Konponbide haizea Kolonbian ere

Maite Aristegi
2012ko urriaren 23a
00:00
Entzun
La próxima vez que hablemos que sea de paz», hala entzun genion FARCeko gerrillariari Piedad Cordobari mintzatuz, bahitutako polizia eta militarrak askatzerakoan. Apirilean zen hori. Eta iritsi da bakeaz hitz egiteko garaia. Baita Kolonbian ere, eta munduko gatazka latzenetarikoa sufritzen duena, (Afganistangoa baino intentsitate handiagoko gerra urtetan), Iberiar penintsula gehi Frantzia besteko lurralde zabaleko 48 milioi kolonbiar kateatuak dituena, askatzeko bidean egon daiteke; oso bake garrantzitsua dudarik gabe Latinoamerika guztiarentzat, baita guretzat ere.

Zailtasunak zailtasun, egiaztapen batek ekarri ditu Osloko mahairaino. Kolonbiako jendarteak oso ondo baitaki zer eragin duen ia 50 urteko gerrak; milaka hildakoz gain, militarizazioak dakarren pobrezia, bazterkeria, injustizia, suntsipena, sarraskiak, milioika pertsona— bereziki umeak— goseak eta garapenik gabe, preso politiko eta atxiloketak milaka, aurkari politikoei jazarpena; azken batean, giza eskubideen etengabeko bortxaketak. Eta aspalditxotik esaten: buka dadila behingoz sufrimendua! Eta ikusitakoak ikusita, Gobernua ere jabetuta garaipen militarraren ezinaz eta porrotaz, nahiz eta gerrilla ahulago egon, konponbiderako bide bakarra berba egin eta adostasunetara iristea dela.

Eta erresistentziatik eraikuntzara pasatzeko nahia ageri da: hauts eginda dagoen herrialde ederra berregiteko ardura etiko eta morala. Borrokagatik etendako jendarte sarea astiro-astiro berriz josteko beharra.

Baina honaino ez dira berez iritsi: «gatazkaren bukaera eta bake iraunkorraren eraikuntzarako» akordio honetara ailegatzeko bide luze eta malkartsua igo da. Eta zoriondu beharra dago hori posible egin duten guztiak. Jendarte zibilak, oro har, pilak jarri ditu, bai, baina nola ahaztu justizia nahiaren bultzadan emakume mugimenduek egindako lana? Gerrillarengana hurbildu, beronen aldebakarreko pausoak lortu, (bahitutakoen liberazioak, gerrillaren intentsitatea jaitsi) eta FARC eta ELNren agiri eta programa bateratu horretara iristeko hainbat urtetan jasotako esperientziaz ederki baliatu dira: hala, emakumeek duintasunaren aldeko borroka askotatik barneratua, Erdialdeko Amerikan izandako negoziazio prozesuetatik ikasia aplikatu eta bultzatu dute. Horregatik, asko dira diotenak prozesu hau aurrekoen aldean desberdina dela; noski, esperientzia txarretatik zer ez egin ikasten delako, baina baita emakumeek bake prozesuetan duten indarra errotzen ari delako ere, nahiz eta negoziazio mahaietan presentzia hori hain nabarmena ez izan.

Nazioartearen babesa eta bultzada ere ezinbestekoak izan dira hizketan hasteko. Eta horiek ere zoriondu eta eskertu beharra dago. Kuban hitz egiten jardun ondoren, Oslo esanguratsuan bilduta, Txile eta Venezuelaren babesarekin, Obamak berak, Vatikanoak, Brasilgo gobernuak, EBko kanpoko harremanetarako arduradunak eta baita Espainiako Gobernuaren bozeramailea ere (kanpoan uso etxean otso) alde mintzatu dira.

Kasu honetan bai frogatzen da Mandelak zioena «Sí se puede, cuando hay voluntad política y la comunidad internacionalaapoya».

Nazioarteko babes horrek zein jendartearen bultzadak soilik berma dezake inork atzera ez egitea. Ibilbide honetan FARCek bere bakerako borondatea azaldu badu ere, ez baita lortu paramilitarren arma-hotsa isiltzea. Su-eten giroa lortzea da orain behar-beharrezkoa; kolonbiarren giza-eskubide guztiak bermatuta egon daitezela, horrek lagunduko dio prozesu honi benetan aurrera egiten. Badirudi bide honetan ELN ere laster gehitu daitekeela: hori ere beharrezkoa da benetako konponbidea aurkitzeko.

Argi dago kolonbiar herriak ez duela bortizkeria aukeratu. Eta erantzun armatua isiltzea ez da nahikoa izango. Gatazkaren muinera joan beharko da benetako bakea lortzeko. Biztanleen %1k lurren %63ko jabetza duen tokian nekazaritzaren benetako erreforma eta garapena ezinbestekoak izango dira. Parte hartze politiko eta sindikala kriminalizatua, gatazkaren ondoriozko espetxeratuak, biktimak, bahituak... milaka zenbatzen diren tokian, narkotrafikoaren eragina bazter guztiak usteltzeraino iritsi denean, argi dago nazioarteko zuzenbide humanitarioa oinarri, justizia trantsizionala landu eta elkarbizitzarako minimo horiek adostu beharko dituztela hasteko. Ez dute, ez, lan makala!

Bihoakie hemendik gure animo eta indar on guztiak bake prozesu hau justizia arrakastaz bururaino eraman dadin. Kolonbiar herriak Euskal Herria eta, bereziki, ezker abertzalea bidelagun izan ditu, eta etorkizunean ere bake justu eta iraunkor bat bilatze honetan hala izango ditu.

Konponbide haizea dakar udazkenak. Aieteko Adierazpena eta ETAren iragarpenaren urteurrenean, Eskozia eta Kolonbiako argazki ederrak ikusi ditugu, bertako agintariak lanerako prest. Gurean, aldiz, bake eta normalizazioaren alorra lehor dago. Konpondu beharko zutenek beti ezetza eta mendekua nahia. Baina herriaren zati handi batek hitz egin du: orbel-papeletak benetako konponbide eta bake justu baten alde mugitu dira. Mugi bada, eskura dezagun, Kolonbian zein Euskal Herrian amestutako burujabetasuna!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.