!

Gure betebeharreko lana gizatiar gisara jokatuz. 

                                

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.