Hiru errepubliken eredua

Iñaki Balsategi L. de Araia
2012ko urriaren 13a
00:00
Entzun
Baltikoko herri mengelek zortzi milioi biztanle baino ez dituzte, gutxi gorabehera Euskadik eta Kataluniak elkarrekin dauzkatenak. Hortaz, baltikoar eredua probetxugarria suerta dakiguke gurearekin alderatzen badugu bederen. Herri horiek, Estonia, Letonia eta Lituania alegia, Sobietar Batasuneko banakuntzan aurrea hartu zuten herrialdeak izan ziren, eta beraien independentzia moldatu eta antolatu zuten lehenak. Espainiar estatuan zalantza izpirik ere ez da burujabetasun eta independentzia kontuetan nortzuk diren aurrea daramaten herrialdeak: Euskadi eta Katalunia.

Baina jarrai dezagun baltikoar eredua garatzen, ondorioetara ailegatzeko. Estonia, Lituania eta Letonian, independentzia abian jarri bitartean eta hura iritsi orduko, oztopo ugari izan zituzten, besteak beste: biztanleriaren errusifikazioa, izan ere, eslaviar populazioak populazio osoaren %36 suposatzen zuen. Beste oztopo adierazgarri bat da URSSeko armadak hiru errepubliketan 14 dibisio zituela eta hirugarren bat, hiru nazio horiek beraien ekonomiak birmoldatu behar izana eta beste era batean berrorientatu beharra; izan ere, energia eta komertzioan URSSekiko guztiz dependenteak ziren. Gogorrak izan arren, herri horietan eman ziren independentzia prozesuak baketsuak izan ziren, bere biztanleriaren bozen gehiengo batek lagunduta (errusiarrak barne). URSS mailan ekonomiarik garatuenak osatzen zituzten, eta horrek lagundu zuen askapen bidean, eragin zuzena izan zuen eta.

Arestian aipatu bezala, errusiarrak presente zeuden: zortzi milioietatik bi milioi errusiarrak ziren; Lituaniaren %9 osatzen zuten, Estoniako biztanleriaren %28 eta, azkenik, Letoniakoaren %34. Errusieraz adierazten direnen portzentajea are eta handiagoa da. Herrialde baltikoetan bizi ziren errusiarrak hirietan bizi ziren batez ere.

Estoniako hiriburu den Tallin hirian populazioaren erdia baino ez dago estoniarrez osatuta; gauza bera gertatzen da Lituaniar hiriburu den Vilniusen. Letoniako hiriburuan, Rigan, %33 da estoniarra. Edozein modutan ere, 1991n antolatu ziren hiru herri kontsultatan errusiar jatorrikoen jarrera independentziaren aldekoa izan zen, errusiarrak baino gehiago bertokoak sentitu zirelako.

Hiru herri baltikoetan hiritartasun berria lortzeko betebeharrak finkatzeko «Hiritarren komiteak» sortu ziren, eta botere handia lortu zuten. Hiritartasunaren eztabaida funtsezkoa gertatzen da: hiru nazioek erabaki zuten hiritartasuna lehenik ematea Errusiarekiko anexioa eman baino lehen zeukatenentzat; hau da, 1940. urtean jada bazeukatenei eta bere ondorengoei eman zieten lehenik.

Eta, bigarrengoz, jatorriz estoniar, letoniar edo lituaniarrak ez zirenei bi baldintza ezartzen zitzaizkien: alde batetik, erakutsi behar zuten bertoko hizkuntza zekitela, eta, bestetik, lurralde bakoitzean denbora ezberdin bat bizi izan zirela. Azken baldintza hori herrialdearen arabera ezberdina zen: Letonian, besteak beste, 16 urte ziren bizi behar izandakoak.

Sarri askotan hainbat eredu ispilu moduan izaten ditugu euskaldunok. Nire uste apalean behintzat, Baltikoko hiru herrialdeen eredua guztiz baliagarria zaigu, hainbat arrazoirengatik: 1. Espainiar estatuko ekonomiarik garatuenetarikoa da gurea.

2. Hemen ere, Francok lagunduta, espainifikazio bat eman zen edo saiatu zen ematen. Baina artikuluan aipaturiko hiru errepubliketan gertatu zen bezala, espainiar jatorridunak eta ondorengoak integratu egin dira neurri batean behintzat, eta litekeena da burujabetasun kontsulta batean baiezkoa ematea, portzentaje handi batean.

3. Euskal ekonomiak ere lotura zuzenak eta tinkoak ditu espainiar ekonomiarekiko.

4. Gure gizartea militarizatuta dago era berean.

5. Emigrazio portzentajerik nagusienak gure hiriburuetan ematen dira.

Orain, eta bukaera gisa, hausnarketa bat egitea gustatuko litzaidake: begira dezagun Letoniako kasura, non bertoko hizkuntza jakitea eta 16 urtez bertan bizi izatea eskatzen zen hiritartasuna lortzeko. Euskadin, momentuz, eskuzabalagoak gara, eta ez da horrenbeste eskatzen; hemen bizi dena jada euskal hiritarra da, eta gure hizkuntzari buruz, zer esan? Nahikoak al dira orain arte hartutako neurriak euskararen inguruan? Berorrek hausnartu eta erabaki, irakurle maitea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.