'In memoriam' Manuel de Solà-Morales

Guillermo Zuaznabar
2012ko maiatzaren 19a
00:00
Entzun
Izaten dira egun handiak. Nahiz eta azken urte eta hilabeteetan egunak motelak eta iluntasunez beteak gure bizitzetara heldu, 2012ko maiatzaren 10a egun garbia eta distiratsua suertatu zen unibertsitatearentzat eta kulturarentzat. Argia goizean, Bartzelonako Arkitektura Goi Eskola Teknikoan, eta argia berriz iluntzea ere, hiri bereko Centre de Cultura Contemporània-n (CCCB).

Arrazoia berriki zendutako Manuel de Solà-Moralesi (Gasteiz 1939-Bartzelona 2012) lagunek antolatutako omenaldia. Gehiengoarentzat Manuel de Solà-Morales ezezaguna bada ere, bertan lagunek aurkeztutako pertsonaren tamaina laburki deskribatu beharko banu, ez litzateke gehiegikeria egun Europaren eta europar izatearen aitzakia neurri handi batean arkitekto urbanista honi zor diogula esatea.

Bartzelonako Arkitektura eskolan, besteak beste, Beth Galí, Manuel Ribas Piera, Franziska Bollerey, Philippe Panerai, Nuno Portas, P.L. Nocolin, Josep Ramoneda, Enric Satué, Rosa Regás, Oriol Clos, Jean Louis Cohen, Maarten Schmitt, e.a.... elkartu ziren, hogeita bost lagun zenbatzerairitsi arte. Lau mahaitan antolaturik, Solà-Moralesen ikasketa, ikerketa, dibulgazio eta lanbideari buruz hausnartzeko. Bertan esandakoetatik bi ideia nagusi ekarri nahi ditut gurera. Lehendabizikoa, urbanistak ikasketa eta ikerketa gai izan zuen giltzarri nagusia: Hiria. Hiria baita gizon eta emakumeek bururatu eta eraiki dugun asmakizun liluragarri eta aberatsena. Ziudadeetan ematen da zibilizazioa bera, bizitzeko eta elkarbizitzeko ingurunea. Etxeek, plazek eta kaleek osatzen dute ehun aberatsa, trinkoa edo irekia, bete eta hutsuneekin elkartzeko edo isolatzeko. Eta Solà-Moralesek irakatsi digu hiriko lekurik harrigarriena, non bizitza gertatzen den lekua, kantoiak direla. Kantoietan baitira kaleak eta bizilagunak topatzen, agurtzen eta elkartzen. Eraikuntzak beraien konplexutasuna dute kantoietan eratzen. Hirietako kantoietan, eraikuntzetan bezala, gertatzen da bizitza. Bigarren ideia, lehendabizikoarekin loturik, Europak baduela nazio eta estatuen gainetik zentzua eta indarra baldin eta gure nortasuna hiriei lotzen badiegu. Europa hiriek osatzen duten sarea da; izan ere, mendebaldeko zibilizazioa hirietatik datorkigu. Hau guztia ez da ideia abstraktua soilik, baizik eta omenaldian bilakatuak hezurretan jasan genuena, Montreal, Lisboa, Lovaina, Milan, Paris, New York, Delft, Madril, Granada, Coruña eta Bartzelona hirietatik heldutako lagunek (inork kale egin gabe), urbanista eta arkitektoa zenaren dimentsioa marrazteko hausnarketak entzun ondoren. Areto eta goiz horretan Europa eta zibilizazioaren ideia aurrez aurre agertu zitzaigun, argi ederra emanez.

Gauean, berriz, Rafael Moneo, Joan Busquets eta Oriol Bohigas, argi gehiago ematen, denbora eta adinaren inguruan aritu ziren. Nafarrak ezin ulertu nola zitekeen posible laguna hain gaztea izanik desagertzea. Berarentzat beti 28 urte baitzituen Solà-Moralesek. Arkitektura eta ekonomian lizentziatua, Harvard eta Cambridgetik pasa ondoren, 1967an katedradun oposizioa irabazi zuen izugarri adin gazte horrekin. Orduz gero, Moneoren begietara laguna ez zen inoiz zahartu. Busquets eta Bohigas Bartzelonako Eskolan Solà-Moralesek antolatutako Laboratori d'Urbanisme-k izan zuen eta oraindik duen arrakastari buruz aritu ziren. Bertan osatutako ikerketa taldea azkeneko laurogei urteetan, bai laurogei, hiriak ikertzen eta antolatzen aritu da, besteak beste, Berlin, Salzburgo, Napoles, Rotterdam, Anberes, Tesalonika, Genova eta Trieste landurik.

Egun ilun hauetan, hiriei zor diegun zibilizazioa gure oinetik behera doala sentitzen dugunean, hiriak hain tinko defendatu eta osatu duten jakintsuen ereduak iparrorratzak suertatzen dira; pentsaeran, baita lanean eta bizitzan ere.

Azken finean, Solà-Morales Maisuaren azken helburua: duintasunez elkarrekin nola bizi gaitezkeen hausnartzea eta transmititzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.