Maiatzak 1: borrokatu aurrera egiteko

Iosu Balmaseda, Isabel Castro, Xabier Barber
2012ko apirilaren 28a
00:00
Entzun
Aurten, Maiatzak 1 honetan, saihestezintzat azaltzen diguten egoera latzaren aurrean etsipena gainditzeko deia plazaratzen du ESK-k. Egoera hori ez da halabeharrezkoa. Bakoitzaren beldurrak atzean utziz, antolatuz eta borrokarako indarrak metatuz geldiarazi dezakegu. Krisi honek agerian utzi egin du kapitalismoak ez duela funtzionatzen, pertsona gero eta gehiago zanpatzeaz ez bada. Pertsonengan dago gure indarra.

Martxoaren 29an, Espainiako Erresumako Gobernuaren azken (?) lan erreformaren aurkako greba orokor handi bat egin genuen, hala nola gizartearen sektore ahulenengan eragiten dituzten gizarte murrizketen aurka. Hurrengo egu¬nean, Gobernuak Estatuko Aurrekontu Nagusiak aurkeztu zituen, estutualdi berri bat eta gastu publikoaren 10.000 milioi euroko murrizketa berri bat (7.000 Osasungintzan eta 3.000 Hezkuntzan).

Momentuz muzin egiten digute. Badirudi gure indarrak ez dituela euren proiektu suntsitzaileak eragiten. Hala ere, martxoaren 29ko greba orokorrak jarraitu beharreko ildo bat adierazi digu, antolatzearena eta indar gehiago metatzearena: gizartearen gehiengo zabala. Baita ere mobilizazio irmoago dinamika batean pentsatu behar dugula, martxoaren 29a posible egin zuen aliantza sozio-sindikala sendotuz.

Halaber, lantegietan indarrak metatu behar ditugu. Erreformak geldiarazi behar ditugu eguneroko egitateekin. Gure arazoak (langabezia, lan prekarietatea, iraizteak...) ez dira bakoitzarenak, kolektiboak baizik. Erantzunak ere kolektiboa behar du izan.

Erreforma guztien gainetik, lanpostuak mantentzea, soldatak hobetzea, lan baldintzetan atzera ez egitea gure eskura diren helburuak dira, antolatu eta borrokatzen badugu bederen. Bitarteko guztiak erabiliz: hitzarmenak, gatazken judizializazioa (honetarako hobe da sindikatu batean egotea eta kolektiboki egitea)...

Krisi honek gogorarazten digu egungo sektore askoetan gutxiago aritu behar dugula; funtsean, gainprodukzio krisia izaten darrai. 35 orduko (edo gutxiagoko) lanaldia berraldarrikatu behar dugu, erretiro-adinaren aurreratzea (eta borondatezkoa erraztu enpresen kargura), benetako txanda-kontratuak, denboraldi sabatikoak... egun den enplegua banatu; neurri hauek langabezia-indize iraingarria murrizteko erak lirateke.

Beste gizarte eredurantzako urratsak eman. Honetarako ondasuna banatu behar da (ez dago «txorizo» faltarik, lapur bakan batzuen artean jaten baitute «txorizoa») zerga erreforma sakon baten bidez asko dutenek gehiago ordain dezaten, zerga-iruzurraren aurkako benetako borroka (eta ez zerga-amnistiarik), finantza-transakzioentzako zerga bat, zerga-paradisuen itxiera... Eta herri txirotuen zorra barkatzea, nazioarte banaketarako bitarteko baten legez, inork ez dezan beharrez emigratu beharrik.

Lanak ere banatu egin behar dira; etxeko lanak, gizon eta emakumeen artean, baita ere pertsonen zaintza, eta honetarako gastu publikoa gehitu (osasuna, mendekotasun hainbat egoera, haurreria...). Eta enplegua ere bai, lan egiteko adina eta nahia dituzten guztien artean.

Kapitalaren alternatibak, neoliberalismoak hain zuzen, «bizitze onera» eraman ordez esklabutzara eta ankerkeriara garamatza. Urratsak eman ditzagun gizarte matxinadan, beste lan, kontsumo, harremanak izateko erarantz, bizomodu zoriontsuagorantz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.