Moroak, etorkinak eta gu

2011ko abenduaren 2a
00:00
Entzun
Ez dago bere burua morotzat duen inor. Beste batzuk hartzen dute halakoa morotzat, zanpatu nahi dutenean. Eta hagatik gara edo izan gaitezke denak moroak. Musulman hala euskaldun, emakumeak nahiz homosexual, beltz nahiz pobre». Ostiraleko BERRIAn Sarrionandiaren iritzi artikuluaren pasarte hau irakurri nuenean poztu nintzen. Duela hamar urte, gauza bera adierazi nahi izan zuen Marcos komandanteordeak «bera ere, homosexuala, beltza, lurraren kolorekoa, judua edo arabea… zela» esanez. Alegia, edozein zelarik zapalkuntza, bera zapalduekin identifikatzen zela.

Poztu nintzen, zeren BERRIAren ale berean, Boga izeneko gehigarriaren «asteko errepasoan», Errenteriako Iztieta auzoaren berri ematen zen (argazkia eta guzti), aditzera emanez «haserre daude Iztietako bizilagunak…bertan lasai bizitzeko eskubidea dutela uste dute bait dute». Izan ere, Iztietan, Euskal Herriko hainbat tokitan bezala, arazoak daude, gehienak gizarte kapitalista honek sortutakoak, eta bizi dugun krisi garai hauetan gordindu direnak. Eta lasai bizitzeko eskubidea defendatu beharra dago, arazoen iturrietara joaz. Baina ez dut uste haserre hori modu egokiz bideratzen denik «moroak» (alegia, magrebtarrak) arazoen iturritzat balioetsiz. Aski izan da zorigaiztoko istilu batean magrebtar bat nahastua egotea, «moroak» erruduntzat hartzeko. Ez da zuzena, eta arriskutsua da.

Une honetan, inoiz baino gehiago, denok gara moroak hemen. Krisiak gogor jotzen du munduko lurralde guztietan, eta horren ondorioz migrazioak areagotzen ari dira, gure gizarteak geroz eta pluralagoak, heterogeneoak bihurtuz. Gu ere, gure seme-alabak ere, ez gaude, agian, horrelako esperientzietatik libro. Adi gainera. Askotan oso mehea da zapaldua izatetik zapaltzailea izatera bereizten digun marra. Gertatzen da ere zapaltzaile eta zapaldua izatea aldi berean; esate baterako emakume burgesak beren neskameekin, langile batzuek beren menpekoekin edo mendebaldeko nazio zapalduetako hiritarrok hirugarren munduarekiko, haren ustiaketagatik garelako «aberats edo ez hain pobre».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.