Culture makes me cry» (Kulturak negarra eragiten dit). Emakume portugaldar baten hitzak dira. Eta bai, malkotan zegoen. Biok Liverpoolen ginen musikaren inguruko kongresu batean. Minutu batzuk lehenago hitzaldi labur bat eman nuen bertsolaritzaren inguruan. Hitzekin batera irudiak erabili nituen. Bertsolari pelikula nuen aztergai, eta bere eszena batzuk erakutsi nizkien bertaratutakoei. Hitzaldirako aretoan euskaldunik ez; Estatu Batuetako nahiz Europako zenbait herrialdetatik etorritakoak ziren gehienak. Denentzat berria zen bertsolaritza; inork ez zuen aurretik horren berri. Baina aipatu emakumea ez zen izan bakarra niregana zuzendu zena; aurkezpena entzun eta gero, beste batzuek ere euren harridura erakutsi zidaten: emozioa gehien errepikaturiko hitza.
Astebete baino ez da pasa pasadizo hori gertatu zenetik, eta emakume horren esaldia bueltaka darabilkit oraindik.
Pentsakor iritsi naiz Liverpooletik. Erresuma Batura eta, bereziki, Ingalaterrara bidaiatzea etorkizunerako bidaia modukoa kontsideratu izan dut beti. Historikoki, gizarteko hainbat arlotan izandako aurrerapen edota berrikuntza asko handik geureganatu ditugu gainontzeko kontinentekideok. Ikuspuntu horretatik eta Liverpool hizpide dugula, The Beatles aipatzeari ezin utzi. Musika baino gehiago ordezkatzen du The Beatlesek: jatorri jakin bat, mundu ikuskera bat, hainbat balio… Modu batean edo bestean gauza horiei guztiei egiten zaie erreferentzia hirian zehar The Beatlesen kulturari eskainitako hainbat lekutan. Peregrinaziorako tokiak dira horiek, eta egun osoan ehunka pertsona pasatzen dira handik. Nik neuk bisitatu izan ditut Liverpoolera egindako joan-etorri honetan: The Cavern Club, Mathew Street, The Beatles Story (museoa). Ireki berria (2011) den Museum of Liverpoolen The Beatlesen historiari lotutako hainbat oroigarri biltzen dira eurei esklusiboki eskainitako eremu batean: arropak, musika tresnak, idatziak eta abar. Gauza horiek guztiak txukun eta garbi kristalezko kutxetan ikusgai daude. Beira dugu bitartekari historiaren oroigarri eta gure emozioen artean. Ez hori bakarrik, askotan, gehienetan, horri kamera, telefono, tableta edo beste formatu bateko objektiboak gehitu behar zaizkio. Ez nuen inor ikusi negarrez.
Asko aldatu da Liverpool azken hamar urteotan. Inork ez zidan argitu, bidaia honetan, behin baino gehiagotan entzundako esaldi horren zentzua. Baina susmoa dut atzean bi arrazoi biltzen direla: alde batetik, turismoaren hazkundea; bestetik —aurrekoari oso lotuta—, Europako kultur hiriburu izandakoaren arrastoa. Egungo turismoaren parametroetan erreparatuta, pentsaezina zirudien Liverpool hiri industriala izanik bidaiarien helmuga bihurtzea. Baina hara non industrializazioak utzitako aztarnek (hiriko hainbat eremu zein eraikin) UNESCOren aitortza (Giza ondarea, 2004) lortu zuten, eta hori tranpolina bilakatu zen Europako kultur hiria izendatzeko. Portu inguruko eraikinak ikusgarriak dira, nahiz eta horietaz benetan gozatzeko interferentzia gehiegi izan: horietako askok eta askok (ia denek) maizter berriak dituzte: tabernak, jatetxeak, hotelak, dendak, museoak biltzen dira bertan. Horiek eta euren bezeroek edukiz betetzen dituzte eraikinak zein inguruak.
2008ko ospakizun horren olatua igaro eta gero, bestelako kultura geratu da agerian, eta esango nuke hori nagusitzen ari dela egun hirian. Horren erakusle Liverpool ONE litzateke: hiriaren erdigunea betetzen duen eremu komertziala. 2008an inauguratutako gune horretan 150 denda baino gehiago biltzen dira (horiei kafetegiak, jatetxeak, zinemak eta beste gehitu behar zaizkie), eredu berri bat garatu nahian edo: batzuk aterpean, beste batzuk estalkirik gabe, bertan erosketak, aisialdia eta gastronomia nagusitzen dira iraganari keinurik egin gabe. Modu horretan, gerta daiteke Liverpooleko erdigunea ezagutu nahi izatea eta, nahi ala ez, munduan zehar ezagunak diren etxe edo marka bateko egoitza batean bukatzea. Larunbat arratsaldea bada, gerta daiteke jendetzak berak denda barruraino literalki bultzatzea. Adin eta jatorri guztietakoak, emakumezkoak zein gizonezkoak, presa dutenak zein mantso ibiltzen direnak. Ezkongaien agur-festak ospatzeko toki aproposa bilakatu omen da Liverpool, eta talde asko ikusten dira hirian zehar era guztietako mozorroak jantzita: garai bateko happening-ak edo performance berriak ote?
Donostia 2016 datorkit burura.
Ez dakit Liverpooleko agintariek edo ordezkari politikoek argi zuten zer-nolako kultur ondarea zuten esku artean (iragana) eta zein kultur ondare garatu nahi izan zuten (etorkizuna), baina, egun, esango nuke kultur hutsunea dela nagusi. Kultura aitzakia bihurtu dute kontsumo gizartea elikatzeko, eta, alde horretatik, hiria (ia) edozeinentzat izan daiteke erakargarria. Azken finean, askoren ustez, kontsumorako grina litzateke, mugaz haratago, gizakiok batzen gaituena.
Hona hemen egoera harrigarri bat: bertsolaritzaren moduko jarduera soil, xume eta isilak negargura eragiten dio emakume portugaldar bati. Trabak gaindituta, hizkuntzen gainetik, kultur gozamena, emozio sotilak nagusitzen dira. Aldi berean, Europako 2008ko kultur hiriaren izendapenak utzitakoa ikusita, ezin lasai geratu, negargura ere. Egokia dirudi Liverpool, Donostia zein munduan zehar izendatuak izango diren hiriei (Londres 2012, Brasil 2014...) zer-nolako kultura-topaketak elikatu nahi dituzten galdetzea.
Kulturaren malkoak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu