Indarrak bilduz, ofizialtasuna!

Martxel Toledo Garmendia.
2011ko abenduaren 24a
00:00
Entzun
Azken hauteskundeek utzitako emaitzen arabera, ukaezina da Euskal Herrian aldaketa politikoaren ziklo berri baten atarian gaudela. Eta egoera berri honek, guztion partetik urrats berriak, saiakera berriak, estrategia berriak eskatzen ditu. Euskal Herria aintzat hartuta, aurrera egiteko garaia da, ezin garelako betiko eskemetan diseinutako estrategia antzuetan erori eta kikilduta, besoak gurutzatuta gelditu. Beraz, konplexurik gabe, ausardiaz jokatuz, aurrera egin behar dugu.

Abenduaren 28an San Mames futbol zelaian euskal selekzioak Tunisiakoaren aurka jokatuko du bere gabonetako partidua. Iaz, bi urteko eten baten ondoren eta mezu argi bat plazaratuz, euskal futbol jokalariek berriro zelaira bueltatzea eta euskal selekzioa ordezkatzea erabaki zuten. Ziklo baten amaiera eta berri baten hasiera argudiatuz berriro prest zeudela, beraiei dagokien lekuan, alegia, futbol zelaian, Euskal Herriko selekzioaren ofizialtasuna lortzeko bidean lehiatzeko eta, horretarako, zintzoki, bota behar duten izerdia botatzeko. Baina, aldi berean, Euskadiko futbol federazioari, betiko aitzakiak alde batera utzita eta etekin ekonomikotik haratago joanez, ofizialtasunaren bidean ahalegin pixka bat egitea eskatzen zioten, eta munduko beste edozein futbol jokalari bezala bakoitza bere selekzioarekin lehiatzeko eskubidea aldarrikatu.

Baina Euskadiko futbol federazioak, futbolari horien eta euskal gizartearen gehiengo handi baten eskaerari entzungor eginez, betiko estrategian ainguratuta jarraitzen du, alegia, etekin ekonomikoan oinarrituta, Gabonetako partida antolatzen. Eta noizbehinka, besteren bat, lagunartekoa jakina, nazioartean antolatzen. Baina ez du ofizialtasunaren bidean aurrera egiten, ez du elkarlanean urrats berririk eman nahi, horretarako aukera ezberdinak egon arren, eta «ez da posible», «ezin da» argudioa erabiliaz jarraitzen du.

Aipatu bezala, aldaketa politikoaren uneak bizitzen ari gara Euskal Herrian, eta, alde horretatik, ezin gara eskuak gurutzatuta gelditu; egunez egun eta urratsez urrats egin behar dugu aurrera. Eta nahiz eta Espainiak eta Frantziak oztopoak jarri nazioarteko erakundeetan beraien presio politikoa esku-hartze politikoaren bitartez, ez dugu inongo zalantzarik ofizialtasuna lortzea posible dela, besteak beste, TAS erakundeak (Tribunal de Arbitraje Superior Deportivo) argi eta garbi adierazi duelako, Kataluniako Bowling Federazioari arrazoia emanez, Nazioarteko federazioak erakunde pribatuak diren heinean Estatuek eta Gobernuek ez dutela bertan erabakitzeko eskubiderik. Eta hori baieztatzen duten txostenak, egon badaude.

Beraz, uste dugu, egoera berri honek, ofizialtasuna ardatz hartuta, guztioi urrats eta saiakera berriak egiteko aukera zabalak eskaintzen dizkigula, eta horiek ausardiaz eta zintzotasunez jositakoak izan behar dutela.

Argi dago euskal jendartearen zati handi bat euskal herriko selekzioa nazioartean eta txapelketa ofizialetan ikusteko irrikan dagoelahorretarako egindako inkestetan, manifestazioetan eta antolatutako ekimenetan ikusi izan dugun modura. Beraz, elkarlanean oinarrituta, aurrean dugun apustuari heltzeko garaia da. Alde horretatik, eta aurreko prentsa agerraldian aipatu genuen bezala, ESAIT, kirol arloa, politika arloa eta arlo juridikoa oinarri hartuta, proposamen berriak lantzen ari da. Eta kontzienteak izan arren ofizialtasunaren aldeko ibilbide honetan Espainia eta Frantziaren atzapar beltzekin topatuko garela, uste dugu, Euskal Herriko selekzioen aferari, aipatutako hiru eremuetatik guztiok zintzoki helduz gero, ofizialtasuna lortzea posible dela. Baina, horretarako, borondatea eta determinazioa behar dira.

Euskal Herriak nazioarteko txapelketa ofizialetan bere selekzio propioarekin aritzeko eskubide du. Baina guztiok dakigu eskubide hori irabazi egin behar dugula, herri honen etsai diren horiek ez digutela doan emango, jakin badakitelako kirol selekzio batek nazio batentzat duen garrantzia. Ikusi besterik ez dago La roja-k azken munduko futbol txapelketa irabazi zuenean zer gertatu zen. Beraz, guk ere eman diezaiogun ofizialtasunari behar duen garrantzia.

Alde horretatik, eta Indarrak bilduz, ofizialtasuna leloarekin, asteazkenean, abenduaren 28an, Bilboko Areatzan egun osoko aldarrikapen egitaraua prestatu dugu. Uste dugulako Euskadiko fubol federazioak antolatutako partida horrez gain, ofizialtasuna aldarrikatzeko eta indar metaketa egiteko, oso eremu eta une egokia dela hau. Beraz, bertan ikustea espero dugu. Gora Euskal Herriko selekzioa!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.