Hizkuntza eta kultur burujabetza

Igone Lamarain Unai Larreategi
2012ko maiatzaren 13a
00:00
Entzun
Konkistaren urteurrena. 1512-2012. 500 urte. Ez zen 1512an hasi, eta oraindik, 2012an, ez da amaitu. Bost mende baino gehiago dira hizkuntza ezezaguna hitz egiten dutenek gurera etorri eta gurea bere egiten saiatzen ari direla, eurena geure egiteko ahaleginetan dabiltzala.

Batailekin, indarrez lortu zuten Nafarroa konkistatzea, baita eguneroko zapalkuntzarekin arrotza zen hizkuntza eta kultura inposatzea ere. Hizkuntza eta kultur debekuek helburu argia zuten: herri konkista, konkista kulturala.

Nafarroa konkistatu zuten, gure lurren jabe egin ziren. Baina lehenago hasi eta oraindik irauten duen asimilazio prozesua da, helmugara helduz gero, Euskal Herria menperatzea lortuko duena. Prozesu honen ondorioak argiak dira: euskara ez da nagusi Euskal Herrian, kultura eta ohitura arrotzek eureganatu gaituzte ia.

Hala ere, eutsi diogu, geureari eutsi diogu. Bizirik gaude eta bizi nahi dugu. Euskal Herria ere bizi dadin nahi dugunez, asimilazioari eustetik konkistari aurre egitera igaro behar dugu. Euskaldunak bagara, izango bagara, euskaraz burujabe bizi eta geurea bizkortu behar dugu. Iraul dezagun egoera ganoraz biziz, euskaraz biziz.

Euskal Herria askatu nahi dugu, dagokiguna geureganatu nahi dugu. Baina independentzia herria askatzetik etorriko da, euskaldun askeok egin behar dugu Euskal Herri librea. Euskaldun askeok egingo dugu Euskal Herri librea. Horregatik, independentziara bidean, euskara, euskaldunak jarri behar ditugu erdigunean, ezin dugu geroko utzi.

Burujabetzaren aldeko aldarriak hartu zuen Iruñea Aberri Egunean. Nafarroako batasuna aldarrikatu genuen Baigorrin, mugarik gabeko herria. Esparru sozioekonomiko propioaren alde egin dugu maiatzaren 1ean. Baina eguneroko borrokarekin eraiki behar dugu Euskal Herri euskalduna.

Horretarako, lehentasuna eman behar diogu herri eta euskaldun egiten gaituenari, euskarari. Euskaldun bakoitzak eman behar dio lehentasuna euskarari, ondoren herri moduan ere lehenesteko. Eta Euskal Herrian aldaketaren alde ari direnengan eragin behar dugu, botere-guneetan ere euskarari lehentasuna eman eta euskaraz bizitzeko urrats sendo eta atzeraezinak ausardiaz egin ditzaten.

Herri euskaldunak burujabe behar du izan. Gurea egiteko eskubidea eta beharra daukagu. Horretarako, bidea bertatik eta bertara egin behar dugu. Konkista eta asimilazio prozesuari bide ematen dieten menpeko legedi zein politikak gainditu behar ditugu herri euskalduna berreraikitzeko. Herri honen beharretara egokitutako eta guk erabakitako hizkuntza-politika burujabeak emango dio behar duen bultzada euskaldunok egin beharreko bideari.

Hizkuntza eta kultur burujabetzak bideratuko gaitu Euskal Herri Euskaldun eta librera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.