Nire herrian euskara alargun

2012ko irailaren 7a
00:00
Entzun
Duela urte batzuk, egunkari honetan euskarari buruz argitara emandako beste artikulu batean, hitzez hitz esaten nuen: «Gaur egun bihotzak eskatzen duena neurtuz eta dakiguna zuzen eta jator agertuz, euskarak etorkizun beltza du» eta artikulu bukaera hau: «Administrazioko hainbat erantzukizunek mezu alai eta baikorra zabaldu arren, nik ez nuke esango gaur euskaraz gozatzeko garaiak direnik».

Zoritxarrez, ez naiz bakarra, hemendik urrun dauden lurraldeetan ere, antzeko zerbait ikusten dute gure hizkuntzaren etorkizunean.

Gai honetan baikor izatekotan gehien ezagutzen dudan lurraldera begira jarri beharrean nago; Baztan, Malerreka, Bortziri eta bere inguruetara alegia.

Nire mahai gainean dudan ikerketek diotenez, azken belaunaldietan euskara nabarmen indartzen ari da, eta horrek poztu egiten nau. Hainbat datu eta zenbaki ikusten ditut, eta nahiz inkesta zalea ez izan, badirudi inkestek diotena,Nafarroako Mendialde gehienetan gertatu denaren adibide bat besterik ez dela.

Nire ustez, arrazoi nagusia euskara hezkuntza tresna erabiltzean datza. Horrek ekarri du hizkuntza galera joera geldiarazi eta hiztun berriak bereganatzea. Baina ikerketak eta inkestek ez dute agertzen, nork, non eta nola aldarazi duten azken hogeita hamar urtetan euskararen egoera. Ez baita dena hain txukun eta polita.

Herri txikiek euskara oso ongi kontserbatzen zuten eta normaltasunez erabili era bai, baina gaur egun ez hainbeste. Nire herrian bertan, gehienek euskara ezagutu arren, ez dute erabiltzen. Euskarak kaleko giroa galduz doa eta ostatu, denda eta lantegietan, giroa ia erabat erdalduna da.

Agian ezkorra izatea leporatuko naute baina nire herrian giroa larritzen ari da, eta handik eta hemendik —beharbada sobera azaleratu gabe— baina bada errurik gabeko norbait, merezi ez duen zigor ankerra pairatzen ari dena, eta hori euskara da.

Jakina da, afera gaurkoa ez denez, sarri konbentzitu nahi izan gaituzte bi komunitateen arazoaz, baina azken hirurogei urteei begiratuta, nahiko arrazoi badago pentsatzeko ezaugarri nagusia etorkinen integrazio azkarra izan dela. Aldaketa sakona gertatu zen, eta euskal gizarte berri baten aurrean kokatu gintuzten.Bi multzo erabat ezberdinetan zatitutako gizarte berria; euskaldunak eta etorkin espainolak.

Gizarte berriaren sorrera herriko neska edo mutilak etorkin batekin ezkondu behar zuela agertzean datza. Hirurogeitako aldaketen ondorioz, Euskal Herrian ez dira bi komunitate sortzen, sarritan sinestarazi nahi izan gaituzten bezala, bat bakarra baizik. Neska euskalduna eta mutil etorkinaren arteko ezkontzak horixe adierazten digu; gizarte berri bat sortu zen eta gizarte berri horretan etorkin espainolak oso toki handia bete dute.

Egunerokotasunean, bi hizkuntzaren leian, nabarmengara galtzaile. Jakina, inorkez du borrokarik hasi nahi , baina bakearen alde amore eman behar da , eta ezin bada euskaraz solas egin edo kantatu, bakearen alde, erdaraz egin beharko dugu. Ba ez.

Egoera triste honetan bada beste faktore bat bere jarrera aldatu duena —kalterako— eta hori Eliza da. Garai batean, euskal gizarte tradizionalean, Elizaren lana zen, baina gaur egun, sozial higikundeak —herri mugimenduak— aurre hartu diote. Tamalez horrela da, gure gizarte berrian, Eliza ez da gauza bere paper tradizionala jokatzeko. Atzera gelditzen ari da, ez du hain garrantzitsua den aferan nahasi nahi. Protagonismoa galtzen doa, eta aurrerantzean, Elizarik gabe konpondu beharko.

Nire herrira etortzen bazarete, jo ezazue denda edo ostatu batera. Proba ezazue lagun euskaldun batekin euskaraz egiten beste erdaldun bat aurrean dagoela, ikusiko duzue nola bertako euskaldunak gaztelaniara salto egingo duen, bestearekiko errespetuaz noski.

Egoera zail eta arriskutsu honetan, bada beste faktore bat, euskararekiko onartutako ardurak eta eginkizunak betetzen ez dituena, horrela gaztelaniari espazio soziala zabalduz, eta hori tamalez herriko udala dugu. Arlo honetan asko dago hobetzeko, ez baita herriak merezi duen jarrera.

Lerro hauetatik zuzen zuzenean gaztearengana noa, zuen esku laster egongo baita gure euskararen etorkizuna. Eta ikusiz herriko bestetarako prestakuntzan gertatutakoak —euskararekiko— beldur nago aitzineko belaunaldiak ez ote dituzuen sobera baztertu, zokoratu.

Gogorarazi nahi nuke —gure herrian ere bai— asko gudari zaharrak zirela, baita euskaltzale sutsuak, elebidunak izatera behartuak izanik, nekez erdaraz egiten zutenak. Etxean erdara entzunez gero, amorru biziz haserretzen zirenak. Nola abertzale suharra ez zuen gerrak ahaztu, eta behin eta berriro kontatzen zuten seme-alabei, izandako hainbat gertakizun, gerran zanpatua izandako Euskal Herriaren irudi. Zanpatuak bai, baina garaituak ez, suharra mantentzen jakin izan zuten.

Gaia bera da gogorra eta egia ezta beti gozoa izaten, baina hala ere ez nuke atzendu nahi herriko hainbat euskaltzaleek urtez urte egin duzuen lana. Denen aurrean; zutik, nire txapela bilduta eskuan, gerria eta burua makurtuz, nire aitortza. Bejon dizueladenoi.

Posteskriptum.

Barkatu, atzendu egin zait esatea, herriko sarrera nagusian badagoela kartel handi bat horrela dioena: «Etxalarren euskaraz bizi gara». To!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.