Maite duguna sutsuki defendatzeko unea da

Alfonso Cantera
2011ko uztailaren 7a
00:00
Entzun
Munduko txoko guztiek dauzkate beren berezitasun propioak, horretan zalantzarik ez. Baina egia da ere badirela gainerako tokietatik aparteko ezaugarriak dituzten guneak, berezi xamarrak suertatzen zaizkigunak, eta horietako asko gainera etxe alboan ditugu. Duela urte gutxi hasi nintzen Bilboko Errekalde auzoan jarduera profesionala egiten, eta esan beharra daukat ordutik, auzo hau sakonean gehiago ezagutu ahala, gero eta gustu handiagoa hartu izan diodala. Eta zerk egiten du berezi Errekalde? Auzotarrak ditut gustuko. Larraskituko dendaria, Uretamendiko parkeko haurrak, Erdikaldeko tabernariak, eskolako atezaina, prentsa kioskoaren arduraduna… aparteko izaera daukate guztiek, errekaldetar izaeraz harrotasunez beterikoa. Auzo identitateak liluratzen nau bestetik. Bere iraganarekin jabetua dagoen auzoa dugu honakoa, eta horrek indartu egiten du esperientzia kolektiboetan oinarrituriko identitate komuna. Auzokideen eskubideen aldeko borroka anitzen historia da Errekalde auzoko historia. Auzokideen bizi kalitatearen aldeko eta instituzioek auzoarekiko erakusten zuten utzikeriaren kontrako borrokek taxutu dute urteetan leku gutxitan topa daitekeen elkartasun sare komunitarioa, harro egoteko moduko ondarea zalantzarik gabe… Horiek guztiak eta askozaz ere adibide gehiago aipa genitzake Errekaldeko berezitasunak zehazteko orduan. Eta zerrendaketa hau egiterakoan, ezin ahaztu Kukutza gaztetxea.

Bihotz bulkada ugarik mantentzen dute bizkortuta auzoko eguneroko bizia, auzokideetatik beraietatik hasita, baina bada Errekaldeko erdigunean kokaturik auzoko zainetan zehar odol bolumen kopuru handia zabaltzeko gaitasuna duen bihotz indartsu bat. Duela 13 urte, abandonatutako fabrika handi bat okupatuz abiarazi zuten Kukutzako abentura polit hau auzoko zein kanpoko hainbat gaztek. Apurka, kolektibotasunaren eta elkartasunaren balioetan oinarrituta, egun ezagutzen dugun egitasmo eredugarria osatuz joan dira: eraikuntza erraldoia auzolanaren indarraz egokitu, barazki jantoki herrikoia sortu, auzokideei guztiz zabalik dauden liburutegi eta bideoteka, gimnasio eta rokodromoa egokitu… Musika taldeentzako entsaio gunea egin, kontzertuak ospatzeko azpiegitura eskuratu, makina bat sorkuntza artistiko gauzatzeko espazioa egokitu, auzoko era askotako elkarteei azpiegitura eskaini, auzoko haurrentzako eskujoko tailerrak astero antolatu, auzoko jai herrikoien aldeko ekarpena gauzatu eta programazio propioa eskaini, auzokideen topaketa eta indar metaketa eraldatzailea bultzatzeko ariketa praktikoen proposamena luzatu, autogestio ikastaro herrikoi eskaintza zabala herritar guztiei luzatu, okupazioaren aldeko I. kongresua ospatu… Egunetik egunera, Errekalde abegikor eta atseginagoa sortzeko jardunbidean tematuak, egunerokoan utopiak egia bilakatzen dihardute Kukutzako gazte eta ez hain gazteek.

Helburu handi eta zintzo hauek egia bihurtzeko beharrezkoak diren osagairik garrantzitsuenek egiten dute bat auzoko gaztetxean: auzoarekiko maitasuna, kultura herrikoia eta parte hartzea sustatzeko nahiak, autogestioan eta asanblearismoan oinarrituriko jarduna, auzo sarea sendotzeko erabakia eta jendartea eta norbanakoak balio aurrerakoien arabera eraldatzeko gogo bizia. Urteetan buruturiko lan zintzoaren ondorioz, aparteko tokia eskuratu du Kukutzak auzokide gehienen bihotzetan, bere desagerpena auzoko garapenerako jasangaitza bilakatu delarik. Posible litzateke hondarrik gabeko desertua? Eta olaturik gabeko itsasoa?… Inork imajina dezake egunotan Kukutzarik gabeko Errekalde?... Ez horixe!

Baina egunotan bolo-bolo dabil auzoko haur eta nagusien elkarrizketetan Kukutzaren amaiera gertu egotearen aukera madarikatua. Kukutza arrisku bizian dago, bai. CABISA, errekaldetarren beharrizanak gertutik ezagutzen ez dituen enpresa, Kukutzako eraikin handia eraitsi nahian dabil bertan, salerosketa askeko 6 etxebizitza eraikin sortzeko asmoz. Berriz ere, gutxi batzuen interes ekonomikoak auzokideen ongizatearen gainetik indarrez inposatzeko saioa izan dezakegu amesgaizto. Berriro ere, egungo jendartea bere horretan mantentzeko kaltegarria izan daitekeen egitasmo herrikoi bat kolokan, auzoarekiko begirunerik ez duten interes pribatuen onerako. Iritsi zaigu unea. Iritsi da auzoaren interesak defendatzeko unea. Iritsi da auzokideen elkartasun sare eta egitasmo herrikoien bidez auzoetako garapena defendatzeko unea. Azken batean, iritsi da horrenbeste maite dugun hori sutsuki defendatzeko momentua. Norberak bere esparrutik, nahi besteko konpromiso maila baliatuta baina denak helburu bera buruan zein bihotzean: «Kukutza defendatzea!». Datorren ostegunean, ekainaren 30ean, norabide honetan lehenengo urratsak egiteko aukera paregabea daukagu Kukutzako maitaleek. Gaztetxearen defentsan kalejira bat ospatuko da Errekaldetik, auzoko jaiak direla baliatuta, eta arratsaldeko 19:00etan abiatuko da. Borroka gaitezen gaur, hainbeste urtetan eskuratutako ondarea desagerraraz ez dezaten, Errekaldeko historia jabego pribatuaren defendatzaileek eta espekulatzaileek idatz ez dezaten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.