Leitzako mugako kontakizunak

2012ko urriaren 6a
00:00
Entzun
Amaiurrera oraintsu egindako bisita batean, gazteluaren hondarrak hondeatzen ari ziren ikasleek azaldu zigutenez, mendetan gainjarrita geratu diren eraikinen zimenduak eta hormak agertzen ari dira. Jatorrizko gunea zaintza-dorre txiki bat zen, Otsondoko pasabidea kontrolatzen zuena. Barnealdeko gaztelu nafarra zen, eta zazpi bat soldadu izaten ziren bertan. Ez zen gatazka-gunea.

1512ko konkistarekin, gaztelarrek asmoa aldatu zuten: Amaiur mugako gaztelu bilakatu zen, haientzat Frantzia zenari begira. Guztiz eraberritu zuten Erdi Aroko gaztelua, eta zabaldu; harresi berriak eraiki zituzten, defentsa berriak, eta kanoi handien bateria kokatzeko plataforma ezarri zioten; uharka zaharra ez zen nahikoa eginkizun berrirako, eta beste bat eraiki zuten, 100 metro kubikokoa, 50 bat soldadu hornitzeko. Soldaduak, 7tik 50 izatera igaro ziren. Lehen halako zazpi. Barnealdeko gaztelu zena herri arrotz baten muga bilakatu zen; aldatu egin ziren funtzioak, aldatu espazioaren antolamendua; aldatu egin zen, halaber, gotorlekuaren kontrol- eta autoritate-eginkizuna betetzeko herrialdea bera.

K. Mtz. Garatek dioenez, «Muga, definizioz, lurralde baten periferia, bere erdigunearen defentsa, Estatuaren bihotz ideologikoa eta izateko arrazoia da». Eta Amaiurko botere berria Gaztela zen, erreinu oldarkor, inperial eta espantsionista.

Mugako kontakizunek kapitulu zabala dute euskaldunen memorian. Kontrabandisten gorabeherak, naziek okupatutako Europatik aliatuak eta iheslariak eramaten zituen Comête sarea, gaizkileen muga delakoko erasoak... Bistakoa da euskal herriak ez dituela naturaltasunez onartu bere lurraldea zatikatzen duten marra ugariak.

Nabarralderen Kongresuak gaztelarren konkistaren ondorioei eskaini die bere hirugarren edizioa. Horren atal bat, Leitzan, Nafarroa independentea eta aldez aurretik konkistatutako lurraldeen (Araba eta Gipuzkoa) arteko gaizkileen muga horren ingurukoa izan da, hain zuzen ere. Autore klasiko batzuek, Moretek edo Campionek adibidez, Gaztelak eskualde horretan egiten zuen presio militarra dokumentatu dute. Gotorlekuen aurkako erasoak (Gorriti, Auza edo Ataun), Beotibarko gudua, Berastegiko edo Hernaniko suteak, ganadu-lapurretak, hilketak, bide-lapurrak, zigor-operazioak...

Alabaina, gorabeherez eta arriskuez betetako muga hura sendotu egin zen. 1200eko konkistaren aurretik geografia jarraitua zen, eta populazio, hizkuntza eta bizimodu berberak zituen; Gaztelak bere hiribildu/gotorlekuez eraikitako mugak, ordea, bere arrastoa utzi zuen. Ahaide nagusiak atari-zakurren rola betetzeari ekin zioten. Bortizkeria kontakizun bihurtu zen, eta kontakizuna elezahar. Etsaitasuna ideologia bilakatu zen (Floren Aoizek azaldu zuenez). Eta lurraldeak, Gaztelaren interesen arabera, elkarren aurkako identitateak sortu zituen. Nafar, gipuzkoar, arabar, bizkaitar, nongotasun-sentimendu horiek herrialdea zatikatzen dute, eta zatituta mantentzen.

Hori da gaur gure historia ofizial faltsututik, probintziez hitz egiten digun horretatik, jaso dugun herentzia. «Gipuzkoar ona izaten irakatsi zidan aitak», zioen ospe handiko batek, bere ezjakintasuna agerian utziz. Noiz eratu du identitatea probintzikeriak? Euskaldunak gara, euskal naziokoak. Edota, inork nahiago balu, espainolak edo frantsesak, norbera dena.

Nolanahi ere, Leitzako kongresuan ikusi denez, konkistek ekarritako espazio-banaketa hori da gure gaurko politikaren funtsa: hor oinarritzen da gure Administrazioa, gure lurralde-antolamendua, errepide-sare burugabea, euskal Y (edo H) delakoa, partzela bakoitzeko errauskailuak, superportuak, aireportuak, telekomunikazioak eta zerbitzuak ezartzen dizkiguna.

Horren ondorioa da euskal geografia osoa biltzen duen erakunde bakar bat ere ez edukitzea (Udalbiltza saio bat izan zen, eta oraingoz itxarote-zerrendan dago). Ez dakigu zein izan zen gure Estatua, ez eta nola duen izena ere. Gure iruditeria taifa-erreinuen mito bat du oinarritzat, oso forala eta errepublikazalea izanik ere, puskatan datorrena. Elkar gorrotatzen, burlaka aritzen edo mespretxatzen duten identitateak geure egin ditugu. Are okerrago, gure artean ez dugu ikusten etorkizun libre bat lortzeko beharrezkoa dela nazio bat izatea, hau da, bere burua borondate bakar batean ikusten duen gizataldea.

Ontzat ematen ditugu, Amaiurren gertatu bezala, erdigune izatetik periferia izatera aldatu gintuzten arrazoiak. Gerra haiek eta, denboraren poderioz, kontzientzia, burua, galtzearen ondorioak dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.