Independentziarako arrazoiak

2012ko uztailaren 28a
00:00
Entzun
Tabernetako eztabaidetan, adibidez sanferminetan edo Gasteizko Andre Mari Zuriaren gau batean, bertute bakanenetako bat da polemika primarioena eta kalean jendeak darabiltzan eskemak gordinki aurrez aurre ikusi ahal izatea, alkoholez eta irrati atzerakoienek zabaldutako lelo errepikakor eta gezurtiz blai dauden morroien eskutik. Kanpotarra konbentzituta dator adimena eta logika lagun dituela; zu, berriz, periferiako bertakoa izaki, fanatismoz eta itsukeriaz hitz egiten duzu haren ustez. Hala, hara non botatzen dizun: zertarako behar duzue zuek independentzia?

Prentsako artikulu batean ezin dugu gaia osorik jorratu, noski, baina merezi du, Espainiako erreinu zaharraren habeak krisiaren pipiak janda dauden garai honetan, gure arrazoiak zertxobait lantzea. Izan ere, gaiak ertz asko ditu, zergatik eta zertarako adibidez. Eta probokatzailea espainola delarik, erantzun honetan euskal independentzia Espainiatik lortzea izango dugu hizpide.

Hasteko, esango nuke Euskal Herria, Nafarroa zaharra, herri bat dela, nazio bat, lurralde konkistatu bat; nolanahi ere, espainola edo frantsesa ez den kolektibitate bereizi bat eta, hori horrela, komeni dela kolektibitate desberdindu gisa antolatzea. Areago, hala antolatzen ez den artean, krisi bakoitzak, historiaren une zail bakoitzak, beti bezala astinduko gaitu, eta Estatu espainolaren aurrez aurre jarriko gaitu berriro ere, orain arte hainbat egoeratan eta gerra guztietan gertatu den bezalaxe: karlistadetan, 36ko gerran, «trantsizioan» eta «demokrazian»...

Independentzia nahi dugu, hori delako gizakiaren berezko helburua. Estatua heldutasunaren, ekiteko eta izateko askatasunaren helmuga da, sormenaren eta erabakitzeko eta ekiteko esparrurik egokiena. Baina independentzia nahi dugu, halaber, botereak eta historiak erdibitu egin gaituelako, muga bat erdian jarrita, eta lurralde-haustura nagusi hori ez du oraingo Estatu batek konponduko, Estatu hori espainola ala frantsesa izan.

Horregatik, independentzia hori Estatu propio batean gauzatzea nahi dugu, ez baitago independentzia abstraktu, mitiko eta platonikorik. Estatua da independentzia horretarako baliabide materialak, lurraldea, erakundeak, legeak, egiturak, eta abar jartzen dituena. Baldintza horiek gabe, eguneroko bizimodua gureak ez diren helmugetara bideratuko da, eta beste batzuek inposatuko dizkigute beren interesak, beren ikuspegia, beren nazioa, beren kultura. Eta beren biolentzia. Hau da, ez dago independentziarik Estatu-esparru hori gabe, mundu honetan behintzat.

Independentzia arrazoi materialengatik ere nahi dugu, pragmatismo ekonomiko hutsagatik ere bai. Izan ere, frogatuta dago «small is beautiful» delakoa, eta bideragarriagoa eta egokiagoa, errentagarriagoa eta hobea dela gizarte zehatz bati egokitutako ekonomia inperio-ekonomia bat baino; izan ere, Espainia handiaren ekonomia, bere tamaina dela-eta, hondoratzear dago bere desegokitzapen eta desorekek sortutako pitzadurekin.

Independentzia nahi dugu gure kulturan eta hizkuntzan bizi nahi dugulako, itotzen, gutxitzen eta konplexuz betetzen gaituzten tradizio arrotzekin etengabe lehian ibili gabe. Amaigabeko borroka horretatik ihes egin nahi dugu, elkarbizitza, gauza atsegina egin beharrean, irauteko militantzia bihurtzen duen gatazkatik.

Nolanahi ere, soseguz emandako arrazoiak dira horiek, argudioak, azalpenak. Badira bestelako batzuk, politikoki ez oso zuzenak beharbada, baina beren pisua dutenak: Espainia errefusatzeko arrazoiak, Espainiaren ezaugarri batzuen aurrean sentitzen dugun higuina eta atsekabea. Independentzia nahi dugu Espainia torturaren erreinua delako, hala izan baita Torquemadaren garaitik, praktika hori inoiz behar bezala zigortu gabe. Guardia Zibilaren, sable-zarataren eta mendetako estatu-kolpe eta diktaduren erreinua delako. Historian izan den inperiorik genozidenaren oinordekoa izaki, auzo-lotsa ematen digulako. Demokraziaren senik txikiena ere ez duen gizartea delako, botere-banaketa eta gutxieneko askatasunak zer diren ere ez dakiena. Agintariek behartsuenak zigortzen dituzten neurriei txalo egiten dietelako Espainian, «izorra daitezela» oihukatuz.

Independentzia nahi dugu Espainia trakeskeriaren erreinua delako, ustelkeriaren mundua; hondamendira garamatzalako. «Inbenta dezatela haiek» mentalitate negargarria bultzatzen duelako,irabazi errazen kultura zabaltzen duelako, eta pertsonaia sonatuak beren iruzurrez harro dauden alprojak direlako.

Independentzia nahi dugu Inkisizioaren sutan eta ziegetan hil ziren emakumeengatik; Txiki eta Otaegirengatik; Mikel Zabalzarengatik; Donostia Espainiaren aliatu ziren tropek erre zutelako; Gernikarengatik (eta gerra-harrapakin gisa bahituta dagoen Picassoren koadroarengatik) eta Intxortengatik; Noain eta Amaiurrengatik, karlistadetan erretako milaka baserriengatik...

Independentzia nahi dugu Europan etorkizun bat behar dugulako, ez Espainiako etnia gisa, bere festengatik eta sukaldaritzagatik ezaguna, baizik eta eskubide guztiak dituen nazio gisa, Irlanda edo Danimarka diren bezala. Independentzia nahi dugu, Espainia delako «euskal arazoa», eta gainera larrutik ordain arazten digulako... Azken batean, independentzia nahi dugu Espainia ez garelako eta, batez ere, nahi dugulako, zer arraio!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.