Aste honetan, maiatzaren 17an, homofobia eta transfobiaren aurkako nazioarteko eguna izan da, eta, jende gehienak horren berri ez izanik ere, momentu egokia da zer egin ahal den, zer egin ahal dugun, egunero adin guztietako emakume eta gizon askok —gehiengoaren joera sexuala ez izateagatik— pairatzen duen diskriminazioa gainditzeko.
Badira joerak, ohiturak eta bizitza ulertzeko moduak —baita sexualitatea ere— haurtzaroan ikasten direnak, eta kontuan hartzen badugu familiaren ondoren eskola dela sozializatzeko gune garrantzitsuena, eskolak hainbat eta hainbat kasutan bizitzaren oinarrizko baloreak transmititzeko ardura hartzen du, eta eskolan bermatu behar ditugu gizon eta emakumeen arteko berdintasuna, eta sexuagatiko diskriminaziorik gabeko gizartea lortzeko beharra. Hezkidetza da bidea, eta horrelaxe eraikitzen ahal dugu bisibilitate, transbersalitate eta inklusioan oinarritutako hezkuntza.
Santos Guerrak (1984) hezkidetza honelaxe definitzen du: eskola komunitatean nahita egiten den parte-hartze inplizitua ikasleen garapen osoa erraztearren, norberaren sexuaren onarpenari eta elkarren ezagutzari arreta berezia jarriz, eta bien arteko bizikidetza aberasgarria azpimarratuz.
Kidetza atzizkiak laguntasuna, hurbiltasuna adierazten du, eta horixe da irakasleok ikasleekin egin beharreko lana: laguntzea —baita gidatzea ere — bere sentimenduak aurkitzen ari diren momentuan, garapen fisikoan, afektibo-sexualean, bai eta gizartean dagoen aniztasunaren ezagutzan ere.
Gure helburua ez da tolerantzia lantzea, horren esanahia baita «zilegi ez den zerbait onartzea, espresuki onartu gabe», gure helburua gizakion berariazko aniztasuna errespetatu eta gure egitea da. Tolerantzia errespetuaren hastapenarekin erlazionatu izan da, eta abiapuntu egokia izan daiteke hainbatetan, baina irakasleon helburuak — gure ustez—bestelakoa behar du izan, anbizio handiagokoa: ikasleak hezkidetzaren hiru oinarriak (bisibilitatea, transbersalitatea eta inklusioa) ongi ezagutu eta baloratu behar ditu , eta horiek talde guztientzat balio dutela jakin: homosexual, lesbiana, heterosexual, bisexual eta transexualentzat. Talde horiek guztiek inguru hurbilean zein publikoan agertzeko beharra dute; bisibilazioa ezinbestekoa da. Ezin gune askerikaipatu talde horietakoren bat bere joera sexuala ezkutatu beharren badago, ahoz, psikologikoki edo fisikoki erasoa izaterenbeldur bada. Eta aldarrikapen honek —egin beharreko lan honek— ikasleentzat zein irakasleentzat du balioa.
Berdintasunean oinarritutako gizartean bidean aurrera egin ahal izateko, ezinbestekoa izan da euren sentimenduak jendaurrean agertu duten pertsonen jarrera tinkoa. Bazterkeriaren kontrako legeek ez dute zentzurik diskriminaturik diren pertsonak beldur badira. Inklusio sozialean lagundu behar diegu ikasleei.
Bizitzaren garai honetan taldea beren mundua da, erreferentea, segurtasun iturria. Lan egin dezagun beldur gunea izan ez dadin.
Hezkuntzako STEE-EILAS sindikatuak urteak daramatza hezkidetza lantzen, eta aurten pauso batharatago ematea pentsatu dugu eskoletan lantzeko materialen lanetan, helburu tinkoa duen berariazko materiala sortuz, hau da, irakasleen laguntzaz ikasleek sexuagatiko diskriminazioaz hausnartzea, eta, ahal duen neurrian, aurreikusi, bisibilizatu eta homofobia kasuen kontra egitea, jazarpena edo diskriminazioa pairatzen duten pertsonekiko enpatia landuz. Ekainean lantzeko moduko material hori aurki ikastetxeetara igorriko dugu, hilabete horretan gay, lesbiana eta transexualen taldeen aldarrikapenak inoiz baino ageriago baitaude gure gizartean, ekainaren 28aren inguruan.
Gure gizartean gertatzen ari den aurrerapen soziala ikusita, gure poza adierazi nahi dugu, baina ezin dugu ahaztu Osasunaren Mundu Erakundeak homosexualitatea eritasun mentalen zerrendatik kendu zuenetik, 1990eko maiatzaren 17an, 25 urte baino ez direla pasatu. Erabaki horrek mende luze batean lesbiana, gay, eta transexual eta bisexualen kontra (LGTB) sistematikoki izandako homofobia mediku eta soziala bukatzea zuen helburu. Baina, hala ere,LGTBren errealitatea ez da gehiegi aldatu nazioartean. Gogoratu behar dugu munduko 7 herrialdetan homosexualek, bisexualek eta transexualek heriotza zigorra jasaten dutela, eta LGTB komunitatearen kontrako diskriminazioak ez dituela errespetatzen nazioarteko itunak, edota Giza Eskubideak nabarmen urratzen dituztela herrialde gehiegitan (%50 baino gehiagotan).
Hori dela eta, maiatzaren 17an Homofobia, Transfobia eta Bifobiaren Aurkako Nazioarteko Eguna da, International Lesbian, Gay, Bisexual, Trans and Intersex Association (ILGA)-ren sostengua duena, bai eta 40 herrialdetan diren hainbat eta hainbat talderena ere. Aurten STEE-EILAS sindikatuak modu aktiboan hartu nahi izan du parte egun honetan, inklusiboa den eskolan sinisten baitugu, diskriminaziorik gabeko eskolan.
Hezkidetza homofobiaren aurka
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu