Hala eta guztiz ere, «bai, egin daiteke»

Marco Santopadre
2011ko uztailaren 2a
00:00
Entzun
Baiezkoaren aldeko uholde bortitz batek urperatu egin ditu Berlusconi eta oposizio liberala. Napolin milaka herritarrek ezin izan dute botorik eman, bozkalekuetako ordenagailuak ez zebiltzalako… Bozkaleku asko itxita zeuden, edo, aurrez jakinarazi gabe, tokiz aldatu zituzten… Halakoak eta antzeko beste trikimailu batzuk erabili ditu azken egunotan Berlusconiren gobernuak, Italiako herritarrek egin beharreko lau erreferendumei boikot egitearren. Lehen erreferenduma, ura pribatizatzearen aurkakoa; bigarrena, zerbitzu publikoak pribatizatzearen kontrakoa; hirugarrena, Italia berriro energia erabiltzen hastearen kontrakoa —italiarrek ezezkoa eman zuten 1987ko erreferendumean, baina ez dirudi haien ahotsa ongi ulertu zutenik—; eta laugarrena, lehen ministroaren pribilegio judizialen kontrakoa.

Lehendik, gobernuak atzeratua zuen botoa emateko eguna, ekainaren 12ra eta 13ra arte; alegia, tokiko hauteskundeak izan eta hiru aste igaro arte, espero baitzuten ordurako hautesleak nekatuta egongo zirela eta, ondorioz, ez zutela parte hartuko hurrengo erreferendumetan. Gonbita ere egin zien herritarrei egun horietan hondartzara joateko. Estatuko telebistarik garrantzitsuenak, berriz, faltsutu egin zuen iganderako eguraldi iragarpena: eguzkia agerrarazi zuten lurraldeko mapa osoan, eta hiritik kanpo egun-pasa joateko gomendioa egin… Baina ez zuten lortu. Gobernuaren boikot ageriko bezain basatiaz eta hark erabilitako informazio makineriaz harago, italiarren %57k ezezkoa eman zioten ondasun publikoak pribatizatzeko logikari eta amesgaizto atomikoari. Zentro-eskuineko eta Lega Nordeko hautesle asko ere botoa ematera joan ziren.

Boikotak ez du balio izan, jendea jabetu baita guztien etorkizuna eta hurrengo belaunaldiena dagoela jokoan. Zalantza izpirik gabe, baldintza politiko demokratikoetan eta informazioa benetan eskuragarri izatera, are handiagoa izango zen parte hartzea, %65-70 inguru. Baina emaitza bikaina da hain baldintza latzetan %57ko parte hartzea lortzea; ez aipatzearren %95 izan direla eskabideen aldeko botoak. Lau frontetan irabazi dute borroka garaipen hau duela bi urte ontzen hasi zirenek.

Kontsultetan gertatutakoak argi eta garbi erakusten du bizitza politikoan parte hartzeko gogoa duela jendeak; eta hori guztia, gero eta elitistagoa den politika sistema baten barruan: hainbat urte baitaramatzate milioika langilek, emakumek eta gaztek erakundeetan ordezkaririk lortu ezinean.

Orain, presio taldeen zerbitzura diharduten analistek diote beldurrak eta demagogiak eragin dutela emaitza hori… Japonian Fukushimako hondamendiak eragindako beldurraz ari baldin badira, arrazoi dute. Batzuetan, egintzek erakusten dute ez dela egiazkoa «energia nuklear, garbi, merke eta seguruaren» irudi idilikoa. Sardiniarrek ere bozkalekuetara jo dute beren iritzia berrestera; duela hiru aste, eskualde hauteskundeetan, ezezko biribila eman zioten energia nuklearrari.

Kolpe latza izan da —hilgarria, agian— Berlusconiren gobernuarentzat, krisi erabatekoan baitago, ez hainbeste buruzagiaren sexu eskandaluengatik, baizik eta inoizko ekonomia krisirik latzenaren kolpeengatik, ezin ezkutatu baitituzte ez demagogiak, ez populismoak, ez eta txisteek ere. Aldi berean, seinale ezinago adierazgarria da parlamentuko zentro-ezkerreko alderdi oposiziokoen sektorearentzat. Lehenik eta behin, Alderdi Demokratikoarentzat, duela urte batzuk energia nuklearraren programaren alde egin baitzuen, eta, gero, Berlusconik akuilaturik, ahal duen guztia pribatizatu baitu agindu duen eskualdeetan eta hirietan. Kontsultetan baiezkoa nagusitu eta gero, alderdi horiek eta haien propaganda bulegoek bere egin nahi izan dute baiezkoaren garaipena, baina erreferenduma kosta ahala kosta bultzatu eta aldeztu duten gizarte mugimenduetako ordezkariek honela erantzun diete: «Inork ez gaitu ordezkatzen».

Lehenbizikoz, ezinago argi erantzun zaie, independentzia politikoa berretsiz, Alderdi Demokratikoari eta hark liberalismoaren dogmaren kontrako herri borrokak instrumentalizatzeko egindako saioei. Antza denez, tokiko batzordeak, hainbat elkarte ekologista eta oinarriko sindikatuak erreferendumen alde sinadura bila hasi zirenean—1.400.000 lortu zituzten eskabide bakoitzeko!—, alderdietako buruzagiek bazituzten beste lehentasun batzuk, eta ekimenaren kontra ere agertu ziren.

Duela hainbat urte hasi zen abentura luze hau, Toscana gorrian, Alderdi Demokratikoak eta haren aliatuek ura, argindarra eta ahal zen guztia pribatizatu zutenean. Eta batzordeek ez diote barkatu oraindik. Orain, lehen-lehenik eskatzen dute tokiko gobernuek geldiaraz ditzatela hirietako pribatizazio prozesuak, uraren kudeaketari eta zerbitzu publikoei dagozkienak. Fronte horretan erakutsi beharko dute zentro-ezkerreko alderdiek herritarren eskabideen alde egiten duten ala ez.

«Bai, egin daiteke», horixe da erreferendumak emandako baikortasun mezua: boikotak boikot, eta urriak izanagatik ere indarrak. «Bai, egin daiteke». Mezu horren bidez, irteerako atea erakutsi diote eskuineko gobernuari, eta ezezko biribila eman Alderdi Demokratako teknokratek ordezkatutako ustezko alternatibari. Izan ere, alderdi horretako buruzagiek, sindikatu horiek eta enpresa elkarteek Greziako erako sendabide bat ontzen dihardute.

(Erredakzioan itzulia)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.