Oroimena eztabaidagai

2011ko urriaren 9a
00:00
Entzun
Joseba Asironek esan zuen orain gutxi Nafarroako Historialarien Biltzarrean (Nabarralde), Oñatiko Unibertsitatean: oroimenik gabeko herri bat haur jaioberri bat bezalakoa da. Babesgabea. Behartsua. Ez da gauza etorkizuneko erronka eta erantzukizunei aurre egiteko.

Horrelako gogoetek agerian uzten dute historiak eta memoria historikoak zer-nolako garrantzia daukaten herrien gizartetasunean globalizazioa eta eredu postindustriala zabaldu diren garai hauetan. Gauza bat, behintzat, argi geratu zen Oñatiko Biltzarrean: euskal gizarteak historia luze, bizi eta liluragarri bat dauka. Eta, era berean, nozitzen duen mendekotasun egoeran, nabarmena da borondatea dagoela gizarte hori ezabatzeko, manipulatzeko eta batere babesik gabe uzteko, gogoa hutsik duela zezelka egiten duen jaioberriaren tankeran.

Oñatiko hitzaldi, eztabaida eta gogoeta multzoen artean, hiru argudio ildo atera daitezke, grosso modo. Lehenik eta behin, nabarmendu zen euskal historiaren ibilbide bat, ikuspegi zeharkako, diakroniko bat, zeinak nortasun handiko eta batasun iraunkorreko giza talde bat ordezkatzen duen, haustura eta zatitze guztiak gorabehera. Herri baskoia, Euskal Herria, historiaren subjektu izan da mende askoan. Eta arlo askotan nabari da. Nafarroako estatu historikotik, zeinak herri hau bizi izan den lurrak osatu zituen, euskal hizkuntzaraino eta Pirinioetako zuzenbidearen herri ondareraino, zeina presente dagoen geografia osoan, foru, herri lur eta beste ohitura eta aztarna batzuen bidez. Xehetasun esanguratsu bat da Arabako lurraldearen historia, non aspalditik agerikoak diren indarkeriazko borrokak eta gatazkak, hegoaldera eta mendebaldera zuzenduta, hortik etortzen baitziren erasoak eta etsaiak. Ondorioz, horrek esan nahi du iparraldera eta ekialdera beste harreman mota batzuk ezartzen zituztela, eta lurraldetasun, defentsa eta antolakuntza politikoaren aldetik loturak zituztela, maila edozein zelarik ere. Espazio irudimenaren ariketa soil bat eginez gero, kidetasun mapa bat osatuko dugu, garai eta mendeen gainetik dagoena.

Oñatiko Biltzarreko bigarren ildoa 1512ko konkista izan zen, eta mendebaldeko lurralde horiek —1200. urtean konkistatuak— zer garrantzia izan zuten inbasio horretan. Ustekabea —eta nobedadea ikuspuntu historiografikotik— hauxe izan zen: ekinaldi horretan baskongadoek izaniko suhartasunik eza; eliteen garrantzia —horiexek zuten interesik handiena negozioan—; herriaren gaineko isunak, jazarpenak, presioak, otzan joka zezan; baita asaldura eta kontra egiteko ahalegina ere. Herri eta jaunak gerrara joan ziren, gutxi edo asko behartuta; herritarrek ordaindu zuten mobilizazioaren kostua. 1512ko gerra herrialde osoak sufritu zuen; alde batera eta bestera; irabaziak eta kolonia okupatua lortu zituen inperioa izan zen onuradun bakarra.

Oñatiko hitzaldietan azaleratu zen hirugarren argumentuak distira egin du mendeetan gure begirada galduaren aurrean, baina ez dugu jakin bere hartan ezagutarazten. Izan ere, herrialdearen okupazio progresiboaren ondoren, pixkanaka-pixkanaka, lurraldez lurralde (Errioxa, Bizkaia, Gipuzkoa, Araba, Sonsierra, Nafarroa Garaia…), Gaztela bere gaiztakerien arrastoa ezabatzen aritu da, gertatutakoaren oroimena lausotzen. Iraganaren bestelako kontzientzia bat asmatzen.

Dokumentuak erre ditu, gaur egun ez daudenak. Atzerriko artxiboak aztertu beharra dauzkagu berreskuratzeko toponimiak, gazteluen kokalekuak eta ondarearen beste elementu batzuek erakusten dituzten datuak. Idoia Arrieta doktoreak dokumentu esplizitu bati buruz hitz egin zuen bere hitzaldian: dokumentu horretan, Donostiaren bortxazko okupazioari buruzko datuak ageri dira, Gaztelako Alfontso VIII.a erregearen aipamen bat («Que dios perdone», sic), eta, bazter batean, jakinarazpen ohar bat: «Kontuz. Konkistaz hitz egiten du». Ez dadila argitara atera; ez dezala inork honen berri izan; itzalean iraun dezala menderen mendetan.

Floren Aoiz eta Juan Antonio Urbeltz hizlariek azaldu zuten nola mitoak, alardeak, nahierara asmatutako edo handietsitako kondairak erabili izan diren sinboloak eta ideologia sortzeko. Azken batean, kontzientzia sorrarazteko: zatiketa baten, muga militar baten, gerrako zauri baten kontzientzia; herritarrek —homogeneoak, etengabeak— ez zuten kontzientzia. Eta horrela ospatu dizkigute Beotibar, San Martzial eta gisako guduak, nafar etsaiaren ideia asmatzeko, gipuzkoarraren arriskua, aurrez aurre jarritako nortasuna eta elkarrekiko etsaitasuna.

Nafarroa, euskaldunen estatua, zatikatu, txikitu egin zuen Gaztelak, mendez mende. Egoera honetan dauden beste herri batzuek (Flandria, Eskozia…) euren osotasun historikoaren kontzientzia gorde dute. Guk, aldiz, ez. Puskaka zatitu gaituzte, eta uste dugu Nafarroa puzzleko azken —edo azken-aurren— atala besterik ez dela. Oroimen kontua da. Hau ere guduaren parte da. Ez dezagun gatazka hau gal utzikeriagatik, ergelkeriagatik edo ezjakintasunagatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.