Oztopoak emakumeentzat ugalketa eskubideetan

Joana Lopez de Guereñu Ruiz
2012ko maiatzaren 27a
00:00
Entzun
Giza Eskubideen Deklarazio Unibertsalak sexu eta ugalketa eskubideak finkatu ditu eta horien barruan berdintasunerako, gorputzaren osotasunerako, sexu autonomiarako, aske aukeratzeko, hezkuntzarako, informaziorako, pribatutasunerako, parte hartzeko eta iritzi askatasunerako eskubideak sartzen dira.

Berdintasuna, beraz, aldez aurretiko baldintza bat da, «pertsona orok sexu eta ugalketa eskubide guztiak izan eta goza ditzaten eta, horrela bada, gaitasunak garatu, norberaren ongizatea sustatu eta bizitzan dituzten nahien arabera egitura ditzaten». Horrelaxe finkatu du Estatuko Familia Plangintzaren Federazioak (FPFE) «sexu eskubideen eta ugalketa eskubideen gutunean».

Sexu-genero sistemaren arabera, emakumeak gizonekiko mendekotasun egoeratik abiatzen dira; hori dela-eta, gizonek baino oztopo gehiago dituzte beren bizitzari buruzko erabakiak hartzeko orduan edo erabaki horiek dituzten beharren arabera betetzeko orduan.

Sexu batek bestea menderatzeko logika, genero rol eta estereotipoetan oinarritzen da eta funtsean emakumeengan ondoko moduan funtzionatzen du. Ohiko genero-ereduak «ama-emazte» rolean sailkatu ditu eta etxeko eta familia zaintzeko lanetan ia-ia bakarrik aritzeko exijitzen die. Ugalketa lanetan aritzeak (gizartean gutxietsia eta ez ordaindua), eremu pribatuan egotera behartuko ditu eta eremu publikoan izan dezaketen agerpena mugatuko du; horrek gizarte harremanak eta laguntzak edukitzea oztopatuko du.

XX. mendean ohiko genero-eredua irauli zen, emakumeak hezkuntzan, lan-merkatuan eta bizitza publikoan sartu zirelako. Baina egun genero-rolek indarrean jarraitzen dute, zorroztasun txikiagorekin bada ere.

Gizonak oraindik oso urrun daude etxeko eta zaintzako lanak berdintasunez beren gain hartzetik; hori dela-eta, ekoizpen lan bat egiten duten emakumeek (gizartean onartua eta ordaindua) «lanaldi bikoitza» egin beharko dute eta, beraz, euren buruarentzako eta aisialdirako denbora murriztuko dute eta horrek osasuna gaizkituko du. Gainera, ekoizpen eta ugalketa lanak bateratu ahal izateko, emakume askok bajak eta jardunaldi murrizketak hartzen dituzte eta horrek eragina du eremu profesional zein ekonomikoan.

Halaber, adineko emakume askok jarraitzen dute bizitza osoan egin dituzten hazkuntza eta zaintza lanak egiten.Seme-alabak hazi ondoren, bilobak zainduko dituzte. Zenbait kasutan, gainera, senar gaixoa edo mendeko adineko senide bat zaindu beharko dute, ahaidetasuna edozein izanda: ama edo aita, ahizpak edo nebak, amaginarreba edo aitaginarreba, etab.Askotan horrek estres eta presio handia sortzen du eta adineko emakumeak gaixotasun larriko egoeretara eraman ditzake, hala nola «amona esklaboaren sindromea».

Emakume gazteek ere ohiko genero-ereduaren ondorioak jasango dituzte. Sara Velasco mediku eta psikoanalistak ondokoa dio: «Agian, ez dute mendetasun sozioekonomikorik edo ez daude mendetasun sozialeko egoeran; baina, aldiz, etxeko eremuan ohiko eredu afektiboak errepikatzen dira, eta horrek genero ahultasuneko jarrerak sortzen ditu».

FPFEk gogorarazi duenez, «behar bezalako sexu eta ugalketa bizitza izateko, egitura sozial, ekonomiko, kultural eta sinbolikoetan izan daitekeen edozein desberdintze eta diskriminazio formatik aske egon behar gara». Beharrezkoa dugu, besteak beste, ohiko genero-eredua dinamitatu eta eredu berdintzaile bat lortzeko bideari ekitea.

Genero diskriminazioaz gain, pertsonen bizitzan beste faktore batzuek ere diskriminazioa sortzen dute, hala nola sexu orientazioak, sexu eta ugalketa praktikek, jatorriak, adinak, gizarte klaseak eta aniztasun funtzionalak.FPFEk dio intersekzionalitate horretaz arduratu behar garela, «ezen benetako berdintasunak muga guztiak (egiturazkoak zein subjektiboak) kentzea eskatzen baitu pertsonek euren eskubide eta askatasunez goza dezaten baldintza berdinetan».
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.