Gure esku dago

2012ko urriaren 21a
00:00
Entzun
Erresuma Batuan, 2012ko urriak 15ean, Alex Salmond eta David Cameronek Eskoziako erreferendumaren inguruan elkarri bostekoa emanez irudikatutako akordioak txunditu egin nau.

2007tik SNPk erreferendumaren inguruan emandako pausoak gertutik segitzeko aukera izan dugu. Hala ere astelehenean ateratako argazkia ikusteak, barneratuta ditugun eskema itxien ondorioz,ustekabean hartu nauela esango nuke. Erresuma Batuan eman den argazki horrek, hango gizartean baino, gurean argitasun gehiago eman dezakeenaren ustea dut. Gizartean oinarritzen eta gizartean sustraiak botata dituen argazkia da. Erresuma batuko gizarteanirudi hori ez da oasi bat, gure lurrean gaur egunean izan zitekeen bezela. Horregatik argazki berari baino, hori posible izan dadin behar beharrezkoa den oinarriari, gizarteari, begiratu beharko genioke. Argazkia azken finean horren ondorio bat da.

Demokraziaren bidean, gureak baino askoz pauso gehiago, eman dituen gizartea da.

Herri bakoitzak, gizarte bakoitzak, pausoak emanez bere bidea ireki, sortu edo eraiki behar du. Baina norabide egokian joateko, iparra edo izar egokiei begira eman behar ditu pausoak. Eta horretarako izar edo ilusiozko argi iturri guztiak erabili behar ditugu norabidea eta iparra irudikatzeko. Baita kanpoko izar edo mugarriak ere: Eskozian ematen ari diren gertakariak adibidez. Nahiz eta hemen, gure bidea egin beharko dugun, ditugun baliabideekin mugarri horiek lagungarri izan ditzakegu.

Urriak 15ean Alex Salmond eta David Cameronen argazki-mugarri hori, EHan hipotetikoki argazki hori ordezkatu dezaketen bi pertsonaiak nortzuk izan daitezkeen pentsatzen oker arituko ginatekeela iruditzen zait. Argazki hori ez baitago bi pertsona, bi alderdi edo bi instituzioen eskuetan. Agintari, instituzio, legedi etab... luze baten grabetate zentrua gizartean dago. Gure esku dago.

Perspektiba historikoarekin begiratuta liderrak, instituzioak, legediak...aldatu egiten dira. Epe motzekoak dira. Guzti horren zimentua eta oinarria den gizarteak edo gizarte horren baloreak, iraupen handiagoa du ordea.

Eskozian eta Erresuma Batuan gertatzen ari dena inbidiaz ikus dezakegu. Baina ematen ari diren argazki, jokaera eta jarrera guzti horiek gizartearen isla dira.

Hango eta hemengo egoerak alderatuz gero, diferentzi handiak aurki genitzake. Baina gure herrian, gure aurrean ikusten dugunarekin gustora ez baldin bagaude, hausnarketa egin dezagun, guk zer egiten dugun, edo zer ez dugun egiten eta nola jokatzen dugun aurrean ikusten dugun hori bestelakoa izan dadin. Gustukoa izan dezagun. Zer egin dezakegu? Nik bi aukera ikusten ditut: Bata, zai egon. Agian denboraren poderioz, bere kasa egoera gure gustura egokitu daiteke. Edo eta gu egokitu gintezke egoerara. Eta bestea, arduraz jokatu. Gure esku dago.

Gehiegitan, adibidez politikariengan delegatzen ditugu guri dagozkigun ardura asko. Delegatzean, momentuan karga bat ken genezake gainetik. Baina denbora pasa ahala, benetan barruan dugun gaitasunaz ahaztu gintezke. Delegatu diogunarekiko dependentzi bat sorraraziz. Guzti hori alda dezakeen, guzti horren aldaketa sorrarazi dezakeen iturburuaz ahaztuaz. Gure gaitasunaz ahaztuaz. Eta egiten dutenarekin kexati baldin bagabiltz, orduan gelditzen zaigun aukera, lau urtez behin jartzen diguten kristalezko urna batean botoa eman eta horrela suerte pixkatekin, gure ardurak delegatzen diogun pertsona, instituzio edo politikariak aldatu, horrela egoerak hobera egingo duen esperantzaz. Beste batzuengan delegatuz.

Agintariak, politikariak, alderdiak herritarren eskuetan izan behar ditugun tresnak, baliabideak dira. Edo egokiago esanda, elkar lanean aritu beharreko ekipo bera. Hori horrela izan dadin lehendabiziko bete beharra, gure jarrera aldatzean datza. Horretaz jabetu, konsziente izan, sinestu. Hartu beharreko jarrera eta bidea irudikatu. Bidea irudikatzean, atzetik pausoak errazago dijoaz eta.

Irudikatu dezagun gizarte partehartzaile, heldu eta osasuntsu bat. Irudikatu dezagun oinarria-gizartea osatzen duten sentsibilitate ezberdinen arteko topaguneak, adostasunak edo bilguneak—. Irudikatu ditzagun nahi ditugun agintariak, politikariak, instituzioak. Irudikatu dezagun nahi edo desio dugun etorkizuna. Garai bateko euskal itsasgizonek, gau ilunetan, itsaso zakar eta zabaletan aurrera egin eta zituzten helburuak lortzeko gidari zituzten izarrak bezelaxe irudikatu ditzagun ditugun helburuak. Bidea erreztu, argitu, garbituz pausoak errazago eman ditzagun.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.