Aurten munduan gertaeren artean lehengo tokia hartzen ari da herri arabiarren udaberria deitutakoa. Ez da egun bat iragan Libiaz, Siriaz, Tunisiaz, Egiptoz eta Yemenez mintzatu gabe, beste arabiar musulman erresumetan polikimugitzen ari den arren. Baina negua hurbiltzen ari zaigularik oso luzea da udaberri hau.
Herrien udaberria hitz bikotea nondik datorkigun neure buruari galdezka geratu natzaio aurten behin baino gehiagotan. Oroitzen naizenez, lehengo aldiz 1968. urtean entzun nuen Txekoslovakiako oldar antisobietikoa gertatu zelarik; beti Pragako udaberria ukan dukegu geure baitan gertaera hauek ezagutu ditugunok.
Berpiztearen kontzeptua badarama bere mamian udaberriak, eta orduan zapalkuntzatik irteten ari den edo bere izateaz kontzientziatzen ari den herri ororen mugimenduak. Krabelinen matxinada deitu Portugaleko iraultza apirilean piztu zen; Independentziaren lortzeko Irlandarena 1916. urteko Pazkoan hasi zen; Euskal Herrian egun berean ospatzen da Aberri Eguna, eta 1963. urteko Pazkoan sortu zen Enbata Iparraldean Itsasuko deklarazioa aldarrikatuz. Badira, hala ere, udazkenean piztu eta hedatu ziren iraultzak: 1917ko urrian Errusian gertatutakoa eta Aljeriaren Independentzia gerla hasi zen Omniasantu gorria deitua dira ospetsuenak. Noiznahi gertatu ere,bedi udazkenean bedi udaberrian aldaketa asko badaramate mugimendu edo oldar horiek.
Herri arabiarretan gertatzen ari diren mugimendu iraultzaileek edo populuen iratzarketek urte bat baino gehiago iraunen dute eta estatu bakoitzean itxura desberdinak badute. Haatik, puntu komun bat daukate guztiek: militar edo erregeren boterea ahuldu eta herriari benetako demokrazia eman; hots, herrian dauden tendentzia eta gutxiengo guztiek ordezkaritza legezkoa ukan dezaten gura dute oldar baikor eta aurrerako horietan sartutakoek. Baina mende luzeetan zehar mendebaldeko boteretsuen eta diktaduren menpean egon ondoren, oso zailak dira aldaketa horiek.
Lehenik estatu bakoitzean dagoen edo izan diren politika bideak: Arabia Ameriketako Estatu Batuen aliatu porrokatua da; atzo Libian bezala bukatzear dagoen diktadura bat Sirian. Europako jende askorentzat leku ederra den Marokon Saharar herrialdearen okupazioa. Baina herri hauek badute puntu komun nagusi bat: musulmanen integrismoa da, nahiz moderatua nahiz gogorra edo erradikala. Gutxiengo nazionalak (Berbereak, Kurduak) eta erlijiozkoak (Koptoak, Xiitak eta Kristauak) herrialde haietan daudela kontuan harturik, islamisten arrakasta ezezkorra litzateke arabiar musulmanak ez direnentzat. Baita ere gizarteetan orain arte izan diren tabuak mantenduko edo areagotuko lituzke islamismo integristak. Naski islamisten aurka ihardukitzea boterean egoteko diktadoreen arrazoirik nagusiena izan da. Baina kondairak frogatu digunez, irtenbiderik gabeko karrikatxo batean dago beti diktadura. Tupin itxian lurrin boteretsua edukitzen duen tapoia bezalakoa da diktadura: eltze gainetik kenduta dena lehertzen da.
Jadanik ildo on batean sartu dira herri arabiarretako oldarrak: diktadore batzuk kendu eta hizkuntza berbera berrezagutu. Baina islamisten jarrerak etorkizunean dena okertuko duenik grinatzeko arrazoirik ez daukagu eskas, islamaren balioak naski gaitzetsi gabe. Adibidez, Erromako Elizak duela lauzpabost mende Ambroise Pare medikua eta Galile astronomoa zigortzenzituelarik, islamak zientziaren aurrerapenak bultzatzen zituela ez dezagula ahantz. Islamaren interpretazio gogor eta erradikalak beste diktadura mota bat sorraraziko luke herri hauetan, Iranen eta Afganistanen gertatu zen bezala. Beraz, herri arabiar musulmanen udaberria ez bedi negu luze bat bihur.
Herrien udaberria
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu