'Itzuli Mitzuli / Retorna' Bilbora heldu da

Diego Ortuzar. Bobi Galdos. Xabier Abian.
2011ko irailaren 24a
00:00
Entzun
Itzuli Mitzuli / Retorna talde ekologistek, hondakinen berreskuratze industriako enpresek, kontsumitzaileen elkarteek eta sindikatuek bultzatutako proiektua da. Bilboko Areatzan egongo da arratsaldez irailaren 28tik urriaren 8ra arte, eta bertan edari ontziak jasoko ditugu.

Gure helburua birziklatze sistema bidezkoagoa, eraginkorragoa eta merkeagoa lortzea da; hau da, ontzietarako Gordailu Sistema bat ezartzea.

Nola funtzionatzen du?

Oso erraza da. Sistema berriarekin edari bat erosten duzunean, ontziarengatik gordailu bat uzten duzu, eta ontzia denda edo supermerkatu batean itzultzen duzunean gordailua berreskuratzen duzu. Adibidez, Alemanian 25 zentimoko gordailu bat ordaintzen da. Ontzia zuzenean dendariari itzuli ahal diozu, edo makina batean sartu eta dirua jaso. Orain dela asko bazegoen honen antzeko sistema bat Euskal Herrian, gogoratzen duzu?

Azken hamarkadan ontzien produkzioan hazkunde handia gertatu da, lehen ontziratu gabe saltzen ziren produktu asko gaur egun ontziratzeko joera handia dagoelako. Hauxe da azken urteetako hondakinen igoera handiaren arrazoi nagusia. Edarien alorrean ontzi berrerabilgarriak ordezkatu dira behin erabiltzeko ontziekin. Ontzi berrerabilgarriek aukerarik onena ematen dute edarien ontzien ingurumen eraginak gutxitzeko, baina gaur egun ia ez dira erabiltzen, bakarrik erabiltzen dira jantoki eta tabernetan. Eta ontziratutako ura, freskagarriak, garagardoa eta zukuen kontsumoa asko igo da, kaleetako edukiontzi horiko bolumenaren erdia edarien ontziek osatzen dute.

Azken hogei urtetan ontziak egiteko erabiltzen den plastikoa eta metalaren kontsumoa bikoiztu egin da. Horrek beste herrialdeetatik egin behar diren inportazioen menpekoak bihurtzen gaitu, kostu ekonomiko handia dakar, eta ingurumenari kalte egiten dio.

Teorikoki ontzi fabrikatzaileak behartuta daude ontzien birziklatzeagatik diru kopuru bat ordaintzera, baina bakarrik, eta hor dago gakoa, kaleetako edukiontzi horietan bildutako ontziena. Arazoa da edukiontzi horietan bakarrik jasotzen dela fabrikatutako ontzi guztien ehuneko hogei ta hamarra.

Orduan nork ordaintzen du falta den ontzien ehuneko hirurogeita hamar horren tratamendu kostua? Kostua herritar guztiok ordaintzen dugu gure zergen bidez. Benetan behar dugun hondakinen kudeaketa sistema daukagu?

Orain dela hamar urte baino gehiago martxan den kudeaketa sistema honek huts egin du. Ez du mugatu ontzien produkzioaren hazkundea, ez du lortu herritarren parte hartzea birziklatzean, ez du lortu ontzien fabrikazioak sortzen duen kutsadura gutxitzea, kontrakoa, eta ez du lortu kutsatzen duenak birziklatzearen kostuak ordaintzea.

Hemen, orain dela hogeita hamar urte ontzi berrerabilgarrien sistema galdu genuen, baina herrialde askotan sistema horrekin jarraitu dute. Adibidez, Alemaniako, Herbehereetako, Danimarkako, Finlandiako, Estatu Batuetako zenbait estatuk eta leku gehiagotan. Baina ontzi berrerabilgarrien sistema osatzeko, behin erabiltzeko ontzien gaineko gordailu eta itzulketa sistema bat ezarri dute, eta herrialde bakoitzak bere beharretara eta legedira egokitu du.

Sistema hori berreskuratu behar dugu, administrazioak horren aldeko apustua egin behar du, eta hori lortzeko lehenengo urratsa behin erabiltzeko ontzien gaineko gordailu eta itzulketa sistema bat ezartzea da.

Berreskurapen eta bereizketa sistema honen metodologiaz lortzen den materialaren purutasuna oso handia da. Alemaniaren moduko herrialdeetan, prozesuaren ostean lortzen den materialak hemengoak baino lau aldiz mozkin handiagoak ematen ditu.

Sistema honekin, jatorriko ontziko materialarekin ontzi berdina fabrikatu ahal da berriro ere. Prozesu zikliko bat da: ur botila baten plastikoa birziklatuz, ur botila berri bat lortzen da.

Gaur egungo sisteman, ordea, ur botila baten plastikoa kalitate baxuagoko material bihurtzen da, prozesu bakoitzean materiala balioa galtzen duen espiral bat sortuz, eta azkenean ezertarako balio ez duen hondakin bihurtzen da.

Zer gertatzen da berreskurapen mailarekin? Gaur egun, Estatu Espainiarrean fabrikatzen diren ontzien ehuneko hogei ta hamar baino ez dira berreskuratzen, baina gordailuaren sistema martxan den herrialdeetan ehuneko laurogei ta hamar baino gehiago berreskuratzen dira.

Sistema honi esker, herrialde askotan ontzien fabrikazioan eta errausketan sortutako gasak gutxitzea lortu dute. Lehengaien inportazioak gutxitu dituzte, baita zabortegi eta errauste planten beharra ere, eta kaleetan eta beste espazio publikoetan botatako ontzien arazoa ia erabat bukatzea lortu dute.

Gaur eta hemen ontzien kudeaketa sistema modernizatu ahal dugu, oraintxe da momentua, bidegabea eta eraginkorra ez den sistema batetik gu guztion beharretara egokitzen den sistema batera pasatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.