Nekazaritza, amildegitik aldentzeko

Jose Mari Zeberio eta Jose Antonio Osaba
2012ko urriaren 16a
00:00
Entzun
Uda honetan, azken urteotako elikadura krisi larrienetik lau urte eskas igaro badira ere, nazioarteko erakundeek alarma hotsa zabaldu dute beste behin: 2008ko ataka estu hura errepikatzeko arrisku bizia omen dago. Artoaren prezioak, beste zenbait zerealen antzera, gorakada itzela jasan du, historiako salneurri garestietaraino, eta, horren ondorioz, berriro ere goseak eta gaizki elikatuta daude mila milioi lagun inguru. Oraingo honetan, antza, baldintza klimatologikoek —AEBetako lehorte izugarria eta garaiz kanpoko euriak Brasilen—esnatu dute lozorroan zegoen krisia.

Egoerak ez du okerrera egin udazken hasiera honetan, zorionez; baina elikadura krisi sakon baten mehatxuak hor dirau. Amildegiaren ertzean gaude oraindik. Elikaduraren Munduko Eguna den honetan, oso presente eduki beharreko gogoeta da hori.

Munduko elikaduraren sistema erabat ahula da. Hori ez da gauza berria, eta azken hamarkadetan bizitakoei begiratu besterik ez dago hortaz jabetzeko. Munduan sortzen den elikagai kopurua inoiz baino handiagoa da, eta, hala ere, premia larrian bizi direnen zenbatekoak ez du behera egin. Aitzitik, historiako zifra gorenetara iritsi da. Nazio Batuen Erakundeakjoan den astean argitaratu ditu gosearen inguruko azken zenbaki ofizialak: ia 870 milioi gizon-emakume gaizki elikatuta daude. Elikadura krisi etengabeko baten aurrean gaude, aurreko urteekin alderatuz egoerak hobera egin badu ere.

II. Mundu Gerraren ondoren, laborantzaren garapenerako eredu jakin bat zabaldu zen. Ordura arte, hein handi batean, norbere bizimodua ziurtatzeko nekazaritza zena, kasu askotan, merkaturatze maila altuko industria jarduera bilakatu zen. Errendimendu handiko haziak eta teknologiaren erabilpena iritsi ziren. Mundu guztiarentzako adina elikagai merke eta osasungarri sortzeko gai izango omen ginen, nazioarteko salerosketen zabalpena lagun.

Urteen joan-etorriak aurreikuspen horiek gezurtatu ditu, eta ekoizpen eredu horrek eragin kaltegarriak izan ditu. Oinarrizko produktuen zati handi bat ekoizle gutxiren esku uzteaz gain, inportazioaren esklabo bilakatu dira herrialde asko; baliagai naturalek jasaten duten presioa ere ez da nolanahikoa.

Lurreko biztanleen elikadura, beraz, laborantza industrial horren menpeko bihurtu da. Sargaien erabilpen erabat intentsiboa —ongarri kimikoak, haziak, erregaiak, teknologia, ura eta abar— eta urruneko garraiobideen beharra dependentzia horren ondorio dira. Azken urteotan jazotako elikadura krisien sustraiak lotura estu horretan bilatu behar dira, artikulu honen hasieran aipatzen den gertaerak erakusten duen gisan. Antzeko larrialdi egoerak, gainera, gero eta maizago joko omen dute gizateria, orain arteko joerak aldatzen ez badira.

Aurreikuspenek diotenez, munduko laborantzaren emaitzak %70eko saltoa jo beharko du 2050erako, baldin eta Lurreko biztanleen beharrizanak aseko baditugu. Mende honen ekuatorera iristerako, 9.000 milioi biztanle izango ditu planetak. Ez dirudi egungo laborantza eredua horretan lagungarri izango denik eta, beraz, eraldaketari atea zabaltzeko garaia da. Ez dago proposamen berririk asmatu beharrik. Beren txikitasunetik, egunero-egunero, lurra zaindu eta elikagaiak ekoizten dituzten milioika nekazari familia dago munduan. Horien guztien ahalmenaz konturatzea izan daiteke lehen pausoa.

Elikagaien segurtasuna gauzatzeko bidean, laborari horientzako azpiegiturak sortzea ezinbestekoa da, batez ere garraio eta biltegiratze arloetan; nekazarien antolakuntzan sakondu behar da; tokian tokiko merkatuak berregituratu; emakumeek elikagaien ekoizpenean duten garrantzia aitortu eta sustatu; gazteek sektorean dituzten aukerak bultzatu; ikerkuntza eta berrikuntzan aurrerapausoak eman; lehengaien merkatuko legedia hobetu; eta bio-erregaien produkziorako laguntzak bertan behera utzi.

Gaur, Elikaduraren Munduko Egunean, familia nekazariak babestu eta beren lana bultza dezaten eskatzen diegu mundu osoko arduradun politikoei nahiz nazioarteko erakundeetako ordezkariei. Hitz ederretatik haratago, erabaki sendoak hartzeko garaia da, elikagaien segurtasuna eta landaguneen garapena baitago jokoan.

Familia Laborantzaren alde egindako bidea luzea da, eta ez da adibide arrakastatsurik falta lehentasun politikoen eraldaketan. Nekazari kooperatibena da adibide garbia. Iparraldeko nahiz hegoaldeko herrialdeetan, proiektu eraginkorren sorrera eragin du eredu horrek. Ekoizle txikiek, tamaina apropos bat lortzeaz gain, produzitzeko gaitasuna eta negoziatzeko indarra irabazten dute gisa horretan.

Kooperatiben Nazioarteko Urtean gaude, eta, hain justu, nekazari kooperatibak dira aurtengo Elikaduraren Munduko Eguneko gai nagusia. Kooperatiben eredu arrakastatsuak garbi erakusten du badagoela sektorea bideratzeko bestelako modurik.

Alternatiba horien existentzia plazaratuko duen beste hitzordu bat, bi urte barru, 2014ko Familia Nekazaritzaren Nazioarteko Urtea izango da —joan den abenduan deklaratu zuen NBEk, Munduko Landaguneak 360 nekazari elkarte eta gizarte zibileko talderekin batera egindako kanpainaren ostean—. Bide horretan, gizarte zibilak koordinazio lanetan dihardu, familia nekazarien eguneroko jarduna babestuko duten politikak lortzea helburu.

Badira alternatibak mundu guztiarentzako nutrizio eta elikadura osasungarria ziurtatzeko. Planetarekin errespetuz jokatzen duten aukerak dira, gainera. Bide partekatuak, gosearen amildegitik aldentzeko balio dutenak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.