Hastera doan urteak oso data interesgarria dakar, Nafarroaren konkistaren 500. urteurrena, eta patxadaz hartu behar da horren irakurketa. Duela urte batzuk, 1992an, Kolonen bidaiaren V. mendeurrena zela-eta, antzeko polemika eta hausnarketa izan zen, Ameriketako herri askoren kontzientzia piztea ekarri zuena. Ona izango litzateke Europako txoko honetan ere, indarrak hartzeko, gauza bera egitea, gure hobe beharrez.
Batzuek sorbaldak altxatu eta muzin egingo diote gaiari. Ez du ezertarako balio memoria historikoak, gehienez ere oroimen pertsonala da dagoena, norberarena, kolektibitatean inolako eraginik ez duena. Hori ez da horrela ordea; izan ere, memoria definizioz da kolektiboa. Hau da, memoria indibiduala komunitateak ematen dizkion erreferentzia-marko baten baitan eratzen da eta hor eragiten du, eta etengabe eraikitzen eta berreraikitzen da eguneroko elkarreraginean.
Memoria hizkuntza bezalakoa da, euskarri duen kolektibitatearena, praktikarekin gauzatzen dena. Eta badago jarraikortasunik memoriaren, gizartearen eta lurraldearen artean, hor parte hartzen duen komunitatean zertzen baita.
Paisaia populazioaren eta bere ingurune fisikoaren arteko elkarreraginaren (lana, kultura, komunikazio-bideak...) emaitza den bezalaxe (ezin baita ulertu elkarreragin historiko hori gabe), memoria kolektibitatearen ezinbesteko osagaia da, lurraldean integratzen baita, hura gizatiartuz. Izan ere, memoria bertan gauzatzen da, oroimen-lekuetan.
Abstrakzio teorikoetan ez korapilatzeko, esango dugu gizarte-kohesioak kolektibitate orotan memoria partekatu bat eskatzen duela, jende guztiaren ikuspegi komun bat herriari, bere jatorriari, gatazkei eta identitateari dagokienez. Komunitatearen irakurketa bat, elkarbizitza definituko duena, hainbat oroimen (pertsonalak, partzialak, kanpoko ekarpenak edo migrazioak...) integratzen dituena eta erreferentzia unitario bat emango diena.
Memoria identitatea bezalakoa ere bada; komunitate guztiek badakite zeri heldu identitateari, sozializazio-bide duten kulturari, kokatzen diren denborari eta espazioari eta mota guztietako erreferentziei dagokienez; eta errealitate kolektibo hori gizarte-kohesioaren ezinbesteko elementua da. Jakina, identitate-gatazka dagoenean, auzitan dagoen identitateetako bat baliogabetzat, ezdeustzat eta azalekotzat agertzen da (edo hala definitzen du kontrako identitateak).
Hori guztia, azken batean, garbi dago; gu gara despistaturik gabiltzanak, gure kultura eta identitateari autoritatea eta labela aitortzen dizkion estaturik gabe. Hori horrela, garbi ez dagoena da zein izango den gure lurraldearen memoria, guintegratzen gaituen eta kidetasuna ematen digun kolektibitatearena. Kontua da eztabaida hau politikaren bidetik konpontzen dela.
Duela urte batzuk (1992) Ameriketan gertatzen zen bezalaxe, hango bidegabekeria, kolonizazioa eta genozidioa ospatzea planteatzen zenean, memoriaren inguruan eztabaidatzen duguna hegemonia-kontua da.
Izan ere, historiaren gure bertsioak (gure memoria historikoak) ez duela balio diotenek, ideologikoa omen delako, eta Nafarroako konkista militarraren gure irakurketa faltsua dela eta hainbat konkista-gerren ondorioz euskal lurraldea zatikatua izan zelakoa interpretazio interesatu eta nazionalista dela diotenek, balio duen bertsioa haiena dela esaten digute. Eskaintzen diguten Espainiako historia dela objektiboa. Zientifikoa.
Baina bertsio ofizial hori boterearena da, gure lurraldea konkistatu eta beren indarra eta legeak inposatu zizkigutenena; historia beren neurrira idatzi dutenena, beren bortizkeria justifikatzeko eta gizartea garai batean eduki zuten eta oraindik eduki nahi duten inperioaren ikuspegitik eraikitzen dutenena.
Eztabaida hori politikoa da. Boterearen argudioa, menpekotasuna legitimatu eta zuritzeko. 2012. urtean, Albako dukearen konkistaren mendeurrenean, nor garen, zer egin ziguten, zer galdu genuen eta zer-nolako etorkizuna nahi dugun garbi eduki behar dugu. Doazela pikutara haien ospakizunak!
Pikutara V. mendeurrena!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu