Atsekabez irakurri ditut uztailaren 3ko BERRIAko bi artikulu. Alde batetik, Idurre Eskisabelek idatzitakoa. Bertan, emakume irundarren eskubideak beltzen eskubideekin parekatzen ditu. En fin… desfile batean parte hartzea eta orain gutxi arte beltzei ukatu zaizkien oinarrizko eskubideak parekatzea… gehiegitxo, ezta?
«Gehiengoak indarrez eta irainka egotzi dituela…» dioenean, oso ikuspuntu mugatua duela iruditzen zait. Ez naiz desfilea ikustera hurbildu. Ez dakit erasoak egon diren; baina —askotan Kale Nagusian gertatu ohi den bezala—, hala balitz ere, hori nahikoa da «gehiengoa» hitza erabiltzeko?
Gehiengoak beste jai mota bat nahi duela argi dago, Alarde tradizionala izenez ezagutzen den hori. (Bide batez, alkatearena bezain gaitzesgarria da ahaldun nagusiaren jokabidea, alarde bakar bati harrera eginez). Hau ikusi nahi ez dutenak, hor konpon! Horregatik ez gaitzatela erasotzailetzat jo. Ondo legoke gogoratzea Espainiako Auzitegi Gorenak legezkotzat jo zuela orain dela sei urte Alarde tradizionala, bertan eskubide urraketarik ez dagoela aitortuz (hau axalki ikusi nahi dutenentzat agian bai, baina eskubideez hitz egiteko, adituei kasu egin beharko, ezta?)
Idurre: «Erasotzaileak eta erasoak jasandakoak» aipatu aurretik, ondo jabetu gauza batez: bi alardeetan daudela erasotzaileak eta erasoak jasandakoak. Hor ere zure ikuspegia mugatuegia da. Eta «beltzen lanaren ondorioz giroa baretu» dela, subjektiboa da guztiz (nire ustez, erabat alderantzizkoa da, baina nire subjektibotasuna ere onartzen dut. Erdibidean egongo da egia.)
Bestalde, Josebe Iturriozen artikuluaz zer esan? Gauza bakar batean ados gaudela: Iñaki baino ederragoa dela Ainhoa. Bale.
«Emakumeak gertu ez dituztela nahi» edo «gaizki begiratzen ziguten gizon armatuak…» esaldiak, nola defendatu? Horietako bat nire aita izan zitekeela kontuan hartuta… mesedez! Hori Irunen sentitu baduzu, leku guztietan sentitzen duzuna izango da! Bietako bat: edo gaupasaren ondoriozko bista-falta, edo autoestimu falta.
Edozein kasutan, arazoa zuk duzula uste dut. Portzierto, hurrengoan Iruna etortzen bazara, ekarri jendearen joera-sexuala detektatzen duen radar hori konponduta. Alardean «ez zegoen maritxurik, ez transexualik…» esateko ausardia behar da gero! Hau gezurra izateaz gain (zin dagizut), azalkeriaren adibide garbia da. A! Eta barkatu: heterosexual garen pertsona xumeok horregatik autoritate moral gutxiago dugu jaia horrela edo hala bizitzeko? Zu al zara berdintasuna aldarrikatzen duena?
Azkenik «antzerki erraldoi hori sinistu egin dute» diozunean, arrazoi duzu. Hortxe dago emakumeek soldadu gisa parte hartu nahi ez izatearen gakoa: sinesgarritasun maila erabat galtzen dela, eta bai, egun horretan paper horretan sartuta pozik bizi garela Irunen, jakinik horregatik inor ez dela bestea baino gehiago edo gutxiago. Hori aspaldi gainditu genuen eta. Baina hortik «hori da bizitzan lortu duten guztia» esatera… Barkatu, baina zure errespetuzko eta zuhurtziazko hitzok ez dute komentario eta arreta minimorik merezi.
Irungo Alardea eta gehiegikeriak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu