Badugu guk Kadreitako lagun bat nafarren artean nafarrena bezala azaltzen zaiguna. Erribera aldean elkartzen garen bakoitzean, nafarra zein den eta zein atzerritarra, maiz izaten dugu hizpide.
Errioxako mugan dago Kadreita; bestaldean, Alfaro errioxarra dago; gure lagunak dionez, alfarotarrak, beno, garai batean nafarrak izan ziren. Horra!, esaten diogu guk, mendebaldeko hiru probintziakook bezala; Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa ere Nafarroa ginen garai batean. Sutu egiten zaigu hori esaten diogunean. Ez da berdin, esaten du. Guk, berriz: ez dela berdin?
Denok dakigu Nafarroa Beherekoak ere garai batean Nafarroako erresumaren barnean zirela, esaten diogu arrazoiak mahai gainean jarri nahian. Kontuz, erantzuten digu bizkor: baxenabartarrak nafarrak dira, seigarren merindadekoak. Eta zer? Gu, mendebaldekoak. Guk ez dugu desberdintasunik ikusten. Hark, ordea, berean jarraitzen du.
Kadreitarrarekin izan ginen azkenekoan, Del Burgoren artikulu bat erakutsi zigun harro-harro. Begira, hemen esaten du argi eta garbi «que si se hubiera mantenido [1512an] la dinastía Foix-Albret, con toda probabilidad Navarra hubiera quedado incorporada a Francia, como les ocurrió a los bajonavarros.» Ikusten? Esaten du, pixka bat harrotuta.
Bai, ikusten dugu, eta ez dakizu zenbateko pena ematen digun hori gertatu ez izanak. Hori gertatu izan balitz, orain 62 urterekin jubilatuko ginen, Europako bizi-maila altuenetakoa izango genuen; gauza txarrak ere bai, baina, «Estatu Handia» ez zen porrotaren ertzean egongo, politiko lapurrak kartzelan izango ziren eta aspaldian erregeak gillotinak pasata. Horren aldean, zeintzuk dira Espainiaren mende sartu izanaren abantailak?
Tonua apur bat altxata, honela ihardesten digu kadreitarrak: Nafarroa Garaikoak ez gara frantsesak, frantsesak atzerritarrak dira. Ez gaude gu txapela kentzeko moduko aukera hori pasatzen uzteko; oraingoan, tonua pixka bat jaitsita eta ahalik eta modu pedagogikoenean, arrazoia botatzen diogu: alegia, esaten ari zara Nafarroa Garaiko nafarrentzat frantsesak atzerritarrak direla, eta aldi berean, Nafarroa Behereko nafarrentzat espainolak atzerritarrak direla. Hortaz, Nafarroako nafarrentzat frantsesa bezain atzerritarra izango da espainola, ezta?
Pixka bat jokoz kanpo geratu dela dirudi, baina berehala ateratzen ditu atzaparrak basakatu kumeen antzera: horiek kontu zaharrak dira, historia dira, guk oraingoari begiratu behar diogu. Poltsikotik paper bat atera eta hara zer irakurri digun: «Se apela a la memoria histórica y se pretende que las actuales generaciones abominemos de lo que ocurrió hace quinientos años pero olvidemos el sufrimiento provocado por quienes han querido imponer a sangre y fuego sus propias convicciones, cometiendo crímenes nefandos que siguen vivos en nuestra memoria colectiva».
Bai, esan diogu, orain baino lehen ere ikusi ditugu argudio horiek beste batzuen paperetan. Oker dabiltza, ordea. Zer uste dute, ez dugula gure historia ezagutzen? Zer pentsatzen dute, ez dakigula erriberako bide-bazterrak nafarren odolez busti zituztenak eta Gernika suntsituz etxe azpietan harrapatutako euskaldunak hil zituztenak jende berbera izan zela? Ez daukagula argi nortzuk inposatu zuten diktadura? Benetan sinesten dute ez garela konturatu 1512an Nafarroa Garaia «a sangre y fuego» inbaditu zutenek eta ondorengo nafar-euskaldunen askatasun egarria ito izan dutenek Espainia Handiaren proiektu politiko beraren izenean egin dituztela barrabaskeria guztiak? Zer uste dute, ez dugula memoria historikoa?
Gure lagunak, bat-batean, aurpegia zimurtu eta hara zer galdetu digun: iruditzen zaizue Kadreitako bat apirilaren 26an Gernikara joaten bada bertakoek herrikidetzat hartuko dutela eta ez atzerritar bezala? Hirurok batera erantzun diogu horri: gure Euskal Herri nafarraren historia ezagutzen dutenek, bai.
Kadreitatik Gernikara
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu